CIC energiGUNEk bere webgunea berriztatu du, ikerketarako, enpresarako eta talenturako elkargune izan dadin

Albisteak, Araba

Webgune berriak zentroaren ikerketa prozesura arin eta zuzen sartzeko aukera ematen dio industriari

Plataforma energiaren biltegiratze sektoreko profesionalen elkargune eta mundu osoko ikerlari gazteak erakartzeko ate izango da

 

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, webgune berria jarri du martxan, energiaren biltegiratzearen arloan ikerketa, enpresa eta talentu arloko elkargune eta erreferentzia izateko. Tresna berri horrek berarekin lan egiten duten hartzaile objektibo guztientzat zentroaren posizionamendu digitala eguneratzeko aukera emango du, eta nazioarte mailan duen erreferentziazko irudia bere irudi digitalarekin lerrokatuko du.

Webgune berria abian jartzeak, era berean, amaiera ematen dio CIC energiGUNE marka berriro diseinatzeko prozesuari, logotipoa berriztatuta –BRTAren erreferentzia logotipoan sartuz– eta hori euskarri grafiko eta ikus-entzunezko guztietan aplikatuta. Era berean, “Making sustainability real” claim-a hartu da Zentroak ingurumen, ekonomia eta gizarte arloko jasangarritasunarekin duen konpromisoaren erreferentziazko elementu iraunkor gisa.

Gaurtik erabilgarri dagoen webgune berria, hainbat irizpide kontuan hartuta diseinatu da, erabilgarritasunetik hasi eta edukiaren optimizaziora arte. Horien artean, ezinbestekotzat hartzen diren elementuak daude, web responsive izatea, besteak beste. Bisitariaren ikuspegitik, nabigazio intuitiboa ahalbidetzen du eta, batez ere, erabiltzaile bakoitzarentzat interesgarria den informazioa azkar aurkitzea errazten du. Alde horretatik, gunea hiru atal nagusiren bitartez egituratzen da, eta horietako bakoitzak multzo nagusi bat biltzen du: zientifikoa, enpresak eta talentua. Egitura hori osatzeko, CIC energiGUNEren informazio korporatiboagoari eta zientzia hedatzeari eta industriari eta gizarteari komunikatzeari (Media Center) buruzko bi atal orokor daude.

Ikerketa atalak ateak irekitzen dizkie zentroan gaur egun lantzen ari diren proiektu guztiei eta 120 ikertzaile baino gehiagoko lantaldeari –horiei 40 beste gehitu behar zaizkie, graduko eta masterreko ikasleen eta egonaldien artean–, eta bi jarduera-eremu nagusietako ikerketarako ildoak eta taldeak zehazten dira: biltegiratze elektrokimikoa eta biltegiratze termikoa. Zentroko instalazioei buruzko informazio zehatza ere ematen da. Instalazio horien artean, Europa hegoaldeko onena den prototipoak jartzeko eta gelaxkak karakterizatzeko plataforma nabarmentzen da.

Beste batzuen artean Michel Armand, Elena Palomo edo Steve Visco zientzialari ezagunek osatzen duten ikerlari taldeak espazio propioa du atal horretan, eta, horrela, harreman profesionaletarako lekua eratu da, egungo ikerketa-ildoak sendotzeko eta zentroa bere arloko zentro onenetakoen artean jarri duen abangoardiako ikerketa ezagutarazteko.

Enpresak atalean, webgune berriak ezagutza industriara transmititzeko –hori da zentroaren helburu nagusietakoa– garapen aukera guztiak jasotzen ditu. Sekzio horretan ikerketa ildoen aplikazio nagusiak deskribatzen dira, eta baita aplikazio horietarako zeharkako zenbait zerbitzu ere. Gainera, CICk sortutako spin-offak ere jasotzen dira, BCARE, besteak beste. “Enpresak” sekzio hori aurreko webgunean ez zegoen berrikuntza garrantzitsua da, eta CIC azken urteetan lantzen ari den erronka nagusietakoa islatzen du: zentroak sortutako ikerketa guztia ikusgai eta eskuragarri egitea eta, horrela, enpresa sarearekin batera lan egitea sustatzea.

Talentua atalean, bestalde, informazio garrantzitsua eta energia biltegiratzearen arloan lan egin nahi duten ikertzaileak eta zientzialariak erakartzeko CIC energiGUNEtik martxan jarritako jarduerak jasotzen dira. Atal hau talentua munduko edozein tokitik CIC energiGUNEren ekimenetara eta proiektura sartzeko ate gisa ikusten da, eta baita talentua erakartzeko eta euskal talentua hona itzultzeko gune gisa ere.

Media Center atalak dibulgazio zientifikotik (argitalpenak, patenteak, tesiak eta hitzaldiak barne), gizarteari eta enpresei zuzendutako komunikaziora doazen baliabideen katalogo zabala biltzen du. Sekzio horretan, albisteez eta zentroak komunikabideetan dituen agerpenez gain, blog bat sartu da, sektorearentzat garrantzitsuak diren berrikuntza eta jarduera nagusiak jasotzeko.

Azkenik, CIC energiGUNEri buruzko atalean, bere jarduerari eta antolaketari buruzko informazioaz gain, zentoraren kudeaketa sistemaren alderdi garrantzitsuak eta EBk emandako HRS4R akreditazioa nabarmentzen dira. Akreditazio horrek, ikertzaileen kudeaketarako eta ikerkuntzan aritzen den talentua erakartzeko eta garatzeko bikaintasuneko zentro gisa aintzatesten du CIC energiGUNE. Halaber, atal horretan agerian geratzen da zentroak BRTA-Basque, Research and Technology Alliance estreinatu berriarekin duen konpromisoa.

Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiaren hitzetan, plataforma berria martxan jartzearen helburua “komunitate zientifikoaren eta industriaren zerbitzura leku komun bat jartzea da, energiaren biltegiratzearekin erlazionatuta dagoen guztirako, zentroan egiten dugun ikerketatik hasi eta enpresen arazo espezifikoak bideratu arte, eta baita profesional bikainak eskuratzeko eta nazioarteko eta Euskadiko talentua erakartzeko atea beti irekita izatea”.

Partekatu

Beste berri batzuk