Burtsara ateratzea aztertzen ari da Euskaltel, hazten segitzea eta Euskadin etorkizun eta sustrai sendoak izatea helburu hartuta
- Euskalteli Burtsara ateratzeko aukera aztertzen laguntzeko zenbait hautagairekin harremanetan jarri da enpresa.
- Euskaltelek uste du Burtsara ateratzeak lagunduko liokeela sektorean etorkizunean izango diren sendotze-prozesuetan protagonista izaten.
- Akziodunek berretsi egin dituzte Euskadin betiko sustraituta segitzeko konpromisoak (2012ko abenduan sinatu zituztenak).
- Burtsara ateratzeari buruzko behin betiko erabakia (SEP) ez da hartuko ekaina baino lehen.
Burtsara ateratzeko aukera (SEP) aztertzeko izapideak egiten hasi gara, telekomunikazioen sektorean hazten segitzea eta Euskadin etorkizun eta sustrai sendoak izatea helburu hartuta.
Euskalteli SEPa egiteko aukera aztertzen laguntzeko zenbait hautagairekin harremanetan jarri da enpresa, eta hautagaietako zein aukeratuko duten erabakitzeko prozesuan dago orain.
Helburu hauek aintzat harturik egin nahi du Euskaltelek Burtsara ateratzeko aukeraren azterketa: telekomunikazioen sektorean operadore lider gisa duen posizioa sendotzea, errazago haztea eta etorkizunean errazago garatzea, merkatuetan ikusgarritasuna izatea eta hazkunde organiko eta inorganikoko proiektuak planteatzeko finantziazio osagarria eskuratzea. Hori guztia Euskadin duen tokiko nortasunari eta sustraiei eutsita egin nahi du, Euskalteleko bazkideek aho batez onartutako konpromisoak kontuan hartuta. Gainera, nazioarteko inbertsoreak erakarri nahi dira Euskadira.
Euskaltelek uste du SEP batek posizio egokian utziko lukeela sektorean sendotzeko etorkizuneko prozesuetan protagonista izateko, eta horregatik erabaki du SEP posible bat aztertzea.
2012ko abenduan, akziodun berri bat lortu zuen Euskaltelek: International Cable. Hain zuzen ere, haren akziodunak dira Trilantic Capital Partners eta Investindustrial Advisors, eta inbertsioak egin dituzte Euskadin (esate baterako, ITP, Talgo eta Panda Software). Garai horretan bertan, Kutxabankek, Iberdrolak eta bazkide berriak adostu zuten Euskaltel Euskadin sustraitzea bermatu behar zutela beti, eta, horretarako, hitzarmen bat sinatu zuten.
Hitzarmen horren arabera, Euskaltelen helbide sozial eta fiskala eta egoitza Euskadin egongo dira, eta marka eta funtsezko aktiboak Euskadin jarduerak garatzeko erabiliko dira.
Salmenta-eskaintza publiko posiblea aztertzeko prozesuan, akziodunek funtsezko premisa gisa adostu dute aurreko konpromisoei eustea. Kutxabankek, berriz, analisi-prozesu hau abiatzeko akordioan gehitu du Euskaltelen erreferentziazko bazkide gisa segitzeko asmoa duela.
Burtsara ateratzeari buruzko behin betiko erabakia ez da hartuko ekaina baino lehen. SEP posiblearen elementu nagusiak (eskainitako kapitalaren ehunekoa, inbertsore izan daitezkeenen tipologia, datak eta abar) martxan jarri den analisi-prozesuaren barruan erabakiko dira; hain zuzen, prozesurako hautatzen den aholkulariaren lana izango da hori.
Euskaltelek, abiapuntu gisa, posizio ona du SEP bat analizatzeko, arrazoi hauengatik:
– Lan egiten duen merkatuan duen lidergotzarengatik. Espainiar Estatuko lehen operadore alternatiboa da Euskaltel, liderra da Euskadin Banda Zabal ultrabizkorrean, Telebista Digitalean eta telefonia finkoan, eta telefonia mugikorreko erreferentziazko operadorea da.
– Oro har, euskal ekonomiari egiten dion ekarpenarengatik, eta, bereziki, ekonomia digitalari egiten dion ekarpenarengatik.
– Bere merkatu naturalean eta sektorean duen onarpen-maila eta balio altuarengatik.
– Gogobetetze-maila altua duen bezero-oinarri egonkorra eta iraunkorra izateagatik.
– Erabat zabaldua duelako azken belaunaldi teknologikoko azpiegitura, hirugarren batzuekin sinatutako hitzarmenen bidez osatua (duela gutxi GFI eta ZTE multinazionalekin sinatutakoen bidez, besteak beste), bezeroei kalitate handiko zerbitzuak eskaintzeko aukera ematen duena.
– Kaxa sortzeko ahalmen handia duelako, jarduera operatibo eta finantzario sendoarekin.
– Azken ekitaldian 155 milioi euro baino gehiagoko EBITDA lortu duelako, eta 50 milioi euro baino gehiagoko irabaziak; gainera, datozen urteetan haztea aurreikusita dago.
Burtsara ateratzeko aukera honekin, Euskaltelek pauso erabakigarri bat egingo du enpresaren hazkundean, eta duela 20 urte jaio zenetik sektorean etengabe hazten joan den eta arrakasta duen proiektu hau sendotzen segitu ahal izango du.