CIC energiGUNEk Europa mailan betetzen duen erreferentziazko posizioa sendotu zuen 2020an, baterietako bi proiektu eta elektrizitatea sortzeko proiektu bat zuzendu baitzituen

Albisteak, Araba

Osasun-krisiak eragindako zailtasunak gorabehera, iaz euskal zentroak eutsi egin zion Europako energia biltegiratzeko zentroen Top 3an jarri duen ikerketaren pultsuari; izan ere, Horizon2020 bi proiektutan liderra da, beste bi proiektutan funtsezko eragile gisa hartzen du parte, eta baita Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen dituen beste hirutan ere

Gainera, CIC energiGUNE, BATTERY 2030Plus buru izango den taldean sartu da. Europako Batzordeak bateriaren kontinenteko ekosistema eratzeko bultzatu duen ekimen nagusia da, eta Hidrogenoaren eta Lehengaien Europako Aliantzei atxiki zaie

2020an, zentroak zuzendaritza zientifikoa berritu du –parekotasuna lortu du eta erreferentzia gisa jarri da berdintasunaren arloan–, eta ikertzaile ezagunek, Michel Armandek, besteak beste, gidatutako bere talde profesionalak nazioarteko aintzatespenak jasotzen jarraitu du

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, energia biltegiratzeko Europako erreferentzia-zentro izaten jarraitzea lortu du 2020an, etorkizuneko ibilgailu elektrikorako bateriaren aldeko apustu estrategikoari esker. Pandemiak eragin dituen arazoak gorabehera, iaz EBren Horizon 2020 programaren bidez finantzatutako hiru proiektu abiarazi ahal izan zituen, eta proiektu horietako lider izan da. Horrez gain, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntza ekonomikoa jaso zuen beste hiru proiekturi ekiteko, 110 argitalpen egiteaz eta 3 patente erregistratzeaz gain.

“Pandemiaren eraginak, gogorra izan arren, ez digu gure ibilbide orrian aurrera egitea eragotzi”, esan du Nuria Gisbert Zuzendari Nagusiak. “Ibilgailu elektrikoaren bateriarako bidean funtsezko hainbat proiektu gidatzen ari gara, egoera solidoko bateriaren ikerketan mundu mailako erreferentzia gara, eta baita eskala handiko biltegiratze-bateriekin eta elektrizitatea sortzearekin erlazionatutako ikerketan ere. Nazioartean ospe handia duten profesionalak ditugu, Michel Armand, esaterako. Proiektu indartsua eta etorkizun handikoa gara”.

Montse Casas-Cabanas Elektrokimika Arloko Koordinatzaile Zientifikoak –urtearen erdialdean hartu zuen kargua, ibilbide profesionalaren zati handia zentroan egin ondoren– bat egiten du indargune nagusietakoa talentua erakartzeko gaitasuna dela adierazterakoan, baita 2020 bezalako urte zail batean ere. “Michel Armand edo Elena Palomo bezalako profesionalen presentziak, baterien prototipoak egiteko edo biltegiratze termikoko laborategiak bezalako maila goreneko instalazioekin batera, edozein proiekturi baldintza onenetan eta baliabide kualifikatuenekin aurre egiteko aukera ematen digu”.

Europa mailako Proiektuen Lidergoa

2020an hiru proiektu europar abiarazi eta gidatu ditu CIC energiGUNEk, EBren Horizon 2020 Programaren barruan. Lehenik eta behin, HIGREEW proiektua, energia berriztagarriko sistemetara akoplatuta, energia biltegiratzeko sistema ekonomikoagoak, prestazio tekniko hobeak dituztenak eta eraginkortasun handiagokoak erabiltzea erraztuko duten bateria organiko eta erredox fluxu % 100 jasangarriak diseinatzeko sortua. Proiektuak 3,7 milioi euroko aurrekontua du, eta EBk diruz laguntzen du.

Bigarrenik, CIC energiGUNE SAFELiMOVE proiektuaren buru da; EBk finantzatutako 8 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, etorkizuneko ibilgailu elektrikoarentzat elektrolito solidoa duen litio metalikoaren bateria garatzea du helburu, ahalik eta segurtasun eta eraginkortasun handiena bermatzeko. Zentroaren zeregina ikerketa-prozesu osoa koordinatzea eta elektrolito hibrido berritzaile bat garatzea da, eta baita interfaseen portaera aztertzea ere.

CIC energiGUNE buru duen hirugarren H2020 proiektua ELECTRO INTRUSION da, eta bere helburua sistemek sortutako bibrazioak eta ingurumeneko beroa elektrizitate erabilgarri bihurtzeko berreskuratzea da. Zehazki, proiektuak ibilgailuen motelgailuak elektrizitate-sortzaile bihurtzea ahalbidetuko du, eta 2050ean automobilgintzaren sektorean elektrizitatearen kontsumoa % 4ra murrizten lagunduko du.

