IA bidez hartutako erabakiak azaldu eta egiaztatu ahal izateko

Albisteak

Cloud Data Enginek, AITk, Fraunhofer FITek, Sopra Steria Belgiumek eta TECNALIAk European AI Evidence Alliance sortu dute, erakunde batetik bestera IAri buruzko ebidentzien jarraitutasuna bermatzeko eta datu-trukeak eskalatu ahal izateko.

Cloud Data Enginek (CDE), AIT Austrian Institute of Technologyk, Fraunhofer FITek, Sopra Steria Belgiumek eta TECNALIAk European AI Evidence Alliance abiarazi dute gaur. Haren helburua da IA bidez hartutako erabakien oinarri diren ebidentziek erakunde batetik bestera jarraitutasuna izatea eta egiaztagarriak izatea, IArekiko konfiantza bermatzeko eta datu-trukeak eskalatu ahal izateko.

Banku batek IAk lagunduta mailegu bat ukatzen duenean edo ospitale batek eredu bat erabiltzen duenean irudi mediko bat interpretatzeko, norbaitek gerora gertatutakoa azaldu ahal izan behar du: zer eredu erabili zen, zer daturekin entrenatu zen, nork egiaztatu zuen eta zer arauren arabera. Gaur egun, informazio hori sakabanatuta dago ereduaren fabrikatzailearen, hura erabiltzen duen erakundearen eta auditorearen artean. Pieza guztiak badaude, baina, elkarrekin hartuta, oso gutxitan osatzen dute edonork egiazta ditzakeen ebidentzia-multzo bat.

2027ko abendutik aurrera (2028ko abuztutik aurrera produktuetan integratutako IArentzat, hala nola gailu medikoetan), Europako IAren Erregelamenduak (AI Act) arrisku handiko IA sistemek beren funtzionamenduaren erregistroak gordetzea eskatzen du. Erregistro horiek baliozkoak izateko, beste batzuek irakurri eta haietan konfiantza izan behar dute.

Gabezia horrek berak datu-trukea ere oztopatzen du. Erakunde bakoitzak bere IA eta datuak kontrolatu behar ditu bere mugen barruan. Balio-kateko hurrengo eragileak ere jakin behar du kontrol horiek egin direla, berriro egin beharrik izan gabe. Hori gabe, datuen eta ereduen trukeak, Europako datu-espazioetan egiten direnak, esaterako, konfiantzazko bazkide gutxi batzuetara mugatzen dira eta ez dira eskalagarriak.

Aliantzak erakundeen artean ebidentzia horiek sortu eta egiaztatzeko zehaztapen komun bat definituko du, kideek beraiek idatzia, inork eredurik edo daturik entregatu beharrik izan gabe. Horren ordez, erakundeek egiaztagarriak diren atestazioak trukatuko dituzte. Kideek osagai errazagoak eta eraginkorragoak garatuko dituzte, erakundeek dagoeneko erabiltzen dituzten sistemetan erraz integratzeko modukoak. Hasiera batean, erabilera bikoitzeko aplikazioetan (arlo zibilean eta defentsan), finantzetan, farmazia-industrian eta osasunean jarriko da arreta, eta, ondoren, beste sektore batzuetara zabalduko da.

Kide sortzaileek badakite elkarrekin lan egiten: Europako ikerketa-proiektuetan eta Europako datu-espazioen ekimenetan lankidetzan aritzen dira. Aliantzak helburu komun bat ematen dio lankidetza horri. Atxikitzeko arauak 2027aren hasieran zehaztuko dira, eta kideek ekarpenak egiteko konpromisoa hartuko dute. IA ereduen hornitzaileek, azpiegituren operadoreek, auditoreek eta IA erabiltzen duten erakundeek interesa adieraz dezakete www.evidencealliance.ai webgunean.

Alban Schmutz, Cloud Data Engineko presidentea: «Gaur egun, IA bidez hartutako erabaki baten oinarri diren ebidentziek jarraitutasuna galtzen dute, horiek sortu dituen erakundetik ateratzen diren unean. Cloud Data Enginek dagoeneko automatizatzen du ekosistema federatuetako araudia betetzen dela egiaztatzeko prozesua, eta kualifikatutako IA ereduen erregistro deszentralizatu bat sortu du. Esperientzia hori Aliantzara ekarriko dugu, IAri buruzko ebidentziek jarraitutasuna izan dezaten, ereduaren fabrikatzailetik auditorearengana arte, erakundeek dagoeneko erabiltzen dituzten sistemetan integratzeko bezain arinak diren osagaien bidez».

Mario Drobics, AITko Cooperative Digital Technologies Unitateko arduraduna: «IAren potentzial osoa baliatzeko, eragileen artean ebidentziak eta konfiantza ezarri behar ditugu. AITk sistema digital seguru eta fidagarriei buruzko ikerketa-ekarpena egingo du, kateko eragile bakoitzak aurretik egindako kontroletan oinarritu ahal izan dezan».

Dr Christoph Lange-Bever, Fraunhofer FITeko Data Science and Artificial Intelligence Saileko burua: «Datu-espazioek erakutsi dute erakundeek datuak parteka ditzaketela, haien gaineko kontrola galdu gabe. Aliantzak printzipio hori IAri buruzko ebidentzietara eramaten du, balio-kate osoan partekatu, egiaztatu eta fidagarriak izan daitezen».

Cédric Genin, Sopra Steria Belgiumeko Defence & Security aholkularitza-zuzendaria: «Defentsako, sektore publikoko, finantza-zerbitzuetako, osasuneko eta industriako gure bezeroek galdetzen digute nola frogatu erabilitzen duten IA eta haien hornitzaileek erabiltzen dutena kontrolpean daudela. Aliantzak eskaera hori erakundeen artean funtzionatzen duen erantzun bakar batean bilakatzen du».

Joseba Laka, TECNALIAko Digital Operational Unitzeko zuzendaria: «TECNALIAk arrisku handiko IA sistemen eta produktuetan integratutako IAren bizi-ziklo osoan zehar betetze-ebidentzien trazabilitatea bermatzeko lan egiten du. Ikuspegiak bi jardun-ildo ditu: lehenik, osasunaren eta farmaziaren sektoreetan ebidentzietan oinarritutako trazabilitate-esparru sendoak ezartzea, araudiaren eskakizunak bereziki zorrotzak baitira; bigarrenik, I. eranskinean jasotako arrisku handiko IA sistemen fabrikatzaileei laguntza egituratua eskaintzea, energiaren sektoreari arreta berezia eskainiz. Bi kasuetan, helburua bera da: trazabilitate-osagai nahikoa errazak eskaintzea, erabiltzaile industrialek har ditzaten eta dagoeneko erabiltzen dituzten betetze-prozesuetan integra ditzaten».

Iragarpena Vienan egin den Gaia-X Summit 2026 ekitaldiaren esparruan aurkeztu da. Gaia-Xek antolatu du, AITk kudeatzen duen Gaia-X Hub Austriaren lankidetzarekin, kide sortzaile guztiak bertan zirela.

Egutegia

  • 2027aren hasiera: Aliantzaren gobernantza abian jartzea.
  • 2027aren amaiera baino lehen: lehen emaitza teknikoak eta erabiltzaile industrialekin egindako proiektu pilotuak.

Partekatu

Beste berri batzuk