CIC energiGUNE, energia trantsiziorako eta karbonoa baztertzeko bidean oinarrizko pieza gisa Hidrogenoa bultzatuko duen Europa mailako Aliantzan integratuko da

Albisteak, Araba

Euskal zentroak Europar Batasunak garatutako ekimen nagusian hartuko du parte, kontinente osoko 500 enpresa, erakunde eta elkarte zientifiko baino gehiagorekin batera, elementu hori industriaren eta mugikortasunaren sektoreetan ekoizteko eta erabiltzeko aukera ematen duten teknologiak sustatzeko

CIC energiGUNE energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak bat egin du energia trantsizio agertokiaren barruan hidrogenoaren garapenarekin lotutako balio kateko eragile guztiak bilduko dituen ekosistema eraikitzeko Europar Batasunak bultzatu duen European Clean Hydrogen Alliance ekimenarekin. Programaren azken helburua, 2030erako elementu horretan oinarritutako teknologien gorakada bultzatzea eta 2050ean karbonorik gabeko Europa lortzeko bidea erraztea da.

Aliantza berria kontinente osoko bostehun eragile publiko eta enpresa pribatu baino gehiagok osatzen dute. Parte-hartze zabal horrek, hidrogenoaren Europako ekosistema definitzeko funtsezko gune gisa jartzen du elkartea, proiektuak finantzatu eta ezagutza transmititu ahal izateko. EBren ikuspuntutik, funtsezko pieza da “itun Berdearen” helburuak lortzeko eta, bereziki, energia garbirako trantsizioa lortzeko.

Gogoratu behar da Europako Itun Berdea 2050erako klima-neutraltasuna lortzeko Europar Batasunaren ibilbide-orria dela, ingurumena errespetatzen duten teknologietan inbertsioak eginez, industria berritzaileari eta garraio-sistema jasangarriei laguntza emanez; eta energiaren sektoretik karbonoa alde batera uztea eta eraikuntza sektorean eraginkortasuna hobetzea du helburu, besteak beste.

Alde horretatik, hidrogenoak energia arloko hainbat erabilera ditu, energia berriztagarria biltegiratzea, besteak beste, eta mugikortasun jasangarrian garatu beharreko elementua ere bada. Era berean, ingurumena errespetatzen du, erabiltzen denean ez baitu karbono dioxidorik isurtzen. Ondorioz, karbono-isuriak murriztea premiazkoa eta lortzeko zaila den industriako prozesuetatik eta sektore ekonomikoetatik karbonoa baztertzeko soluzio eraginkorra da.

Oro har, Aliantzak berebiziko garrantzia izango du hidrogenoaren Europako estrategia berriaren, eta, bereziki, haren inbertsio-agendaren, ekintzak errazteko eta ezartzeko. Ildo horretan, Europako industria planak 430.000 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu 2030era arte. Gainera, Aliantza garrantzitsua izango da energia-sistema integratzeko estrategia berriaren testuinguruan.

Epe laburreko helburuen artean, hidrogeno berriztagarriaren eta karbono gutxi duenaren ekoizpena eta eskaria handitzea dago, eta baita ekintzak koordinatzea eta gizarte zibila energia-trantsizioaren prozesu osoan inplikatuko duen foro zabala eratzea ere. Energia garbien sektoreko inbertsio-zikloek 25 urte inguruko aldiak hartzen dituztela kontuan hartuta, EBk uste du hau dela jarduteko unea. Berehalako ekintzarako tresna gisa, European Clean Hydrogen Alliancek bere bazkide guztiak inplikatuko dituen inbertsio-zorro sendoa eraikitzeko egingo du lan.

CIC energiGUNEz gain, Aliantzaren barruan dago BRTAko beste kide bat (Tecnalia), eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE) ere badaude. Horrek agerian uzten du ekonomian karbonoa alde batera uzteko funtsezko eremu horretan Euskadik dituen proiekzioa eta jarrera.

Partekatu

Beste berri batzuk