IK4-TEKNIKER-ek instalazio berriak inauguratu ditu Eibarko Polo Teknologikoan

Gipuzkoa

. IK4-TEKNIKER-ek atzo egin zuen Eibarko Polo Teknologikoko bere egoitzan instalazio berrien inaugurazio ofiziala. Bertan izan ziren Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia, José Miguel Corres Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea eta hainbat erakundetako ordezkariak.

Eraikinak 28.000 m2 ditu eta 22 milioi euroko inbertsioa egin da bertan. Azken belaunaldiko ekipamenduekin hornitu da, enpresei eskaintza teknologiko oso bat emateko.

Instalazioak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean sartuta daude eta jada bertan lanean dihardute 260 ikertzailek. Aplikatutako ikerkuntzaren aldeko apustuan jauzi kualitatibo bat emateko beharrezko prozesu eta ekipamendu guztiak ditu.

Egoitza berriak sei solairu ditu, egungo eta etorkizuneko industriaren eskakizunen beharrei erantzuten dien laborategi eta ekipoekin hornituta. Ekipamendu berriak areto zuri bat, areto espezializatuak eta azpiegitura bereziak dira. Besteak beste, bereziki energia zinetikoaren sistema eraginkorrak garatzeko saiakuntza banku gisa diseinatutako bunker bat dago.

Instalazio berriokin, IK4-TEKNIKER-ek antzemandako behar berriei erantzun nahi zaie, I+G+b alorrean duen abangoardia kokapenarengatik, energia berriztagarrien, robotikaren edo doitasun ekipamenduaren esparruan.

Partekatu

Beste berri batzuk