Business Global Conference kongresuak ETEentzako kudeaketa-eredu berritzaileagoa eta bereiziagoa proposatzen du bere XI. edizio honetan
– Datorren astelehenean Barakaldoko BECen egingo den berrikuntzari buruzko kongresuan, mugikorren erabilerari, nazioartekotzeari eta automotibazioari buruzko kasu arrakastatsuak aurkeztuko dira.
– Nigel Barlow berrikuntzako mundu mailako adituak protagonizatuko du ekitaldia, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteko ekitaldien barruan.
SPRI Taldeak (euskal enpresa sareari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko multzoak) antolatutako eta enpresa berrikuntzan espezializatutako Business Global Conference (BGC) kongresuak bere XI. edizioa ospatuko du datorren azaroaren 12an (astelehena) BECen, eta ETEentzako enpresa-kudeaketako proposamen berritzaileago eta bereiziago batekin dator oraingo honetan. “Egizu desberdin, arinago, urrunago, berritzaileago” lelopean, ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen barruan kokatzen da.
Aurten ere BGC enpresari eta zuzendaritza-kargu berritzaileen elkargune bihurtuko da, elkarrekin hausnartu eta eztabaidatzeko ideia eta esperientzia berriei buruz, denek baitakite gaur gauzak ezin direla atzo bezala egin.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteko ekitaldien barruan, Eusko Jaurlaritzak inor epel utziko ez duen proposamen bat aurkeztuko du datorren azaroaren 12an, eta helburutzat hartu du pentsatzeko, lehiatzeko eta aritzeko modu desberdin bat sustatzea.
Horretarako, ekitaldiko antolatzaileek Nigel Barlow berrikuntzako aditua gonbidatu dute. Nigel Barlow Re-Think liburuaren egilea eta European Tom Peters Company enpresaren fundatzailea da.
Bilbora etorriko den lehen aldi honetan, Barlow bere ohiko estilo parte-hartzaileaz baliatuko da iBGCko partaideei esperimentarazteko, eta giltzarriak emango dizkie gauzak birpentsatzearen teknika beren erakundeetan praktikan jartzeko.
Business Global Conference kongresua esperientzia berrien katalizatzailea izango da, eta bertan egongo dira pentsatzeko, lehiatzeko eta aritzeko modu berri bat arrakastaz gauzatu duten enpresak. Starbucks eta bezeroaren arretarako bere eredua; Aquarius eta «Déjate adoptar por un pueblito bueno» bere onlineko kanpainaren arrakasta; Pasaban, mundu osoko diru-paperaren %90 ebakitzen duen euskal enpresa; Inauxa, naizoartekotzeari saria; Thyssen eta Alemaniako enpresa eredua.
Egitaraua
Kongresua hiru mundu paralelori eskainitako gaikako hiru bloketan banatuta dago: mugikorraren bidez erosteko gai den kontsumitzaile berri baten sorrera, merkatu global baten sorkuntza eta bezeroaren zerbitzura dauden pertsona eta taldeen automotibazio gaitasuna.
Lehenengoa da “Wired mundua: mugikorrak eta konektatuak”. Bloke honetan azalduko da mugikorren inguruko proposamen aurreratuenek oso erantzun positiboak jaso dituztela, erantzun argiak hemen eta orain nahi dituzten bezeroengandik. Eskaera exijentea da eta enpresaren zerbitzura jartzen du “bezeroaren ahotsa”. Hor dugu, adibidez, Europako supermerkatu mugikorren artean aitzindaria den Sorli Discau-ren esperientzia, zeina gai baita erosketa bezeroari gehiago hurbiltzeko.
Bigarrena da “Nazioarteko merkatua: mundua bezero bezala”. Nazioarteko merkatuan arrakasta lortu duten hiru euskal enpresaren kasuak aurkeztuko dira: Muga, Estatu Batuetan gehien ezagutzen den ardo espainiarra, Inauxa, nazioartean zabalduta dagoen automobilgintzaren sektoreko ETE eredugarria eta Pasaban, mundu osoko diru-paperaren %90 ebakitzen duen euskal enpresa. Sektore oso lehiakorretako munduko lider horiek beren nazioartekotze estrategien giltzarriak azalduko dituzte, estrategia horien bidez lortu baitute urrunago joatea eta irmoki kokatzea nazioarteko merkatuan.
Hirugarrena da “Zu eta lantaldeen boterea”, zeinak gaurko erakundeen lehiakortasunerako funtsezkoak diren hiru ardatz landuko baititu: pertsonak bezeroaren zerbitzura; automotibazioa eta erronkak eta hesiak gainditzeko gaitasuna; eta produktibitatea, kalitatean eta eraginkortasunean oinarritutako ikuspegia. Alemaniako eredua erreferentzia interesgarria da alderdi horietan guztietan. Bloke honetako hiru hitzaldiek badute zeresanik: Starbucks eta bezeroarentzako esperientzia sortzailean oinarritutako bere eredua, Thyssen Krupp, Espainian 150 urte baino gehiago daramatzan enpresa alemana, eta igeriketako txapeldunen txapelduna, Teresa Perales, joko paralinpikoetako dominen errekor absolutua duena eta automotibazioaren indarraz asko dakiena