CIC bioGUNEko talde batek prostatako minbiziari hazten laguntzen dion ibilbide metabolikoa identifikatu du

Bizkaia

Prostatako minbiziak askotan hazkundea bultzatzen duten aldaketa molekularrak eragiten ditu.

Ikerketak agerian utzi du mekanismo bat; horren bidez, prostatako minbiziak funtzionamendurako funtsezko metabolitoak sortzen ditu

Arkaitz Carracedo doktorea buru duen ikerketa Nature aldizkarian argitaratu da

Arkaitz CarracedoPoliaminen metabolismoa ibilbide molekularren kontrolpean dago eta prostatako minbiziarekin aktibatzen dira horiek. Hala frogatu ahal izan dute Arkaitz Carracedo buru duen CIC bioGUNEko taldeak. Arkaitz Carracedo Biologian doktorea da, Ikerbasqueko ikerketako irakaslea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle elkartua da. Horrez gain, orain gutxi sortu duen Minbiziaren Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroko (CIBERONC) ikerlaria da, eta erakunde horrekin parte hartu du lan honetan.

Prostatako minbizia da mundu mailan ohikoena den tumoreetako bat. Tumore mota hori sortzea eta haztea sustatzen duten alterazio genetiko nagusiak deskribatu dira. Baina oso gutxi dakigu prozesu horretan agertzen diren aldaketa metabolikoei buruz. Minbiziaren metabolismoari ezaugarriak jartzea estrategia berritzailea da gaixotasunaren aurkako tratamendu efektiboa egiteko modu berriak bilatzeko. Carracedo doktorearen arabera, “Ferrari baten (prostatako minbizia) kapota altxatu eta motorrak nola funtzionatzen duen ikusiko bagenu bezala da. Azukreak, lipidoak eta aminoazidoak badira tumore horien gasolina, poliamidak dira motorrak erabateko errendimenduan funtzionatzea ahalbidetzen duen olioa”. Ikerketa orain gutxi argitaratu da Nature aldizkarian, nazioartean izen onena duen aldizkarietako batean.

Zelula kantzerigenoak ez dira zelula normalak bezala elikatzen, batez ere zelula gehiago sortzeko eta hazteko bideratzen dutelako metabolismoa. Ikerketaren helburua izan da gaixotasunaren etapa goiztiarretan gertatzen diren aldaketa metabolikoak identifikatzea. Carracedok azaldu duenez, “oinarrizko galdera horri erantzuteko, prostatako minbizia garatzen duen sagu-eredua erabili dugu, eta gero egiaztatu ditugu emaitzak gizakien gaixotasunean eta azpian dagoen mekanismo molekularra aztertu dugu”. Lana honako hauen arteko aliantza estrategikoaren ondorio izan da: zenbait ikerketa eta berrikuntza eragile, industria farmazeutikoa barne (AGIOS Pharmaceuticals), sektore klinikoa (Basurtoko ESI, Ikerketarako Euskal Biobankua – BIOEF, Vall d’Hebron Onkologia Institutua (VHIO), eta Estatu Batuetako zentroak) eta ikerketa-zentro ugari. Carracedoren taldeko partaide nagusiak Amaia Zabala eta Amaia Arruabarrena doktoreak izan dira. Carracedok dioenez, “Emaitzek ahalbidetu digute prostatako minbizian entzima metabolikoa aktibatzeak gaixotasunaren erasokortasun handiagoa dakarrela”. Sakonean azterketa molekular eta biokimikoa eginda, egileek tumore horien hazkundea murrizteko estrategia potentzialak definitu dituzte. Carracedoren arabera, “oinarrizko ikerketa honek atea irekitzen diete etorkizuneko ikerketei, minbiziaren tratamendurako informazio honen potentzialean sakonduta”.

Gure zelula osasuntsuek funtzionamendu-kodean akatsak metatzen dituztenean (mutazioak) sortzen da minbizia. Mutazio horiek zelulen sistema eragilea pirateatzen dute eta kontrolik gabe haztea eragiten dute. Hazkunde horri eusteko, metabolismoak horren arabera aldatu behar du, eta beraz, minbiziaren “sistema eragile pirateatuak” eta metabolismoak lotura estua dutela ondoriozta daiteke. Ikerketa honek bi faktore horien arteko lotura ezagutzearen garrantzia nabarmentzen du, minbiziaren ahuleziak zein diren hobeto ulertzeko eta tratamendu hobeak diseinatzeko. “Gaixotasuna maila molekularrean ulertzeko inbertsioa egin behar dugu, gero berritu eta ezagutza hori onura sozial bihurtu ahal izateko. Horregatik da garrantzitsua gure herrialdean oinarrizko ikerketan inbertsio-estrategia izatea”, esan du azkenik biologoak.

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk