Cuivres en Pays Basque izango da protagonista larunbateko Miramongo Matinéean

Albisteak, Gipuzkoa

Metal sekzioko musikariz soilik osatzen den Iparraldeko taldeak Fauré, Golson eta Hadermann bezalako egileen obrak interpretatuko ditu larunbat honetan, maiatzak 13, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko azken-aurreko hitzorduarekin datoz, kasu honetan Cuivres en Pays Basquek eskainiko duena, ‘Metalak Euskal Herrian’ izenburupean, larunbat honetan, maiatzak 1311:00etan, Miramongo egoitzan.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Cuivres en Pays Basque (‘Metalak Euskal Herrian’) Ipar Euskal Herrian jatorria duen kultur erakunde bat da, hiru esparru nagusitan lan egiten duena: hezkuntza sektorea, non tailer pedagogiko-artistikoak eskaintzen dituen; sektore amateurra, zeinaren praktika sustatzen duen; eta arlo profesionala, zeinaren baitan kontzertuak eskaintzen dituen hainbat formatutan, errezitaldi txikietatik hasi eta metalen saileko 30 musikari arteko orkestra-formazioetaraino. Maila handiko orkestra europarretatik datozen interpreteak hartzen ditu barne.

Taldea Denboraldiko azken-aurreko Miramongo Matinéean dozena erdi musikariz osatutako metal formazio txiki gisa aurkeztuko da: Jimmy Charitas (tronpa), Didier Bousquet (tronpeta), Miguel Echepare (tronpeta), Arnaud Mandoche (tronboia), Ander Raya (tronboia) eta Oscar Abella (tuba). Charitas eta Raya ez beste guztiak Euskadiko Orkestraren kideak dira.

Oraingo honetan, Cuivres en Pays Basquek bidaia musikal bat proposatzen du, Errenazimenduko musikatik musika garaikidera eta jazzera arte, FalconieroFauréVerhelstStevens eta Golson bezalako egileen lanekin.

Aipamen berezia merezi dute Matinéea ireki eta itxiko duten obrek. Kontzertua hasteko taldeak bere ereserki ofiziala interpretatuko du, Metalak Euskal Herrian, bere kideetako batek idatzia, Nicolas Chatenet-ek, Parisko Opera Nazionaleko Orkestrako tronpeta bakarlari ere badenak. Matinéea itxiko duen obra Jan Hadermannen Gernika izango da (Ander Rayak egindako moldaketa batean), 1937an udalerri bizkaitarra suntsitu zuen bonbardaketa beldurgarriaren oroimenez. Hain zuzen bonbardaketaren 86. urteurrena duela egun gutxi izan zen. Azken obra honetan Ortzi Oihartzabalek —Euskadiko Orkestraren biolinjole ere badenak— narratzaile-lanak egingo ditu.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk