Mahastizaintza jasangarriagoa eta klima-aldaketarekiko erresilienteagoa mahatsondo-barietate berrien bidez
Mugaz gaindiko TRANSFERES proiektuak mildiua eta oidioa bezalako gaixotasunekiko erresistente eta lehorteekiko tolerante diren mahatsondo-barietateak ebaluatuko ditu, Espainiako eta Frantziako mahastizaintzako eta ardogintzako eskualdeetara hobeto egokitzen laguntzeko
NEIKERrek koordinatutako ekimenak lurraldeen arteko ezagutza-trukea, emaitzen transferentzia ekoizpen-sektorera eta gizarteak barietate horiek onartzen ote dituen aztertzea sustatuko ditu
Klima-aldaketak, gaixotasunen intzidentziak eta produktu fitosanitarioen erabilera murrizteko beharrak erronka garrantzitsuak planteatzen dizkiote mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari etorkizunerako. Egoera horren aurrean, mahatsondo-barietate erresistenteagoen eta ingurumen-baldintza berrietara hobeto egokitutakoen bilaketa da ekoizpen-eredu jasangarriago eta erresilienteagoetara aurrera egiteko bide nagusietakoa.
Testuinguru horretan sortu da TRANSFERES, gaixotasunekiko erresistente eta ingurumen-estresaren baldintza desberdinekiko, batez ere lehorteekiko, tolerante diren mahatsondo-barietate berriei buruzko ezagutza eta ezarpena bultzatu nahi dituen mugaz gaindiko lankidetza-proiektua. NEIKER zentro teknologikoak koordinatutako ekimenari esker, Espainiako eta Frantziako ekoizpen-eremu desberdinetan barietate horien portaera ebaluatu ahal izango da, baita haien potentzial agronomikoa, ingurumenekoa eta enologikoa ere.
Mahastiak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea lehentasuna da sektorearentzat. Tenperaturen igoera eta prezipitazioen irregulartasuna laborantzako baldintzak aldatzen eta izurrite eta gaixotasunen intzidentzia eta hedapena eraldatzen ari dira. Horri gehitu behar zaizkio zenbait patogenok kontrolatzeko erabiltzen diren produktu fitosanitarioekiko duten gero eta erresistentzia handiagoa eta Europar Batasunaren «Baratzetik mahaira» estrategiaren esparruan 2030erako haien erabilera eta arriskua % 50 murrizteko Europako konpromisoa.
Egoera horretan, mahatsondo-barietate erresistenteak potentzial handiko alternatiba dira. Gaixotasun fungikoei, hala nola mildiuari eta oidioari, aurre egiteko aukera ematen dien material genetikoa dute, eta horrek % 70 arte murriztu dezake tratamendu fitosanitarioen beharra. Gainera, mediterraneoko eskualdeetako barietate tradizionalekin konbinatuz gero, gaixotasunekiko erresistentziaz gain lehorteekiko tolerantzia handiagoa duten landareak lortzeko aukera berriak irekitzen dira.
«Mugaz gaindiko mahastizaintza- eta ardogintza-eskualdeetako baldintza klimatiko eta edafologiko desberdinetan barietate horiek nola jokatzen duten ezagutzea funtsezkoa da, produkzio-sistemetan sartzea baloratzeko eta ekoizpen-sektoreak bere egin ditzan errazteko», azaldu du Ana Diez NEIKERren Landare Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzaile eta proiektuaren koordinatzaileak.
Barietate berriak ebaluatzea mahastizaintza erresilienteagoa lortzeko
TRANSFERESen helburu nagusia mahatsondoaren laborantzaren produktibitatea eta ingurumen-jasangarritasuna areagotzea da, gaixotasunek eta bestelako ingurumen-faktoreek (lehorteak, esaterako) ekoizpena bereziki arriskuan jartzen duten eremuetan, barietate erresistenteak edo toleranteak erabiliz.
Horretarako, proiektuak Espainiako eta Frantziako ekoizpen-eremuetan gutxi erabiltzen diren barietate hobetuak eta tradizionalak ebaluatuko ditu. Haien portaera agronomikoa eta sanitarioa, estres-egoera desberdinei ematen dieten erantzuna, ingurumen-eragina eta ardoa egiteko lortutako mahatsaren kalitatea aztertuko dira.
