Ceit-ek eta CIC energiGUNEk kobrezko gainazalei aplikatzen zaien eta ion-litiozko baterien egonkortasuna eta karga-abiadura handitzen dituen laser teknologia garatu dute

Albisteak, Araba, Gipuzkoa

Ikerlana Laser4Surf proiektuaren barruan dago. Proiektu horretan Europako 8 erakundek hartu dute parte, eta haren emaitzek atea irekitzen diote metalezko azalerak funtzionalizatzeko laser teknologia eskala handian erabiltzeari

Ceit, proiektuaren koordinatzailea, eta CIC energiGUNE, baterietan teknologia aplikatzeko erreferentziazko bazkidea, Basque Research & Technology Alliance – BRTAren parte dira

CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferente den euskal ikerketa-zentroak, eta Ceit, materialetan, fabrikazioan, mugikortasunean, digitalizazioan eta ekonomia zirkularrean espezializatutako euskal ikerketa-zentroak –biak Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kideak– laser teknologia eskala handian erabiltzea ahalbidetuko duen ikerketa lana osatu dute, kobrezko azalerak funtzionalizatzeko eta ion-litiozko baterientzako korronte-kolektore bihurtzeko.

“Ikerketa lan honi esker, elektrodoaren eta kolektorearen arteko atxikipen hobea eta korronte dentsitate altuetan portaera hobea ahalbidetzen duten korronte-kolektoreak egitea lortu dugu”, adierazi du Miguel Ángel Muñoz CIC EnergiGUNEko ikerketaren arduradunak. Ildo horretan, Ainara Rodriguez Ceiteko ikerketaren arduradunak adierazi duenez, “kolektoreen prestazioak hobetzeaz gain, aplikazio honetan eta beste askotan industrian ezartzeko aukera ematen diguten abiaduretan kobrea testurizatzeko laser-prozesua optimizatzea lortu dugu”.

Laser4Surf (Metalezko gainazal funtzionalizatuen ekoizpen masiborako laserra, bere ingelesezko siglak direla eta) proiektu europarraren barruan dagoen lana da. Proiektu horren helburu nagusia laser teknologia eskala handian erabiltzea zen, azalera metalikoak funtzionalizatzeko, titanioa, altzairu herdoilgaitza eta kobrea, batez ere, eta partzuergoak egindako lanari esker, hiru erabilera zehatzetan aplikatzeko balioztatu ahal izan dira, hauetan, hain zuzen ere: inplanteak, kodegailu linealak eta bateriak

Proiektuaren koordinatzailea izateaz gain, Ceitek lehen aipatutako hiru aplikazio-eremuetarako funtzionalizazio-prozesuak gauzatu ditu. Lan horren ondorioz, Ceitek, laser-sistema baten azken erabiltzaileari nahi den funtzionaltasuna sortzen duten prozesuko parametroak era automatikoan hautatzeko aukera ematen dion software-plataforma bat garatu du, LIPSS sortzeko prozesua sakon ulertu beharrik gabe, eta horrek izugarri errazten du prozesu horiek industrian ezartzeko prozesua.

Bestalde, CIC energiGUNEk kobrezko gainazal estrukturatuak (nanometika-maila) ion-litiozko baterietarako korronte-kolektore gisa balioztatuz hartu du parte proiektuan. Ildo horretan, korronte-kolektorearen azaleraren aldaketak, orain arte erabilitako ereduekin alderatuta, elektrodoaren eta kolektorearen arteko atxikipena hobetzea eta azalera-unitate bakoitzeko material aktibo gehiago izatea ekarri du. Era berean, ura disolbatzaile gisa erabiltzea ahalbidetu du, lurrun toxikoak sortzen dituzten disolbatzaile organikoak erabili beharrik gabe.

Ondorioz, hobekuntza horiei esker, bateriaren egonkortasuna handitu egin da, eta denbora gehiagoan erabili ahal izango da, bizi-ziklo luzeagoei esker. Horrez gain, bateriak kargatzeko abiadura ere hobetu egingo da.

Laser4Surf-en barruan egindako lan integralari esker, gelaxkaren elektrodo eta konfigurazio guztietarako nano egituraketak karga-deskargarako gaitasun hobea ematen duela egiaztatu ahal izan da. Izan ere, bateriak azkarrago kargatu eta deskargatu daitezke, korronte dentsitate altuagoei eusten dieten bitartean.

Gainera, full pouch formatuko gelaxkaren prototipoak atxikitzeko ahalmen handiagoa erakutsi zuen, eta, beraz, bizi-zikloa zein korronte-kolektoreen eta elektrodoaren materialaren arteko itsaspena eta zimurtasuna hobetu dira, itsaspena hobetzeak ziklo kopurua handitzen baitu.

Ceit-ekin eta CIC energiGUNErekin batera, Laser4Surfen parte hartu duten erakundeak hauek izan dira: LASEA. MULTITEL, IRIS, FAGOR AUTOMATION, RESCOLL eta The European Science Communication Institute (ESCI).

Partekatu

Beste berri batzuk