CIC energiGUNE, energiaren biltegiratzeari buruzko ezagutza industriara transferitzeko ALISTORE sarean sartu da

Albisteak, Araba

Irakaskuntza munduko eta partzuergoko kide diren enpresetako berrogeita hamar ordezkari inguru Arabako Parke Teknologikoan elkartuko dira ekainaren 19an eta 20an, ikerketa lanetan ematen ari diren aurrerapausoen berri emateko

ALISTORE sarean sartuz, CIC energiGUNEk Europa eta Euskadi indartu nahi ditu etorkizuneko energiaren biltegiratze teknologien garapenean eta fabrikazioan

ALISTORE aliantzak lotura estua du, baita ere, MESC+ Erasmus Mundus masterrarekin; CIC energiGUNE eta EHU/UPV iaztik dira bertako kide, eta Zentroak Europa mailako ikerketarako erreferentzia gune gisa betetzen duen lekua finkatzeko aukera emango du

 

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzearen alorrean Europan erreferentziazkoa den ikerketa zentroa, ALISTORE sare europarraren barruan sartu da. Sareak, energiaren biltegiratzeari buruzko ikerketa aurreratuaren eta epe laburrean eta ertainean kontinenteko industriara transferitzearen arloko Europako 20 Ikerketa Zentro eta 12 enpresa elkartzen ditu.

Joan den urtearen amaieran hasi zen integrazio prozesu horren barruan, asteazkenetik, ekainaren 19tik, aurrera, Zentroak Partzuergoaren sei hilabetez behingo bilera jasoko du. Bertako kide diren irakaskuntza eta industria arloko berrogeita hamar bat ordezkari inguru elkartuko dira. Ostegunera arte luzatuko den topaketaren helburua, oinarrizko ikerketan eta industriara transferitzeko prozesuan lortutako aurrerapausoak ezagutaraztea da.

2009tik CNRSk koordinatzen duen ikerketa egitura kooperatiboa den ALISTORE Sareak Industria Klub bat du, eta bertako kide dira Renault, BASF, Total, Saft, Umicore, Saint-Gobain edo Solvay, besteak beste. Horrez gain, irakaskuntza alderdiari dagokionez, kideak ditu Frantzian, Erresuma Batuan, Suedian, Eslovenian, Herbehereetan, Polonian, Austrian, Alemanian eta Espainian.

ALISTORE Sarearen sei hilabetez behingo topaketak iraungo dituen eta CIC energiGUNEren instalazioetan egingo diren bi jardunaldietan, bertaratuek partzuergoaren jardueren txostenak eta lan proiektuak jasoko dituzte, Europa mailako Horizonte 2020, BATTERY 2030+ ekimenarekin erlazionatutakoak, besteak beste, eta baita doktoregaiek eta ikerlariek ALISTORE sarearen gainbegiraketarekin eta laguntzarekin egindako lanak ere.

Halaber, ezagutza industriara transferitzearen arloan izandako azken aurrerapenak aurkeztuko dira, Umicore enpresa belgikarraren edo SAFT frantsesaren esperientzien bitartez, besteak beste. Amaitzeko, ostegunean etorkizuneko proiektu handiak aztertu eta Industria Klubaren eta Irakaskuntza Sarearen saioak egingo dira.

Máster MESC+ Erasmus Mundus

CIC energiGUNE ALISTORE sarean sartzeak, Zentroak Europa mailako irakaskuntza arloko erreferentziazko laborategi gisa betetzen duen lekua indartzeko aukera ere emango du, aliantzak lotura estua baitu MESC+ Erasmus Mundus (Materials Science and Electrochemistry) Master ospetsuarekin. CIC energiGUNE MESC+ Erasmus Mundus Masterreko kide da, EHU/UPVarekin batera, eta 2020ko irailetik aurrera euren ikasketak Euskadin amaitu gura dituzten Europako lehenengo ikasleak helduko dira.

Master horren barruan bi ikasturte jasotzen dira, eta Europako 5 unibertsitatek hartzen dute parte: EHU/UPVk, Varsoviako Teknologia Unibertsitateak (Polonia), Ljubljanako Unibertsitateak (Eslovenia) eta Frantziako Toulouse III Paul Sabatier eta Picardie Jules Verne unibertsitateek.

Partekatu

Beste berri batzuk