CIC energiGUNE, eskala handiko ekoizpena erraztuko eta automobilgintzaren sektorearen eskaera handiari erantzutea ahalbidetuko duen egoera solidoko baterien teknologia berri baten garapenaren lider da

Albisteak, Araba

Euskal zentroak Europako SOLIDBAT proiektua abiarazteko bilera hartuko du Euskadiko Parke Teknologikoko Vitoria-Gasteiz Campuseko instalazioetan. Proiektuak kontinenteko 13 erakunde eta Kanadako bat biltzen ditu –CIC energiGUNEren koordinaziopean–, iraupen eta segurtasun handiagoa eskainiko duten eta ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izango duten energia-dentsitate handiko egoera solidoko bateriak garatzeko helburuarekin

SOLIDBATek Europako SAFELiMOVE proiektuan garatutako laneko ildoari jarraitzen dio. 2023ko abenduan amaitu zen proiektu hori ere CIC energiGUNEk zuzendu zuen aurrerapen garrantzitsuak eginez egoera solidoko baterien arloan, gailu eraginkorragoak eta jasangarriagoak fabrikatzeko eta elektromugikortasuna sustatzeko

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Europar Batasunak Horizonte Europa programaren bidez finantzatutako SOLIDBAT proiektu europarra abiarazteko bilera hartuko du gaurtik aurrera. Proiektu horrek egoera solidoko baterien esparruan teknologia disruptiboa garatzea du helburu, gailu horien eskala handiko ekoizpena errazteko eta, horrela, automobilgintzaren sektorearen eskaera zorrotzei erantzuteko.

“Automobilgintzaren industria ion-litio teknologiara erraz egokitzen den teknologia eskatzen ari zaigu, ibilgailu elektrikoen merkatuan egoera solidoko bateriak azkar sartzen direla bermatzeko”, ziurtatu du María Martínez-Ibañez CIC energiGUNEko proiektuko ikertzaile nagusiak. “SOLIDBATekin alternatiba berritzailea eskainiko dugu, kostuei, jasangarritasunari eta birziklapenari lehentasuna emateko, Europako fabrikatzaileek lehiatzeko abantaila argia izan dezaten Asian dauden egungo ekoizpen liderren aurrean”.

Horretarako, SOLIDBAT proiektuaren arreta energia-dentsitate handiko (400 Wh/kg, 1000 Wh/L) egoera solidoko baterietan zentratuko da, iraupen luzea eta segurtasun handiagoa ahalbidetzen dutelako, eta, beraz, egokiak direlako automobilgintzaren industriaren beharrei erantzuteko.

Abiarazteko bileran adierazi den bezala, proiektuaren garapenak berrikuntza dakar bost arlo nagusitan: materialak garatzeko eta gelaxken parametroak diseinatzeko tresna eta eredu digital berriak; Nikel-Manganeso-Kobalto katodorako material aktibo bat, nikel ugarikoa, gaitasun handikoa eta uretan prozesagarria; litiozko anodo metaliko bat, energia handikoa, 3Dn testurizatua eta babes interfase artifizial solido-elektrolito batekin estalia; gel hibridoko elektrolito bat, oso eroalea eta elektrokimikoki egonkorra; eta egungo ion-litio teknologiara erraz egokitzen diren egoera solidoko baterien teknologia fabrikatzeko soluzio eskalagarriak.

Teknologia disruptibo horren garapenaren ikuspegietako bat ingurumenarekiko inpaktuaren minimizazioa da, eta, beraz, lehengai kritikoen erabilera murriztuko da, baita PFAS (per- and polyfluoroalkyl substances) substantzia toxikoen erabilera ere, eta ekoizpen prozesu jasangarriagoak garatuko dira. Horrela, SOLIDBATek klimaren ikuspegitik energia eta garraio neutroranzko trantsizioan lagunduko du, Asiako herrialdeetako baterien ekoizpenarekiko mendekotasuna saihesteaz gain.

Era berean, nabarmendu behar da SOLIDBATek aurreko lau urteetan SAFELiMOVE proiektuan egindako lanarekin jarraitzen duela. Proiektu horren liderra ere CIC energiGUNE zen, eta litio bateria seguruagoa, fidagarriagoa eta prestazio handiagokoa sortzeko gai izango zen ibilgailu elektrikorako bateria belaunaldi berria garatzearen aldeko apustua egiten zuen –egoera solidoan dagoen elektrolitotik abiatuta–. SAFELiMOVEn egindako lana, proiektu horretako Ikertzaile Nagusia ere izan zen María Martínez-Ibañezek nabarmentzen duen bezala, “erabakigarria izan zen funtsezko hiru alderditan arrakastaz aurrera egiteko: material aurreratuen garapena; interfazeen analisia eta optimizazioa; eta egoera solidoko teknologia hainbat prototipotara eskalatzeko aukera”.

SOLIDBAT partzuergoak izen handiko Europako 13 erakunde eta Kanadako bat biltzen ditu, baterien balio kate osoa hartuz eta Europako berrikuntzaren eta industriaren hazkundea sustatuz. CIC energiGUNEren lidergoarekin eta koordinazioarekin, hauek dira SOLIDBATeko gainerako erakunde bazkideak: Inobat Auto JSA (Eslovakia), SCHOTT AG (Alemania), Hydro-Quebec (Kanada), Specific Polymers SAS (Frantzia), Ampere SAS (Frantzia), Toyota Motor Europe (Belgika), Life Cycle Engineering SpA (Italia), Eurida (Austria), Commissariat a L’Energie Atomique et Aux Energies (Frantzia), CIDETEC Fundazioa (Espainia), RWTH Aachen University (Alemania), Technical University Braunschweig (Alemania), eta Fraunhofer Institute for Silicate Research ISC (Alemania).

Partekatu

Beste berri batzuk