CIDETECen jardungo du Europako DESTINY doktorego-programaren baitan hautatutako ikertzaileetako bat

Hautatutako ikertzaileek etorkizuneko bateria jasangarriak garatuko dituzte

Kontinente osoa energia berriztagarrien bidez elektrifikatzeko xedez, energia-trantsizio betean murgilduta dago Europa. Testuinguru horretan, ezinbestekoa bilakatu da bateria jasangarriak garatzea eta etorkizun hurbil batean eskala handian erabiliko direla bermatzea. Europako Batzordeak bultzatutako DESTINY proiektuak etorkizuneko bateriak garatuko dituzten zientzialariei prestakuntza emateko doktorego-programa bat sortu nahi du Europa mailan, kontinentearen industria-sektoreari teknologia disruptiboak eta lehiakortasun-abantaila eskaintzeko balio-kate osoan zehar.

Hala, programaren baitan, 50 doktoretza-ikaslek jasoko dute prestakuntza hurrengo 5 urteetan zehar. Horietatik, baterien arloko adituen epaimahai batek 29 ikertzaile hautatuko ditu datozen hilabeteetan. Hautatutako lehenengo ikasleetako batek CIDETECeko instalazioetan lan egingo du, Donostian, elektrolito konposatu ez-organikoetan oinarritutako egoera solidoko bateriak garatzen (#12). 2022. urtean, beste 21 ikasle hautatuko dira.

Hainbat eskatzaileren artean aukeratu zuten CIDETEC ikertzaile gazte horietako bat hartzeko. Hain zuzen, IEK-1 Forschungszentrum Jülich zentroarekin (Alemania) batera kudeatuko du CIDETECek doktorego-ikaslearen jarduera, hainbat urtez geroztik baitabil zentro horrekin elkarlanean ALISTORE erakundearen bitartez. Hautatutako ikasleak bi urte eta erdi emango ditu Gipuzkoako instalazioetan lan egiten, eta beste 6 hilabete Alemanian.

Ekimen honen bidez, CIDETECek berretsi egiten du gizarte jasangarriagoa ahalbidetuko duten baterien garapenari buruzko ezagutza sortzeko eta arlo horretako trebakuntza eta prestakuntza bultzatzeko duen konpromisoa.

Lehenengo 29 plazetako bat eskuratu nahi duen interesdun orok abenduaren 7tik aurrera egin dezake eskaera, xede horretarako gaitutako plataforman. Guztira, Europar Batasuneko 11 herrialdeko 41 kolaboratzaile daude programaren baitan.