CIC bioGUNEko ikertzaileek giza-gorputzean dagoen historiaurreko proteina baten bilakaera ezagutarazi dute

Bizkaia

Euskadiko CIC bioGUNE Biozientzien Ikerketarako Zentroko ikertzaileek Yale, Harvard eta Oxfordeko unibertsitatekoekin batera gauzatutako ikerketak ezagutzera eman duenez, DNA RNA bihurtzen duen entzimak, harrigarria bada ere, gizakion gorputzean darrai antzinako organismo zelulabakarretan azaldu zenetik, 2 milioi urteko eboluzioa egonik ere. Ikerketa hori Plos Biology aldizkariaren maiatzeko alean argitaratu da.
Sulfolobus izeneko organismo horiek muturreko inguruetan bizi dira, sulfuro-kontzentrazio handia duten sumendietan edo gatzagetan, alegia. Ordurako bazuten RNA (RNAP) azpiunitate anitzeko entzima polimerasa, DNA RNA bihurtzeko prozesuan transkripzioaz arduratzen dena (erribosomak proteina bihurtzen dute RNA), gizakion kasuan funtzio konplexuagoak garatzen dituen arren.
Plos Biology aldizkarian argitaratutako ikerketaren buru Nicola Abrescia, Ikerbasque Fundazioak kontrataturiko ikertzailea eta berriki CIC bioGUNE Egiturazko Biologiako Unitatean sartu dena, eta Yakov Korkhin (Yale eta Harvardeko ikertzailea) izan dira. Oxfordeko beste ikertzaile batzuk parte hartu dute ere bai.
Korkhin eta Abrescia, beste ikertzaile batzuekin batera, entzima polimerasa ikertu dute X izpien kristalografiaren bitartez, CIC bioGUNEko Egiturazko Biologiako Unitatean. Metodo hori proteina kristal txikiek edota azido nukleikoek sakabanatutako X izpiez baliatzen da haren hiru dimentsioko egitura berreraikitzeko. Taldeak guztiz argitu ditu entzimaren egitura eta bilakaera.
Gauzatutako ikerketa zientifikoaren norainokoa oso garrantzitsua izan da; izan ere, Abresciaren hitzetan, “lehenengo aldiz islatzen du organismo honen makineria entzimatiko osoa, eta nondik gatozen eta eboluzioak gauza zailenak egiteko nola moldatu gaituen ulertaraz diezaguke”.

Partekatu

Beste berri batzuk