Ceit-IK4k larrialdi kasuetan biktimak aurkitzeko sistema diseinatu du droneak erabiliz

Gipuzkoa

Sistemak lehen esku-hartzeko taldearen lanak eta bakartutako biktimen erreskateak erraztuko ditu hein handi batean

MobnetCeit-IK4ko ikertzaileak lurrikarak, urakanak edo elurretako trumoi-ekaitz handiak bezalako hondamendi naturalen eta larrialdi egoeren aurrean bakartutako biktimak aurkitzeko sistema bat garatzen aritu dira lehen esku-hartzeko taldeei laguntzeko xedez. Sistema hau, halaber, mendian galdutako pertsonak aurkitzeko edota muga-zaintzarako eta iheslariak bilatzeko ere baliagarria izango da. Horretarako, MOBNET proiektuak satelite bidezko nabigazio sistema europarrak (EGNSS: EGNOS eta Galileo) eta  teknologia zelular digitalak (DCT – Digital Celular Technologies) erabiliko ditu pertsonak lokalizatzeko. Sistema hau oinarrizkoa izango da zaila, arriskutsua edo ezinezkoa den bilaketa-guneetara iristeko.

MOBNET sistemaren bitartez minutu gutxitan pertsona bat non dagoen jakin daiteke modu azkarrean eta zehatzean. Tamaina txikiko drone batek eramateko diseinatu eta eraiki da, 1,5 kg-ko kargarekin eta kontsumo txikiarekin. Ceit-IK4k DCT azpisistema diseinatu du, telefoniaren GSM seinaleak antzemateaz arduratzen dena, ondoren hondamendi batean biktimen mugikorrak aurkitzeko erabilitakoa. Garatutako azpisistemak GSM seinale estandarrak jaso, deskodifikatu eta deszifratu ditzake: GSM-900, GSM-1800 eta GSM-1900, eta beharrezkoak diren heinen estimazioak kalkulatuko ditu mugikorraren kokapena zein den jakiteko. Gainera, azpisistema honek GSMaren oinarri-estazio bezala ere funtzionatuko du, eta larrialdi SMS bat (mezu laburrak) jasotzeko eta bidaltzeko gaitasuna izango du.

MOBNET proiektuaren prototipoa Delft-eko (Herbehereak) hegaldi zelai batean eta Varsoviako (Polonia) suhiltzaileen entrenamendu zelai batean balioetsi zen 2017an eta 2018ko urte hasieran. Sistema -10ºC eta 35ºC arteko giro-tenperaturan eduki zen. Lortutako emaitzek agerian utzi zuten erreskate-sistema azkar eta fidagarri  honek duen indarra, minutu gutxitan 4 metroko errorea baino txikiagoko zehaztasunarekin biktimaren mugikorra aurkitzeko gai baita. Garatutako bilaketa- eta erreskate-sistema Galileo eta EGNOSen ahalmenez baliatuko da, eta era berean segurtasun zerbitzuen esparruan Europako industriaren kokapena indartuko du. Proiektuaren bultzatzaileak bukaerako erabiltzaileak eta proiektuaren industria-bazkideak izan ziren, eta beraz, lehen esku-hartzeko zerbitzuaren beharrak asetuta geratu direla ziurta daiteke.

Ceit-IK4z gain, MOBNETen parte hartu dute ORBITAL Critical Systems (Espainia), NavPos Systems GmbH (Alemania), Delft Dynamics B.V. (Herbehereak) eta SGSP ((Szkoła Główna Służby Pożarniczej, Polonia). Proiektuak 1,2 milioiko aurrekontua izan du eta 2016ko urtarrilaren 1etik 2018ko otsailaren 28ra gauzatu da.

Partekatu

Beste berri batzuk