SUBLIME Proiektuaren kasuan, CIC energiGUNEk, bateria osatzen duten gelaxken portaera aurreikusteko eta optimizatzeko modelatze konputazional-prozesua gidatzen du, materialik onenak eraginkortasunez hautatzeko. Lan hori funtsezkoa da proiektuaren helburua lortzeko, hau da, elektrolito ez-organikoetan oinarritzen den egoera solidoko bateria-gelaxken belaunaldi berri bat garatzeko. Aurrekontua 7,8 milioi eurokoa da, eta horiek ere Europar Batasunak finantzatuko ditu.

Era berean, zentroa NRG-Storage proiektu europarraren parte da; proiektu horren bitartez, eraikinen isolamendu termikoko material berri bat merkaturatu nahi da, funtzio anitzeko zementu-apar batean oinarritua. CIC energiGUNEren lana NRG apar konposatuen osagai guztien karakterizazioan oinarrituko da.

Azkenik, proiektu europarrei dagokienez, CIC energiGUNEk COFBAT partzuergoan hartzen du parte. Ekimen hori kobaltorik gabeko bateriak, edukiera handikoak, seguruagoak eta iraunkorrak garatzeko sortu da, toki batean finko dauden aplikazioetarako. Mineral hori ezabatzeak merkatu egingo ditu bateria berriak, eta hainbat aplikaziotarako egokiak izango dira, etxe partikularretarako eta gailu robotizatu industrialetarako gero eta energia deszentralizatu gehiago behar baita.

Gogorarazi behar da H2020 deialdian CIC energiGUNEren arrakasta-tasa % 20 ingurukoa dela, Europako (% 15) eta Espainiako Estatuko (% 14,6) batez bestekoaren gainetik.

Bestalde, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “2019ko Ikerketa Erronkak” deialdiaren barruan, CIC energiGUNEk hiru proiektu gauzatzeko diru-laguntza jaso du 2020an: sodio-ion baterien lehiakortasuna hobetuko duten material berriak identifikatzera bideratutako NIB MOVE; kobaltorik gabeko dentsitate handiko egoera solidoko bateria sortzea helburu duen 3DACCESS; eta adimen artifizialaren bitartez material berriekin esperimentatzeko prozesua erraztera bideratutako ION SELF.

Bateriaren Europako ekosistema

CIC energiGUNEren posizioa Europa mailan, aipatutako proiektuen bitartez ez ezik, sektoreko foro nagusietan duen presentzia aktiboari esker ere indartu da. Ildo horretan, nabarmentzekoa da BATTERY 2030Plus proiektuko Talde Liderrean sartu dela. Proiektu hori Europako 14 herrialdetako 22 erakundek osatzen dute, ikerketa-erronkei erantzuteko eta etorkizuneko bateriak diseinatzeko, Europari energia trantsizioaren buru izaten laguntzeko. Erakunde hori iazko irailean aurkeztu zen era ofizialean Uppsalako Unibertsitatean (Suedia), eta bateriaren Europako ekosistema eratzeko prozesuan buru izatera bideratuta dago.

Kontinenteko zientzia- eta ikerketa-foro nagusietan egoteko apustu horren ildotik, 2020an CIC energiGUNEk bi erakunde handirekin bat egin du. Alde batetik, European Clean Hydrogen Alliance, hidrogenoaren garapenarekin erlazionatutako balio-kateko eragile guztiekin ekosistema eraikitzeko Europar Batasunak bultzatutako ekimena. Eta, bestetik, European Raw Materials Alliance (ERMA), Europar Batasunak lehengai kritikoen arloan duen mendekotasuna murrizteko, baliabideen eraginkortasuna hobetzeko eta hornidura-iturriak dibertsifikatzeko helburua duena.

CIC energiGUNEko pertsonak

Gaur egun zentroko lantaldea 131 ikertzailek osatzen dute, eta parekotasuna erakusten du generoari dagokionez eta oreka jatorriari dagokionez. Izan ere, profesionalen % 50 Euskal Herritik kanpokoak dira, eta 14 nazionalitate dituzte. Gainera, bertako profesionalek 50 hitzaldi baino gehiagotan parte hartu dute urtean zehar, eta 20 ekitaldi propio antolatu dira. Era berean, industriarekin gauzatutako 53 lankidetza zenbatu dira 2020an.

Uztailean, zentroak bere arlo elektrokimikoko zuzendaritza talde zientifikoa berritu zuen. Montse Casas-Cabanas doktorea izendatu zen koordinatzaile zientifiko berri, eta Roberto Pacios doktorea Koordinatzaile Teknologiko berri. Energia elektrokimikoa biltegiratzeko ikerketa-arloa CIC energiGUNEko lan zientifikoaren zutabeetako bat da, eremu termikoarekin batera. Izendapen horiekin, zuzendaritza taldean ere parekidetasuna lortu du zentroak, eta, beraz, bere jarduketa eremuan berdintasun arloko erreferentziazko eragile da.

Azkenik, aipatu behar da Michel Armand CIC energiGUNEko zientzialaria bigarren urtez jarraian sartu dela 2020an “Highly Cited Researchers” (Ikertzaile Aipatuenak) zerrenda ospetsuan. Zerrenda hori Clarivate Analytics enpresak egiten du urtero, eta bertan, urte batean bere azterketa-eremuan gehien aipatutako lanak idatzi dituzten zientzialarien % 1 sartzen da.

 

Partekatu

Beste berri batzuk