Borodin Ensemble izango da protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Albisteak, Gipuzkoa

Larunbat honetan, maiatzak 3, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen 24/25 Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Borodin Ensemble taldeak ‘Erromantizismo errusiarra’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldeko zortzi musikarietako zazpi Euskadiko Orkestraren kideak dira: Raquel Cortinas (biolina), Irene Echeveste (biolina), Justyna Janiak-Krymer (biola), Pawel Krymer (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Hélène Billard-Alirol (flauta) eta Pascal Laffont (oboea). Javier Escrihuela biolontxelojoleak osatuko du taldea

Ensembleak Alexander Borodin konpositore errusiarrari omenaldia egingo dio, ganbera-musikako bere errepertorioari osorik eskainitako programarekin. Hiru piezaz osatutako hautaketa zaindu baten bidez, taldeak Borodinen unibertso musikala ezagutzeko aukera eskaintzen digu. ‘Bosteko Taldea’-ren (Balakirev, Cui, Musorgski, Rimski-Korsakov eta Borodin bera) kide ospetsu honen sorkuntza-lanetan barneratzeko gonbidapena da hau.

Kontzertua ezohiko kuarteto batekin hasiko da: Flauta, oboe, biola eta biolontxelorako kuartetoa. Gaztaroan idatzia (1852 eta 1856 artean), Haydnen sonata batek inspiratu zuen. Lau mugimenduko egitura klasikoa du, eta energia, lirismoa eta bizitasuna txandakatzen dira, Borodinen talentu melodikoaren lehen aztarnak erakutsiz.

Ondoren, Harirako sextetoa entzungo dugu, nahiz eta bi mugimendu bakarrik iritsi zaizkigun gaurdaino. Heidelbergen egonaldi batean idatzia, Europako erdialdeko ganbera-musikaren eragina islatzen du, eta Borodinen heldutasun musikala erakusten du, testura aberats eta lirismoz betea.

Programa ixteko, Harirako 2. kuartetoa entzungo dugu, konpositorearen lan ospetsuenetako bat, 1881ean idatzia eta emazteari eskainia. Adierazkortasun beroagatik eta melodia ederrengatik nabarmentzen da, eta zenbait pasartek are eszenatokietara ere jauzi egin dute.

Borodinen ganbera-musikaren ondarean zeharreko bidaia intimo eta liluragarria izango da kontzertua bere osotasunean.

Sarrerak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk