Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean integratu da Politeknika Ikastegia Txorierri

Bizkaia

  • Bi erakundeek sinatu duten hitzarmenaren bidez, ikastetxea Parkera atxikitako campus bihurtu da.
  • Era berean, Parkearen eta ikastetxearen arteko lankidetza eta koordinaziorako esparrua ezartzen du hitzarmenak.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Politeknika Ikastegia Txorierrik sinatu duten esparru-hitzarmenaren bidez, ikastetxea integratu egin da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Hala, Parkera atxikitako campus bilakatzearekin batera, lankidetza eta koordinaziorako gunea ezarri da enpresetara bideratutako eta berrikuntza teknologiko zein didaktikoaren garapena helburu duten lanbide-heziketa arloetan.

Hitzarmenaren kariaz, Politeknika Ikastegia Txorierrik prestakuntza-eskaintza profesionala gauzatzeko betebeharra hartu du bere gain. Enpresetara bideratuta egongo da bereziki eta berrikuntza teknologiko eta didaktikoko jarduerak jasoko ditu, horien artean: lan-poltsak, praktikak enpresetan, enplegurako prestakuntza eta bestelako zerbitzu interesgarriak, hala nola, ingurumenaren kudeaketa, arriskuen prebentzioa, kalitatea, etab.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, bere aldetik, ikastetxearen eskura jarriko ditu Parkearen zerbitzu eta hornidura komunak, bai eta informaziorako sarbidea eta aholkularitza ere. Politeknika Ikastegia eta Parkea lankidetzan arituko dira tokiko nahiz inguruko ikerketa- eta enpresa-komunitateak aurkeztu eta barneratzeko.

Bizkaiko ZTPko zuzendari nagusi José Miguel Corresek eta Politeknika Ikastegia Txorierriko Jon Barronek sinatutako esparru hitzarmenaren bidez sendotzen da bi erakundeek jada zuten harremana, adibidez Employ proiektu europarraren garapenari dagokionez. Aipatu proiektua berrikuntza eskualdatzeari buruzko Leonardo Da Vinci programaren barruan dago, zeina EBko Hezkuntza eta Kultura zuzendaritza nagusiaren etengabeko ikaskuntza programan kokatzen baita. Politeknika Ikastegia da programa hori sustatzen duen lanbide-heziketako ikastetxeetako bat eta Parkearekin elkarlanean aritu da proiektuaren beharrak aztertzeko eta proiektua bera baloratzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk