CIC biomaGUNEko hiru ikerlari nazioarteko zientzialari aipatuenen Thomson Reuters zerrendan
CIC biomaGUNEko hiru ikerlari ageri dira nazioarteko ikerlari aipatuenak aitortzen dituen Highly Cited Researchers (HCR) zerrendaren azken edizioan: Luis Liz-Marzán, Wolfgang Parak eta Maurizio Prato. Argitalpen zientifikoen arloan nazioarteko erreferente den Thomson Reuters enpresak egiten du zerrenda hori eta bertan egoteak nazioarteko aitortza eta ospea ematen die Donostiako Ikerketa Kooperatiboko Zentroan (bio-materialen berrikuntzan espezializatua) lan egiten duten ikerlariei.
Luis Liz-Marzán CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa eta Ikerbasque programako ikerlaria da (programa horren helburua da talentua Euskadira erakarri eta atxikitzea). Bere ikerketak ezagunak dira nazioartean: nano-partikulen sintesia eta muntaia, nano-partikuletan oinarritutako detekzioaren eta diagnostiko tresnen garapena eta nano-plasmonika (fenomeno optikoen azterketa nano eskalan). Luis Liz-Marzán Kimika eta Materialen Zientzia ataletan dago Highly Cited Researchers zerrendaren barruan. Liz-Marzánek Santiago de Compostela Unibertsitatean egin zuen Zientzia Kimikoen doktoretza eta Utrechteko Unibertsitateko (Herbehereak) Van’tHoff laborategian doktoretza ondorengo lana. Sari ugari irabazi ditu zientzia arloan, esaterako, Ikerketaren Humboldt Saria (2010), Zientziaren Dupont Saria (2010), Burdinola Saria (2011), ECIS-Rhodia Saria (2013), Kimikako Espainiako Errege Sozietatearen Domina (2014) eta Oinarrizko Ikerketaren Jaime I.a Erregea Saria (2015). Liz-Marzán katedraduna da Vigoko Unibertsitatean (orain eszedentzian dagoen arren) eta irakasle gonbidatu izan da mundu osoko unibertsitate nahiz ikerketa erakundeetan.