BRTAko lau ikertzaile, mundu mailan aipamen gehien izan dituztenen artean
Clarivate Analyticsek egin duen zerrendak espezializazio berbereko kidekoen aldetik eta beren zientzia-artikuluen ondorioz aipamen gehien jaso dituzten ikertzaile nagusienak (% 1) aitortzen ditu
Aurten, AZTIko Ángel Borja, CIC biomaGUNEko Luis Liz-Marzán eta Wolfgang Parak eta CIC energiGUNEko Michel Armand zientzialari ospetsu horien artean ageri dira
BRTAk I+Garen eta bikaintasuneko zientzia-ezagutzaren sorkuntzaren arloetan duen ospe handia sendotzera dator lorpen hau
AZTI, teknologia-zentroko Ángel Borja, CIC biomaGUNE erakundeko Luis Liz-Marzán eta Wolfgang Parak eta CIC energiGUNEko Michel Armand Highly Cited Researchers (HCR) zerrenda entzutetsuan ageri dira aurten. Zerrenda horrek, beren kidekoen aldetik aipamen gehien jaso dituzten ikertzaileak jasotzen ditu urtero. Zerrenda zientzia- eta akademia-ikerketari loturiko datuak jasotzea eta aztertzea xede duen Clarivate Analytics enpresa britainiarrak egiten du. Aipatu lau adituek Basque Research and Technology Alliance (BRTA) zientzia eta teknologia aliantzaren kide diren hiru erakundetan lan egiten dute.
Lau aditu horiekin batera, Euskadiko akademia-erakunde eta teknologia-zentro ezberdinetako beste lau ikertzaile ageri dira: Javier Aizpurua (UPV/EHU), Francisco Javier García-Vidal eta Francisco Guinea (Donostia International Physics Center –DIPC-) eta Unai Pascual (BC3). Ondorioz, zerrenda entzutetsu horrek euskal zientzia eta teknologia ekosistemako zortzi ikertzaile jasotzen ditu, guztira.
Biologia Zientzietan doktore UPV/EHUtik, Ángel Borja (1984) Hulleko Unibertsitateko Honoris Causa doktore da (2015) eta Ingurumen Hezkuntzako Europako SETAC saria jaso du (2017).
Eusko Jaurlaritzak (2018) eta Cochingo (India) Bentos Marino Nazioarteko Biltzarrak (20129) bere zientzia-ibilbidea saritu dute. AZTIko ikertzaile nagusi da 1985etik. Ordura arte, Ozeanografia Saileko buru eta Itsas Ingurumeneko Ataleko buru izan zen, AZTIn ere. 400 artikulu, kapitulu eta liburu baino gehiago argitaratu ditu. Ingurumen-ekologiaren arloan aipamen gehien dituzten egileetako bat da, 66ko H indizearekin (SCOPUS). Nazio zein Europa mailako 100 proiektu baino gehiagotan parte hartu du.
Uraren Esparru Zuzentaraurako eta Itsas Estrategiako Esparru Zuzentarauko metodoen exekuzioan lan egiten du Borjak, arreta berezia eskainiz ebaluazio-metodo, adierazle, kontrol-sistema, ebaluazio integratzaile, itsasoaren espazio-plangintza eta ondasun eta zerbitzuak baloratzeko estrategien garapenean. Ondoko nazioarteko zazpi aldizkarietako kontseilu editorialetako kide da: Frontiers in Marine Science, Journal of Sea Research, Continental Shelf Research, Marine Pollution Bulletin, Ecological Indicators, Current Opinion in Environmental Science & Health eta Heliyon.
Luis Liz-Marzán, bere aldetik, CIC biomaGUNEko zientzia-zuzendari eta Ikerbasqueko ikertzaile-irakaslea da. Nanopartikulen eta nanoplasmonika (nano-eskalan optika-fenomenoak ikertzen dituen arloan) arloetan egin dituen ikerketak ospetsuak dira nazioartean.
Liz-Marzánek 500 idazkitik gora argitaratu ditu nazioarteko aldizkari ospetsuetan. Horien eskutik, 50.000 aipamen baino gehiago lortu ditu, 117ko H indizearekin (WOS datuak). Bere argitalpenek duten eragin handia dela eta, azken 7 urteotan (2014-2020) Highly Cited Researcher izendatua izan da. Horrez gain, Europako Ikerketa Kontseiluak ERC Advanced Grant diru-laguntza ospetsua bi aldiz jarraian eman dio (2012-2017 eta 2018-2023). Liz-Marzánek zientziaren arloan ospe handia duten sari ezberdin jaso ditu: besteren artean, Oinarrizko Ikerketako Rei Jaume I saria (2015) eta Kimika-zientzia eta -teknologien arloko “Enrique Moles” Ikerketa Sari Nazionala (2018) dira nabarmentzekoak.
