CIC bioGUNE, “Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa” Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak egiaztatua

Albisteak, Bizkaia

Espainiako bikaintasun-zentroaren aintzatespenik handiena da akreditazioa
Ebaluazio-prozesua nazioarteko batzorde zientifiko batek egin du, ospe eta inpaktu handiko ikertzaileek osatua
Lau urterako balio du, 2023ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arte, eta aldi horretarako lau milioi euroko laguntza ematea dakar

 

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak CIC bioGUNE Ochoa Bikaintasun Zentro gisa onartu du, Espainiako ikerketa-zentroetarako aintzatespenik handiena. Bereizgarri horren helburua nazioartean inpaktu eta lidergo zientifikoa erakusten duten eta beren gizarte- eta enpresa-ingurunean aktiboki laguntzen duten ikerketa-zentroak finantzatzea eta egiaztatzea da. Horrela, 2017 eta 2021 urteen artean izan zuen akreditazio bat berritu du.

Severo Ochoa bikaintasun-zentroak antolakuntza-egiturak dira, eta oso ikerketa-programa lehiakorrak dituzte, munduko onenen artean kokatuak bakoitza bere zientzia-arloan.
Ebaluazio- eta hautaketa-prozesua modu independentean egiten du nazioarteko batzorde zientifiko batek, ospe eta eragin handiko ikertzaileek osatua.

Akreditazioak lau urteko balioa du, 2023ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arte, eta berritzeko aukera dago. Aldi horretan urtean milioi bat euroko laguntza emango da. CIC bioGUNEk ikerketa aplikatua sendotzera bideratuko du inbertsio hori, bai eta bizi-zientzietan funtsezko eta orientatutako ezagutza sortzera, talentua prestatzera eta ikusgarritasun publikoa eta soziala hobetzera ere. Gainera, akreditazioa emateak lau urteko iraupena duten doktoratu aurreko 10 kontratu berri dakartza.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak iragarri duenez, CIC bioGUNErekin batera, honako hauek dira deialdi honetan aitortutakoak: Andaluziako Astrofisika Institutua, BCAM-Basque Center for Aplied Mathematics, Bartzelonako Superkonputazio Zentro Nazionala, Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroa, Neurozientzien Institutua, Elikagaien Agrokimika eta Teknologiako Institutua, Nanoziezia eta Nanoteknologiako Institut Catalá eta Teknologia Kimikoko Institutua.

Horiek guztiek bikaintasun-baldintzak bete behar izan dituzte. Baldintza horien ezaugarria da inpaktu- eta lehiakortasun-maila handia dutela beren jarduera-eremuan, munduko agertoki zientifikoan. Era berean, ikerketa-jarduerak aldian behin ebaluazio zientifikoko prozesuen mende jartzen dituzten zentroak dira, kanpoko batzorde zientifikoen eta independenteen bidez; beren ikerketa-jarduerak mugako ezagutza sortzeari erantzuten dion programa estrategiko baten arabera garatzen dituzte; giza baliabideak nazioartean prestatzeko, hautatzeko eta erakartzeko jarduerak egiten dituzte; lankidetza eta elkartrukerako akordio aktiboak dituzte erakundeetan goi-mailako ikerketa-zentroekin; eta ezagutza gizarteari transferitzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzen dituzte.

Partekatu

Beste berri batzuk