Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 35 urte bete ditu berrikuntzaren eta talentu erakarpenaren erreferente gisa

Albisteak, Bizkaia

Aitzindaria izan zen Estatu osoan azpiegitura-eredu horretan, eta, gaur egun, 11.000 pertsonak lan egiten duten 271 enpresa hartzen ditu. Fakturazio bateratua 3.500 milioi eurokoa da, hau da, Bizkaiko BPGaren %7a eta Foru Ogasunaren zerga-bilketaren %6,8a, eta urtero 326 milioi inbertitzen dira I+Gn

 

Bertan dauden konpainien arteko batzuk liderrak dira sektore estrategikoetan, aeronautikan, automobilgintzan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, informazioaren teknologietan, medikuntzan eta biozientzietan, besteak beste. Klusterren eta enpresa-elkarteen, unibertsitateen, ikerketa eta fabrikazio aurreratuko zentroen, korporazioen eta zentro teknologikoen presentzia ere esanguratsua da

 

Parkearen 35 urteak ospatzeko ekitaldiak urtebetez luzatuko dira, 2021eko irailera arte. Ekitaldi horiek APTEren XIX. Nazioarteko Konferentziarekin amaituko dira, eta liburu bat argitaratu eta erakusketa ibiltari bat egingo da, besteak beste

1985ean, industria tradizionalak bizi zuen krisi sakonaren eta birmoldaketa-prozesuaren testuinguruan, euskal erakunde publikoek enpresa-eredua goitik behera aldatzearen aldeko apustua egin zuten: Zamudioko landa-ingurunean, teknologia aurreratuko enpresak instalatzeko gunea sustatzea. Horrela sortu zen Bizkaiko Parke Teknologikoa, bere generoan aitzindari izan zena eta orain 35 urte betetzen dituena.

1985eko irailaren 30ean sortu zen modu formalean Sociedad Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia, S.A., zuzenbide pribatuko enpresa publikoa, Eusko Jaurlaritzaren garapen-agentziak (SPRI), akziodun nagusi gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zamudioko Udalak osatua. Helburua: industria-ekimena sustatzea eta bultzatzea, teknologia aurreratuko enpresak instalatzeko gunea eraikiz.

Inauguratu zenetik, Parkea erreferente bihurtu da, eta ez bakarrik aitzindaria izateagatik –genero horretako lehena izan zen Estatu osoan–, baita talentua erakartzeko izan duen gaitasunarengatik ere. Hiru hamarkada eta erditan, lehen mailako berrikuntza eta garapen teknologikoaren gune bihurtu da, berri samarrak izan arren jada funtsezkoak diren sektoreak barne, 4.0 industriarekin erlazionatutakoak, besteak beste.

Parkearen sorrerak, ordura arte ezezaguna zen berrikuntza ekarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu ausarta eta irmoa izan zen. Apustu horrek baliabide ugari behar izan zituen, eta beste erakunde publiko batzuen laguntza jaso zuen, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta azpiegitura berria hartu zuen herriko Udalarena berarena, besteak beste.

Garapen etapak

Lehenengo etapan, Parke Teknologikoak higiezinen eta azpiegitura teknologikoen garapena sustatzera bideratu zituen bere baliabide gehienak, enpresen kokalekurako eta I+G lanetarako ingurune lehiakorra sortzeko. 1988an jarri zen lehen harria, eta hiru eraikinak hurrengo bi urteetan hasi ziren lanean. 1993tik aurrera promozio berriak areagotu egin ziren. Urte horretan Derioko lursailetara zabaltzea proiektatu zen, eta, ondorioz, izena aldatzea erabaki zen: Bizkaiko Parke Teknologikoa.

Parkearen helburuak eta estrategiak teknologia aurreratuen enpresen ezarpena sustatzera eta unibertsitateen, zentro teknologikoen eta enpresen arteko teknologia eta ezagutzaren transferentzia bultzatzera bideratu ziren, batez ere. Urbanizatzeko eta Parkean errotzeko interesa erakusten zuten konpainia berrietarako eraikinak eraikitzeko lanekin batera, startupak inkubatzeko edo alokatzeko azpiegitura propioak egin ziren, eta, aldi berean balio erantsiko zerbitzuak indartu ziren. 1997tik aurrera, I+G kooperatiboko zentroetan biozientziei buruzko ikerketa sustatu zen bereziki, eremu horretan industriaren dibertsifikazioa bultzatuz.

