Cleantech Forum Europek, teknologia garbietan Europako topaketarik handienak, 400 goi-zuzendari eta inbertitzaile baino gehiago bilduko ditu Bilbon
- CLEANTECH FORUM EUROPE nazioarteko enpresa-topaketa da, 2013ko apirilaren 16tik 18ra Bilbon egingo dena; bertan nazioarteko 400 inbertitzaile eta zuzendaritza-kide baino gehiagok parte hartuko dute, eta ohargarria izango da Latinoamerikako ordezkarien kopurua.
- Southern Europe´s Cleantech Hub–aren nazioarteko kokapena sendotzen du foroak; Europako hegoaldean teknologia garbiak garatzeko plataforma da hub hori, bertan erreferentziazko enpresak eta erakundeak parte hartzen dutelarik.
- Teknologia garbien (cleantech) industriak osagai berritzaile indartsua du, errentagarritasun ekonomikoa eta kostuetan eraginkortasuna ingurumen-eraginaren eta baliabide-kontsumoaren murrizketarekin uztartzen dituzten negozio-ereduekin lotuta.
- Europan, cleantech industriak urtean %8ko erritmoan ari dira hazten eta 319.000 milioi euro ari dira fakturatzen. Gaur egun 3,4 milioi pertsona enplegatzen dituzte Europako Batasunean (EB), eta 2020ra arte 1,5 milioi enplegu berri sortzeko gaitasuna dute.
CLEANTECH FORUM EUROPEren bederatzigarren edizioa Europa hegoaldean izango da lehen aldiz, apirilaren 16tik 18ra, zehatz esanda Bilbon, Estatu Batuetako Cleantech Group enpresak eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, elkarrekin antolatuta. 26 herrialdetako korporazio handietako 400 goi- zuzendarik, inbertitzailek eta start up-ek baieztatu dute etorriko direla nazioarteko enpresa-topaketa honetara, Europan teknologia garbien inguruan egiten den fororik handienera, eta bertan negozio-aukera berritzaileak bilatuko dituzte.
Cleantech edo teknologia garbiak garrantzi estrategikoa duten industriak dira Europa hegoaldeko herrialdeentzat aberastasuna eta enplegua sortzeko duten gaitasunagatik, errentagarritasun ekonomikoa eta kostuetan eraginkortasuna ingurumen-eraginaren eta jarduera ekonomikorako beharrezkoak diren baliabideen kontsumoaren murrizketarekin uztartzen dituzten negozio-ereduekin loturik baitaude. Sektore honetan energia-teknologiak sartzen dira (smart grid-ak, energia berriztagarriak, etab.), mugikortasun iraunkorra, material aurreratuak, ur eta hondakinak birziklatzea eta kudeatzea, nekazaritza iraunkorra, ekodiseinua ondasun eta ekipamenduetan, etab.
Hiru bilioi euro baino gehiagoko merkatu potentziala eratuko dute 2020an, gaur egun 40.000 milioi euro inguru inbertitzen dira urtean eta %6,5 eta %13 arteko erritmoan ari da hazten, eremu geografikoaren arabera. Europan, 3,4 milioi pertsona ari dira cleantech industrian lanean (industria kimikoan edo automobilgintzan baino gehiago), 319.000 milioi euro fakturatzen dituzte eta urtean %8ko erritmoan hazten dira. Industria hau gai da 2020. urtera arte 1,5 milioi enplegu sortzeko Europar Batasunean (iturria: EU environment policy supporting jobs and growth).
Southern Europe´s Cleantech Hub
Forumaren edizio honetako lema “Teknologia garbiak berriz irudikatzen: berrikuntza irekiko munduan hazkundea desblokeatzen” da, eta Innobasquek bultzatzen duen Southern Europe´s Cleantech Hub-aren nazioarteko posizionamendua indartzen lagunduko du. Hub hori teknologia garbien plataforma da Europa hegoalderako, teknologia garbi lehiakorrak garatzeko gunea, merkatu globaletan salmentara bideratua, aberastasuna eta enplegu lokal eta globala sortzen dituena.
