CIC biomaGUNEk eta CIC energiGUNEk bioelektronikarako plataforma teknologiko bat bultzatuko dute, proteinen eroankortasunean oinarritua

Albisteak, Araba, Gipuzkoa

Bi euskal zentroek bultzatuko duten e-Prot europar proiektuaren helburua da proteinetan bakarrik oinarritutako material eroankor berriak lortzea gailu elektroniko “ekologikoen” eta energia biltegiratzeko gailu “ekologikoen” diseinuan iraultza eragiteko

Biomaterialetan espezializatutako CIC biomaGUNE ikerketa-zentroa eta energia elektrokimiko eta termikoaren biltegiratzean erreferentea den CIC energiGUNE ikerketa-zentroa —biak ere Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kide— elkarrekin arituko dira lanean proteinen eroankortasun-ahalmena garatzen, teknologia elektroniko tradizionalen alternatiba jasangarri gisa erabiltzeko. Proposamen berritzaile hau e-Prot europar proiektuan barneratzen da; CIC biomaGUNEko Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakasleak koordinatzen du, eta, CIC energiGUNEz gainera, Europako beste 7 bazkidek hartzen dute parte. Proiektua Europar Batzordeak finantzatuko du oso-osorik, FET Open (Future and Emerging Technologies) 2020 programaren barnean.

e-Prot proiektuaren helburu nagusia da sistema bioelektronikoetarako plataforma teknologiko bat garatzea, proteinetan eta elektrizitatea eraginkortasunez eroateko proteinek duten gaitasunean oinarrituta. Hala, industria elektronikoan erabili ohi diren teknologien ordezkoa lortu nahi da, proteinetan oinarritutako egitura eta material eroankorrak ekoitziz.

Arduradunen iritziz, apustu honek “sakoneko aldaketak eragingo ditu gailu elektroniko ekologikoen eta energia biltegiratzeko gailu ekologikoen diseinuan”, eta jakintza-alor zientifiko askotako ikuspegia hartzen du kontuan, diseinu biomolekularraren printzipioak eta abangoardiako karakterizazio-teknikak konbinatzen baititu, inplementazio teknologikoa lortzeko oinarri sendo bat lortzeko.

Proiektuan CIC biomaGUNEk izango duen funtzioa bereziki garrantzitsua izango da, hasierako prozesuak martxan jartzeko, hala nola eroankortasun- eta egonkortasun-propietate optimoak dituzten proteina-molekulak diseinatu eta ekoiztea, proiektuak aurrera egin ahal izan dezan. Bestalde, CIC energiGUNEko Maica Morant doktoreak eroankortasun ioniko ona duten proteinak elektrolito gisa integratuko ditu mikrosuperkondentsadoreetan, gero gailu elektroniko “jantzigarriak” elikatzeko. e-Prot proiektuaren aurrekontu osoa, EBk % 100ean finantzatua, 3,1 milioi eurokoa da.

e-Prot proiektuan egindako lanaren ondorioz, proteina eroale hautatuen bilduma bat lortuko da, zeina, gerora, zabaldu egingo baita energia biltegiratzeko gailuetan ezartzeko, tintan eta elektrolito ionikoetan oinarritutako eroale adimendun gisa. Horrek aukera emango du proteina-plataforma bioelektroniko biobateragarri eta erabat jasangarri batek duen bideragarritasuna lehendabizikoz frogatzeko.

Ikuspegi berritzaile honek gaur egungo bioteknologiak gainditzen ditu, eta proteinetan oinarritutako bioelektronikaren ikerketa-eremu berria —zeina gaur egun oraindik oinarrizko ikerketara mugatuta baitago— eraldatu egingo du, mundu errealeko aplikazioak erraztuko dituen beste sofistikazio-maila batera eramateko.

Partekatu

Beste berri batzuk