Bere instalazioak Leioara ere zabaltzen dira, 2016an inauguratutako EHUren Parke Zientifikoaren sorrerarekin. Etapa horretan, gaur egun duen Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea izena hartu zuen, eta garai horretan sortu ziren Ikerketa-plataformak eta bikaintasun-zentroak (BERC izenekoak).

Eta, laster, Abanto-Zierbenara hedatuko da. Duela bi urte Ezkerraldeko-Meatzaldeko Parke Teknologikoaren obrak hasi ziren bertan, eta, kasu honetan, erakundeek apustu berria egin dute Ezkerraldeko eta Meatzaldeko eskualdeak dinamizatzeko, Energy Intelligent Center (EIC) izenekoan energia-trantsizioarekin erlazionatutako jarduerekin eta 4.0 industriarekin, Industriaren Laugarren Iraultzarekin, hain zuzen ere.

Urteurreneko urtea: ospakizuneko jarduerak

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 35. urteurrenaren ospakizunak COVID-19ak sortutako egungo egoeraren eraginak jasango ditu; izan ere, jarduerak berriro planteatu eta araudi berrira egokitu behar izan dira. 2020ko irailaren 30etik 2021eko irailaren 30era arte zenbait ekintza antolatzea aurreikusi da. Ekintza horiek 35. urteurreneko ekitaldiarekin amaituko dira. Ekitaldi hori bat etorriko da Zamudion egingo den APTEren (Espainiako Parke Teknologikoen Elkartea) Nazioarteko Konferentziarekin.

Ekintza horien guztien helburu nagusia parkearen xedeari, ikuspegiari eta balioei balioa ematea izango da. Logotipo oroigarri bat egin da parkeak berrikuntzan erreferente gisa duen konpromisoa eta dedikazioa ezagutarazteko, hainbat kanal bitarteko komunikazio estrategiaren barruan: webgunea, sare sozialak, enpresa-buletinak eta Euskotek aldizkaria.

Halaber, EHUrekin batera proiektu bat lantzen ari gara, Parkearen 35 urte hauen historiari buruzko liburu bat egiteko. 2021. urtearen hasieran argitaratuko da.Eta, Parkeak hartzen dituen herrietan ibiliko den erakusketa ibiltari bat ere prestatzen ari da, Zamudion, Derion, Leioan eta Abanton. Bilbora ere helduko da.

Parkea zifratan

Gaur egun, Sociedad Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia, S.A. sozietatea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen Sailari atxikitako enpresa publikoa da, eta hauek dira partaideak: Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea-Spri (%67,26); Bizkaiko Foru Aldundia (%18,02); Azpiegiturak foru-enpresa (%11,82); Euskal Herriko Unibertsitatea (%2,62); eta Zamudioko Udala (%0,28).

Parkeak 271 enpresa hartzen ditu gaur egun. 2019an, guztira, 3.509 milioi euroko fakturazio bateratua izan zuten eta 326 milioi inbertitu zituzten I+G jardueretan. Zenbateko hori Bizkaiko BPGren %7 da, eta Foru Ogasunaren diru-bilketari zenbateko osoaren %6,8 ematen dio. Konpainia horiek 11.056 pertsonari ematen diete lana; horietatik %6 doktoreak dira, %54k unibertsitateko titulua dute, eta %20 30 urtetik beherakoak dira.

Bertan finkatutako enpresak liderrak dira Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, aeronautikan, automozioan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, medikuntzan eta biozientzietan edo informazioaren teknologietan, besteak beste. Halaber, hauek ere presentzia garrantzitsua dute parkean: enpresa klusterrak eta elkarteak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak (BERC), berrikuntza eta inkubazioa bultzatzeko eragileak, talentuari laguntzeko zentroak, fabrikazio aurreratuko zentroak, korporazioak eta zentro teknologikoak.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea Bizkaiko Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen parte da. Talentu eta ezagutza ekosistema horrek, berrikuntza eta nazioartekotzea euskal industriaren politikan protagonista izateko apustua biltzen du. Dagoeneko enpresen egiturarako I+G transferentziaren eragile egituratzaile gisa finkatuta dagoen sareak, 572 enpresa hartzen ditu bere baitan, hiru parketan (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) banatuta. Autonomia erkidegoan dauden enpresa guztien %0,9 dira, eta Euskadiko I+Gren %38 sortzen dute. Konpainiekin batera, hiru euskal unibertsitateak, oinarrizko ikerketarako eta bikaintasunerako zentroak (Basque Excellence Reserarch Centres-BERC), inkubagailuak, zentro teknologikoak, klusterrak eta elkarte profesionalak ari dira lanean.

Partekatu

Beste berri batzuk