CIC energiGUNEk Max García-Melchor Ikerbasque Professorea ekarri du “Katalisirako Modelizazio Atomistiko eta Molekularreko Talde” berriaren buru izateko
Azken 8 urteetan Dublingo Trinity Collegeko Kimika Sailean Associate Professor gisa lan egin duen García-Melchor doktorearen etorrerak aukera emango dio euskal zentroari Energiaren sektorerako funtsezkoak diren prozesuetan aurrera egiteko, hala nola produktu kimikoen eta erregaien ekoizpen jasangarrira bideratutako katalizatzaile berriak identifikatzeko.
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Max García-Melchor doktorea eta Ikerbasque Research Professorea sartu du bere lantaldean, “Katalisirako Modelizazio Atomistiko eta Molekularreko Talde” berriaren buru izateko. Ikerketa-talde berria abian jartzearekin batera, euskal zentroak urrats garrantzitsua eman du funtsezko alderdietan sakontzeko, hala nola produktu kimiko eta erregaien ekoizpen jasangarrira bideratutako katalizatzaile berriak identifikatzeko.
“Max García-Melchorrekin sei Ikerbasque Research Professor batu ditugu CIC energiGUNEn, baita beste bi Ikerbasque Research Associate eta Ikerbasque Research Fellow bat ere. Horrek eta Stanfordeko Unibertsitatearen arabera energiaren arloan Estatuko ikertzaile garrantzitsuena den Michel Armandek, argi eta garbi erakusten dute gure proiektuak erakarpenerako duen gaitasuna, gure taldearen dimentsio zientifikoa eta, batez ere, gizarteak energiaren arloan dituen erronkei aurre egiteko ezagutza eta soluzioak emateko dugun gaitasuna”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. Eta “Ikerbasqueko giza taldeari eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak emateko” nahia gehitu du, “etengabeko laguntzarengatik eta Euskadin garapen zientifikoaren alde egindako apustuarengatik”.
Ildo horretan, García-Melchor doktorearen etorrerak berekin ekarri du “Katalisirako Modelizazio Atomistiko eta Molekularreko Taldea” abian jartzea. Ikerketa-talde berri hori CIC energiGUNEren energia elektrokimikoa eta energia termikoa biltegiratzeko eta bihurtzeko eremuekiko zeharkakoa izango da. “Biziki eskertzen diet Ikerbasqueri eta CIC energiGUNEri erregaiak eta konposatu kimikoak ekoizteko teknologia jasangarrien garapenean Euskadik aurrera egiteko emandako aukera baliotsu hau. Erronka berri hau ilusio eta anbizio handiz hartzen dut, ziur bainago nire ikerketa-taldearekin eta CIC energiGUNEko kideekin batera, bikaintasun zientifikoarekin erantzutea lortuko dugula. Gure helburua Euskadi energia berriztagarriak bihurtzeko eta biltegiratzeko katalizatzaile berrien diseinu azkarrean erreferente gisa ezartzen laguntzea da”, adierazi du euskal zentroko ikertzaile berriak.
CIC energiGUNEko lantaldean sartu aurretik, Max García-Melchor doktorea Associate Professor izan da Dublineko Trinity College-aren Kimika Sailean (2016-2024), eta ikertzaile Nagusia Material Aurreratuen eta Bioingeniaritzaren Ikerketa Zentroan (AMBER). García-Melchorrek Kimikako doktore titulua lortu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan 2012an, eta ondoren doktoretza ondorengo ikerketa egin zuen Kataluniako Ikerketa Kimikoko Institutuan (2012-2014) eta Stanfordeko Unibertsitatean (2014-2016).
“Katalisirako Modelizazio Atomistiko eta Molekularreko Taldearen” arduradun berriaren ikerketa-lana batez ere metodo konputazional aurreratuak eta adimen artifiziala erabiltzearen ingurukoa izan da, produktu kimikoen eta erregaien ekoizpen jasangarrirako katalizatzaileen aurkikuntza bizkortzeko. Alderdi horiek erabakigarriak izango dira euskal zentroan egingo duen etapa berrian.
2024an Ikerbasque Research Professor izendatzeaz gain, García-Melchor doktoreak bere ibilbidean zehar sari hauek jaso ditu: Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Ikertzaile Gaztea saria (2022) –‘Taldeko Liderra’ Modalitatean–; Irish Research Councilen Research Ally Saria (2021, 2022); Kataluniako Kimika Elkartearen Talentu Zientifiko Emergentearen Saria (2022); eta Royal Society of Chemistry-ren Roger Parsons domina (2021).