Ekimenaren oinarrietako bat bi herrialdeen arteko lankidetza da. Frantziak esperientzia handiagoa du barietate erresistenteak erabiltzen, eta horietako batzuk dagoeneko ardoaren ekoizpen komertzialean erabiltzen dira. Ezagutza horri esker, esperientzia-trukea bultzatu eta aurrerapen teknikoak, arauzkoak eta praktikoak parte hartzen duten Espainiako eskualdeetara helaraztea erraztu ahal izango da.
Halaber, klima-baldintza eta lur-mota desberdinetan egingo diren saiakuntzek barietateak beste ekoizpen-ingurune batzuetara egokitzeari buruzko ezagutza zabaltzeko aukera emango diete Frantziako bazkideei.
Ezagutzaren transferentzia eta sektorearen onarpena
TRANSFERES ez da barietate berrien ebaluazio esperimentalera mugatzen: sortutako ezagutza mahastizaintza- eta ardogintza-sektore osora iristea eta ustiategietan benetako hobekuntza bihurtzea ere bilatzen du.
Horretarako, erakustaldi-jardunaldiak, mugaz gaindiko topaketak eta informazio-jarduerak antolatuko dira, erakunde arautzaileei, ekoizpen-sektoreari eta langile teknikoei zuzenduta. Ekintza horiei esker, esperientziak partekatu, saiakuntzen emaitzak aurkeztu eta barietate-alternatiba berriak beren ekoizpen-sistemetan txerta ditzaketenei hurbildu ahal izango zaizkie.
Halaber, proiektuak gizarteak barietate horiei ematen dien balorazioa aztertuko du; izan ere, hori merkatuan ezartzeko duten potentziala ezagutzeko eta merkatura sartzea errazteko funtsezko alderdia da.
Transferentzia-estrategiak argitalpenak, dokumentazio teknikoa eta dibulgazio-tresnak egitea ere jasotzen du, baita lurraldeko beste eragile batzuekin, hala nola jatorri-izendapenekin, kooperatibekin, upeltegiekin eta ikerketa-erakundeekin, aliantzak ezartzea ere. Horrela, emaitzek proiektua amaitu ondoren ere aprobetxatzen jarraitzea bilatzen da.
Ezagutza partekatua mahastiaren erronkei aurre egiteko
«Barietate erresistente eta toleranteen ebaluazioa klima-aldaketak mahastian jada planteatzen dituen erronkei aurrea hartzeko aukera da. Jakin behar dugu gure laborantza-baldintzetan nola jokatzen duten, zer kalitate enologiko eskaintzen duten eta ekoizpen-sistemetan txertatzeko zer aukera errealak dituzten. TRANSFERESek mugaren bi aldeetan pilatutako esperientzia partekatzeko eta ezagutza hori sektorera hurbiltzeko aukera emango digu, mahastizaintza jasangarriagoa eta etorkizunerako prestatuagoa lortzeko», gaineratu du Díezek.
Espainiako eta Frantziako zazpi erakunderen arteko lankidetza
NEIKERrek koordinatutako TRANSFERES proiektuak Espainiako eta Frantziako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko zazpi ikerketa-erakunde eta ordezkariak biltzen ditu: Centro de Investigación y Tecnología Agroalimentaria de Aragón (CITA Aragón), ARTOMAÑA TXAKOLINA, S.L., Institut Català de la Vinya i el Vi (INCAVI), Institut Français de la Vigne et du Vin (IFV, Pôle Sud-Ouest), Chambre d’Agriculture de la Haute-Garonne eta Viñas del Vero S.A.U.
Ekimenaren guztizko aurrekontua 1.008.436,39 eurokoa da, eta horietatik 655.483,65 euro Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketari dagozkio. Proiektua 2026ko urtarrilaren 1ean hasi zen eta 2028ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.
TRANSFERES proiektua (EFA045/01) Europar Batasunak % 65ean kofinantzatzen du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren (POCTEFA 2021-2027) bidez; programa horren helburua Espainiaren, Frantziaren eta Andorraren arteko mugaldeko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da.