CIC energiGUNEren “Power Our Future” kongresuak Europako industria egoera solidoko baterien ekoizpenari aurre egiteko prestatzen ari dela egiaztatu du

Albisteak, Araba

Euskal zentroak Gasteizen antolatu duen topaketak mundu osoko 140 profesional garrantzitsu bildu ditu Europa Jauregian uztailaren 5etik 8ra bitartean, eta baterien arloan material aurreratuetan, jasangarritasunean, segurtasunean eta manufakturagarritasunean egindako azken aurrerapenak ezagutzeko aukera eman du

“Edizio hau oso arrakastatsua izan da, ez bakarrik partaidetzarengatik eta ekarpenen kalitatearengatik, bai eta proiektu zehatzekin dagoeneko aurrera doan industriako ordezkarien presentziarengatik ere”, adierazi du Montse Casas-Cabanas Kongresuko presidenteorde eta CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloko Koordinatzaile Zientifikoak

CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, aurreko astean Gasteizen sektoreko aditu nagusien partaidetzarekin egindako “Power Our Future” V. Kongresuaren emaitzaren oso balorazio ona egin du. Erakundeak bereziki nabarmendu du egoera solidoko baterien ekoizpena abian jartzeko industriak duen gaikuntza-maila, bai eta litioaren ordezko metal-ion teknologietan (sodioa edo potasioa) egindako aurrerapen berriak ere.

“Kongresu honen ezaugarri nagusietako bat, baterien arloko gaurkotasuneko gai guztiak barne hartu dituzten ekarpen guztien kalitate maila bikaina izan da: teknologia desberdinetarako material aurreratuak, jasangarritasuna, segurtasuna eta manufakturagarritasuna”, Montse Casas-Cabanas “Power Our Future”-eko presidenteorde, eta CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloko Koordinatzaile Zientifikoak adierazi duenez.

Ildo horretan, Casas doktoreak adierazi du Li-ion teknologiaren egungo erronkak eta baterien belaunaldi berriak landu direla, bereziki egoera solidoko bateriak eta Na-ion, K-ion teknologiak, fluxu-bateriak eta superkondentsadoreak. Horretarako, gonbidatutako 17 ponentzia, ahozko 31 ponentzia eta 35 poster egon dira, 10 herrialdetako parte-hartzaileekin.

“Kongresu inklusiboa izan da, genero-balantzea kontuan hartu da, eta karreraren etapa guztietako ikertzaileen parte-hartzea sustatu da, ikertzaile gazteei ikusgaitasuna emanez”, gogorarazi du Casasek. Era berean, aurkeztutako ikerketa askoren inspiratzailea izan den Michel Armand Kongresuko presidente eta CIC energiGUNEko zientzialari ospetsuaren presentzia nabarmendu du.

Industriaren aldeko apustua

“Power Our Future” kongresuaren bosgarren edizio honetan, eta komunitate zientifikoak bere ikerketen aplikazio praktikoa sustatzeko duen gero eta interes handiagoari erantzunez, industriarekin erlazionatutako jarduerek protagonismo handiagoa hartu dute, proiektu zehatzen aurkezpenak eta oso garapen-proposamen aurreratuak barne. Horrela, ostiralean, hilak 8, industriaren eta ikerketaren arteko topaketari buruzko saio esklusiboa egin zen, eta bertan etorkizun hurbilean aurreikusten denaren xehetasunak ezagutu ahal izan ziren.

Berrikuntza nabarmenen artean, Blue Solutions konpainiako Margaud Lécuyerrek, bere ustez oso urte gutxitan errealitate izango den egoera solidoko baterien 4. belaunaldiari buruz egindako iragarpena nabarmendu behar da. Era berean, BCAREk, Javier Olarte bere CEOaren bitartez, baterietarako oso kostu baxuko sentsore bat aurkeztu zuen. Sentsore horren adimena aplikazio bakoitzari kustomiza dakiokeen baterietarako bizi-amaierako iragarpen-eredu aurreratu batean oinarritzen da.

Bestalde, BCARE bezala, CIC energiGUNEren spin-off-a den BASQUEVOLTek bere garapen-proiektua azaldu zuen Francisco Carranza CEOaren eskutik. Bere ikuspuntutik, egoera solidoko baterien hurrengo belaunaldiaren erronka garrantzitsuenetakoa kostuak murriztea da, eta faktore horretan lanean ari da aspaldidanik euskal zentroa.

“´Power Our Future` kongresuan industriak parte hartzea CIC energiGUNEn gauzatu nahi dugunaren prozesu naturala baino ez da”, adierazi du Nuria Gisbertek, zentroko Zuzendari Nagusiak. “Industriaren presentziak jarduera eraginkorragoari ateak irekitzen dizkio, eta bertan ikerketak transferentziarako zuzeneko bideak aurkitu ditzake” gogorarazi du Gisbertek, eta zientzia-komunitateko ordezkari garrantzitsuenak Gasteizen bildu izanaren garrantzia azpimarratu du. Horien artean daude Stefano Passerini, Alemaniako Helmholtz Ulm Institutuko zuzendari eta irakaslea, Patrice Simon, Paul Sabatier Unibertsitateko Materialen Zientziako Irakasle Nabarmendua eta Superkondentsadoreen ikerketan nazioarteko erreferentzia nagusitzat hartzen dena, Shinichi Komaba, Tokioko (Japonia) Zientzien Unibertsitateko Kimika Aplikatuko Departamentuko irakaslea, eta bateriei buruz duen ezagutzagatik aintzatetsia, Kristina Edström, Eskala Handiko Battery 2030Plus Europako Ikerketa Programaren koordinatzailea, edo Margret Wohlfahrt-Mehrens, ZSWko (Alemania) Material Elektrokimikoen Ikerketa Saileko burua.

Partekatu

Beste berri batzuk