CIC energiGUNEk baterietarako material berrien industrializazioa bizkortzen du, eskalatze- eta baliozkotze-gaitasun aurreratuen bidez
Zentroak enpresei eta garatzaileei laguntzen die material berriek laborategitik industriaurreko baldintzetara igarotzean beren prestazioei eusten dietela frogatzen
Bere gaitasunek materialen eskalatzea eta prozesuen optimizazioa ez ezik, elektrodoen fabrikazioa eta zelula osoetan egindako baliozkotzea ere hartzen dituzte barne
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal zentroak, baterien hurrengo belaunaldietarako material berrien industrializazioa bizkortzeko gaitasunak indartzen jarraitzen du, enpresei eta garatzaileei berrikuntza-prozesuko fase kritikoenetako bat gainditzen lagunduz: eskalatzea.
Material berrien aurkikuntzak energia-biltegiratzearen arloko ikerketaren zati handi bat hartzen duen arren, erronka handienetako bat material horiek modu erreproduzigarrian fabrikatzea da, laborategian lortutako prestazioak galdu gabe. Prozesu hori baliozkotzea erabakigarria da arrisku teknologikoa murrizteko eta benetako industria-aplikazioetara transferitzea errazteko.
«Benetako erronka ez da material berri bat garatzea, baizik eta modu erreproduzigarrian fabrikatu ahal izatea, prestazioak galdu gabe», azaldu du Marta Cabellok, CIC energiGUNEko Material Transfer & Upscaling taldeko Research Team Leaderrak. «Kontua ez da soilik material kantitate handiagoa ekoiztea, baizik eta lote bakoitzak kalitate eta errendimendu berak mantentzen dituela bermatzea».
Litioan aberatsak diren materialek, siliziodun anodoek edo sodioan oinarritutako kimika berriek, besteak beste, potentzial handia dute baterien energia-dentsitatea, segurtasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Hala ere, haien arrakasta material horiek industria-eskalan modu sendo, erreproduzigarri eta lehiakorrean fabrikatzeko gaitasunaren araberakoa ere izango da.
Erronka horri erantzuteko, CIC energiGUNEk materialen transferentzia-prozesu osoa hartzen duten gaitasunak jartzen ditu industriaren eskura: sintesi-prozesuen optimizazioa, eskalatzea, karakterizazio aurreratua, elektrodoen prozesaketa, zeluletan integratzea eta baldintza adierazgarrietan baliozkotzea. Ikuspegi horri esker, garapenaren lehen faseetatik balizko mugak identifika daitezke, eta ziurgabetasuna murriztu, eskala handiagoko industria-inbertsioei ekin aurretik.
«Industriak frogatu behar du material bat modu koherentean fabrika daitekeela, ekoizpen bakoitzean prestazio berak mantenduz», adierazi du Marta Cabellok. «Gure helburua enpresei oinarri tekniko sendo baten gainean erabakiak hartzen laguntzea da, garapen-denborak murriztuz eta industrializazioari ekin aurretik arriskua minimizatuz».
Eskalatzeaz gain, zentroak materialek prozesaketan duten portaera eta zelula oso batean nola integratzen diren ere baliozkotzen du. Alderdi hori funtsezkoa da laborategian lortutako prestazioak benetako aplikazio baten antzeko baldintzetan mantentzen direla egiaztatzeko. Ikuspegi integral horrek aurkikuntza zientifikoaren eta trantsizio energetikoa bultzatuko duten baterien fabrikazioaren arteko distantzia laburtzen laguntzen du.