BCBLko ikertzaile bat, Espainiako Gazte Akademiako kide berria
Alejandro Tabas, «Pertzeptzio Inferentzia» taldeko burua, erakundeak bere azken deialdian hautatutako 10 pertsonetako bat izan da
Ikerbasque eta Ramón y Cajal ikertzailea, BCBLn 9 pertsonako talde bat koordinatzen du garunak soinuak eta irudiak nola hautematen dituen ikertzeko
Alejandro Tabas, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroko Ikerbasque eta Ramón y Cajal ikertzailea, Espainiako Gazte Akademiak 2026ko deialdian hautatu dituen 10 kide berrietako bat da.
Erakundeak, Espainiako Institutuarekin lotua dagoenak, zientzia sustatzen du 2019tik gazteen artean aukera profesional gisa, ikerlari gazteei ahotsa eta ikusgarritasuna eskainiz. Ostegun honetan, azaroaren 26an, Akademiko berriei dominak banatu zaizkie.
Sariak Alejandro Tabasen ibilbidea aitortzen du. 2024tik BCBLko ikerketa-talde baten buru izan da eta, aldi berean, Leipzig-eko Max Planck Institutuan ikertzaile elkartu gisa dihardu. 2023an Europar Batasunaren ERC Starting Grant beka jaso zuen, eremu subkortikaletako pertzepzio-inferentzia aztertzeko.
«Akademiko gisa dudan helburuetako bat herritarrek zientziaren inguruan duten ikuspegia aldatuko duten ekimenak garatzea da, inguratzen gaituen errealitatea modu argiagoan ikusteko tresna gisa ulertu dadin. Errekonozimendu honek aukera paregabea eskaintzen dit herritarrei gure aurkikuntzen berri emateko eta gure lanarengan duten konfiantza berreskuratzeko», azpimarratu du Alejandro Tabasek.
Donostiako zentroan duen lantaldea, gaur egun 9 lagunez osatua, lau ikerketa-ildo nagusitan zentratzen da: entzuten ditugun soinuen interpretazioa inplementatzen duten garuneko zirkuituak aztertzea; gizakiok zentzumen-seinaleak behar bezala identifikatzeko behar dugun informazioa nola ikasten dugun analizatzea, bai entzumenean, bai ikusmenean; garuna ulertzeko neurona-sare artifizialak entrenatzea; eta aditu klinikoekin elkarlanean aritzea, pertsona bakoitzak mundua modu desberdinean zergatik hautematen duen ulertzeko.
Aurkikuntza berriak
Ikerketa-lan honek, azken hilabeteotan aurkikuntza eta aurrerapen zientifiko nabarmenak ekarri ditu, ospe handiko aldizkarietan argitaratu direnak.
Taldeak, adibidez, Dresden-go (Alemania) laborategi kliniko batekin lankidetzan, dislexiadun pertsonen garuneko-egitura batzuen jarduera, garun neurotipikoaren alboan, ez dagoela entzungo duenaren espektatiben hain menpe aurkitu du.
«Soinuak entzuten ditugunean, gure espektatibek entzumenari eskainitako garuneko eremuen lana graduatzen dute. Zerbait gertatuko dela baldin badakigu, garunak baliabide gutxiago erabili behar ditu soinua prozesatzeko, baina ezohiko soinuek askoz garun-jarduera handiagoa ekartzen dute gogora», azaldu du Alejandro Tabasek.
Ikerlariaren arabera, pertsona dislexikoei buruzko aurkikuntza berriak hizkuntza ikastea zein prozesu kognitibok zailtzen dieten ulertzea ahalbidetuko du.
Espainiako Gazte Akademiari buruz
2019an sortu zen Global Young Academy-ko ikertzaile-talde baten eskutik, eta urtero 10 kide berri jasotzen dituen erakundea da Espainiako Gazte Akademia. Kide izateko muga 5 urtetakoa da, gutxi gorabehera dituen 50 kideren gaztetasuna mantentzeko helburuarekin.
Akademia bere diziplina anitzengatik nabarmentzen da, hainbat arlo desberdinetako adituak bilduz, besteak beste: informatika, ingeniaritza, arkeologia, antropologia kulturala, paleontologia, farmazia, albaitaritza, biologia, kimika, psikologia, fisika, politika eta kultura europarra, turismoa, artearen historia, dantza, neurozientzia, ekologia, ingurumena, matematika, adimen artifiziala, kirol zientziak, hizkuntzalaritza, filologia, elikagaien teknologia edo filosofia.