Honela, hub-ak protagonizaturiko forumaren saioak automobilgintzara, teknologia berriztagarrietara, energia-eraginkortasunera bideratuta daude, eta latinoamerikar merkatura hurbiltzera, Europako enpresentzat hazteko aukera handia baitago han, eta Southern Europe´s Cleantech Hub da biderik eraginkorrena bertara iristeko. Gora egiten ari diren herrialdeei (Mexiko, Brasil, Kolonbia eta Peruri) begiratuko zaie bereziki.
Gainera, hub-aren orbitan dauden start up-ek (Wattio, Likuid Nanotek, Luix eta Gnarum- ek) beste ekintzaile batzuekin batera forumaren finantzaketa-errondetan parte hartuko dute, horietan arrisku kapital funtsen inbertitzaile garrantzitsuak izaten baitira, eta nazioarteko korporazio handiak ere bai, hauek proiektu errentagarrien bila inbertitzeko edo teknologia berritzaileen bila berenganatzeko.
Southern Europe´s Cleantech Hubeko aditu-batzordea 20 korporazio eta trakzio-enpresak, ezagutza eta I+G-ko ezagutza-zentrok, erakunde eta eragile espezializatu garrantzitsuk baino gehiagok osatzen dute; adibidez, hauek: Repsol, Iberdrola, Degremont, Gamesa, MONDRAGON Korporazioa, CAF, Idom, Sener, Velatia, Arteche, CIE Automotive, Gestamp, ZIV, Ibermática, Ingeteam, Inauxa, La Caixa, Kutxabank, Tecnalia, IK4 Research Alliance, Cener, B+I Strategy eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko eta Gasteizko Udalen erakundezko laguntzak ditu.
Cleantech now!
Cleantech Forum Europe bukatu ondoren, apirilaren 19an, ostiralean, Innobasquek “Cleantech Now!” jardunaldia antolatuko du, teknologia garbiak gazteei eta oro hargizarteari hurbiltzeko bi jardueraren bidez: Alde batetik, lantegi edo tailer bat egingo da unibertsitateko eta lanbide-heziketako ikasleei zuzendua, sortu, dibertitu eta egungo enpresen etorkizunaren parte sentitzeko gogoa dutenentzat, enpresa horientzat teknologia garbiekin erlazionaturiko zerbitzuak eta produktuak sortu eta prototipatuz. Berrikuntza irekiko prozesuaren bidez, enpresek eta ikasleek elkarrekin sortuko dute.
Bestetik, lehiaketa egingo da eta ikasleek cleantech eremuko ikasketa-bukaerako proiektuak edo enpresa-proiektuak aurkeztuko dituzte epaimahai aditu baten aurrean. Irabazleek prestakuntza-programa jasoko dute ekintzailetzaren arloan.
Teknologia garbien astea
Apirilean Bilbok hartuko du Teknologia Garbien Astea, eta bertan “Cleantech Forum Europe 2013” foroaz gain, “Bilbao Marine Energy Week” egingo baita (http://www.eve.es/Noticias/Bilbao-Marine-Energy-Week-se-celebrara-en-abril-en.aspx), Europa hegoaldean itsas energia berriztagarrien inguruko ekitaldirik handiena, Energiaren Euskal Erakundeak (EVE) , Tecnaliak eta BECek antolatua. Lau egunez, eta itsasoko energia ardatz nagusitzat hartuta, hainbat eratako jarduerak egingo dira: jardunaldiak, topaketa profesionalak, bisita teknikoak eta mintegiak, eta bukatzeko Mutrikuko (Gipuzkoa) uhinen energia-instalazioetara bisita egingo da, jarduera horretan, bi topaketetan dauden sinergiak baliatuz, Cleantech Forum Europe-ra etorritakoek ere parte hartu ahal izango dutelarik.