Wolfgang Parak CIC biomaGUNEko Nanopartikulen Bioingeniaritzako arloko buru da 2013. urtetik. Fisikan doktore Municheko Ludwig Maximilian Unibertsitatetik, katedraduna da ere Hanburgoko Unibertsitatean. Parakek ekarpen handiak egin ditu nanomaterialetako biologia-aplikazioei dagokienez eta aditu ospetsua da nanomaterialak izaki bizidunen barruan erabiltzeari dagokionez, bai eta nanomaterialeen medikuntza-aplikazio berrien garapenari dagokionez ere. 370 artikulu baino gehiago argitaratu ditu kimikako eta diziplina anitzeko aldizkari ezberdinetan. Horien eskutik, 26.000 aipamen baino gehiago lortu ditu, 83ko H indizearekin. Bere argitalpenen eragin handia dela eta Highly Cited Researcher izendatu dute, Materialeen arloan, azken zazpi urteotan (2014-2020).
Azkenik, CIC energiGUNEko zientzialari Michel Armand egungo litio-baterien garapena ahalbidetu duten teknologia nagusietako zenbaiten “aita” da askorentzat. Frantzian jaioa 1946. urtean, 1980ko hamarkadako amaieran berriz kargatzeko litio-bateriekin ikertzen hasi zen Armand -polimero solidoko elektrolitorekin konbinatuz-. Lan horri esker, eta besteren artean, ibilgailu elektrikoen biltegiratze-ahalmenari loturiko teknologia nagusienak garatu ahal izan dira.
Armandek zientziaren arloko sari ospetsuak jaso ditu: Galileo saria (2010), Aymé Poirson saria (2012) edo Catalán-Sabatier saria (2016). Deakin eta Uppsalako unibertsitateek Honoris Causa doktore izendatu dute eta 416 artikulu argitaratu ditu, nazioarteko aldizkarietan, egile edo egilekide gisara.
Egun, CIC energiGUNEko elektrolito solidoko ikerketa-taldeko buruetako bat da. Ondokoa da bere eginkizuna: etorkizuneko ibilgailu elektrikoen bateria solidoa lortzeko xedearekin lan egiten duen taldea zuzentzea.
Bere urteroko zientzialarien zerrenda osatzeko, beren espezializazio-alorrean beste ikertzaile batzuen aldetik aipamen gehien jaso dituzten ikertzaileak (guztien % 1) aintzat hartzen ditu Clarivatek. Horretarako, Web of Science Group delakoaren datuetan oinarritzen da Clarivate. Erreminta hori funtsezko bitartekoa izan ohi da, azken bi hamarkada luzetan, zientzia-komunitateak urtero argitaratzen dituen 2.000.000 artikulu luzeak biltzeko.
Clarivate Analytics Thomson Reuters agentziaren jabetza intelektual eta zientziarako atala zen hasiera batean baina 2016. urtean enpresa independente bilakatu zen. Bere lista osatzeko, aurreko datu-basean oinarritzen da beti.
BRTAri buruz
BRTAk euskal enpresentzako teknologia-soluzio aurreratuak garatzeko helburua duten lankidetza-ikerketako 4 zentro (CIC BioGUNE, CIC NanoGUNE, CIC BiomaGUNE eta CIC EnergiGUNE) eta 12 teknologia-zentro (Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch) biltzen ditu.
Eusko Jaurlaritzaren, SPRI Taldearen eta hiru lurraldeetako Foru aldundien laguntzarekin, aliantzaren helburua da bere zentroen arteko lankidetza bultzatzea, ezagutza sortu eta transmititzeko baldintzak indartzea enpresen lehiakortasuna handitze aldera eta euskal zientzia- eta teknologia-gaitasuna nazioartean zabaltzea.
BRTAko zentroek 3.500 langile dituzte, Euskadiko I+Gko inbertsioaren % 22 gauzatzen dute, 300 milioi eurotik gorako urteko fakturazioa dute eta Europako eta nazioarteko 100 patente sortzen dituzte urtean.