Deustuko Unibertsitateak Lantek sartu du bere Industria Digitaleko katedran

Albisteak, Araba

Datu Zientziako eta Adimen Artifizialeko Gradu (DZAAG) berri bat abian jartzeko, agertoki horretara egokitutako profilak sortu ahal izateko

Katedra berria profesionalak fabrikazio eta kudeaketa industrialeko prozesu berrietan prestatzeko bokaziorekin sortu da

Mundu osoko eta jarduera-sektore guztietako konpainia askok argi eta garbi adierazten dute adimen artifiziala (AA) XXI. mendeko industria garrantzitsuena dela, eta horrek aldaketa handia ekarriko du datozen urteetan negozio-ereduetan. Datuek erabakiak hartzeko ezagutza- eta analisi-iturri gisa duten balio handiaz eta prozesuen ezarpenean duten eraginaz jabeturik, erakundeek profil profesional berriak eskatuko dituzte errealitate horri aurre egiteko.

Hain zuzen ere, enpresa- eta industria-sarearen eta, azken batean, gizarte-sarearen agertoki berri horri erantzunez, Deustuko Unibertsitateak Datu Zientziako eta Adimen Artifizialeko Gradu (DZAAG) berri bat jarri du abian, datuen kudeaketa eta analitika aurreratua menderatzeko eta enpresa-prozesuak optimizatzeko eta automatizatzeko AAn oinarritutako irtenbideak garatzeko lanbide-profil horiek sortzeko helburuarekin.

Testuinguru horretan, Deustuko Unibertsitateak Industria Digitaleko bere Katedran industria-arloan abangoardiako AA aplikatzeko punta-puntako enpresa bat sartzea erabaki du, hain zuzen ere Lantek, metal-arloko enpresen eraldaketa digitalean aitzindari den multinazionala eta bere sektorean lider nabarmena dena, berritzeko duen gaitasunari eta talentu berria sustatzeko eta nazioartekotzeko duen konpromisoari esker. Gaur egun, 25.700 bezero baino gehiago ditu, ehun herrialde baino gehiagotan banatuta, eta 20 bulego baino gehiago 14 herrialdetan.

Garapen ekonomiko eta sozialerako prestakuntza

Industria Digitaleko Deustuko Katedraren helburua bi erakundeak elkarlanean aritzea da 0.4 Industriaren arloko dibulgazio-, preskripzio- eta prestakuntza-jardueretan.

Katedra hori sortuta, Deustuko Unibertsitateak inguruko eragileen plataforma eta topagunea sortu nahi du, unibertsitateko lehen eta hirugarren misioa -prestakuntza eta ezagutzaren transferentzia- betetzeko, lanbide-gaitasun hobearen bidez.

Hitzarmen horren arabera, Deustuko Unibertsitatea eta Lantek lanean hasi dira industria-negozioan AAren aplikazioaren bidez lagundutako garapen teknologikoko planteamendu bat abian jartzeko. Planteamendu horrek datu-ingeniaritzaren eta datu-zientziaren arteko bidea egiten du, besteak beste, IoT industrialeko Edge/Cloud garapenetatik ere igaroz. Ildo horretatik, bi erakundeetako irakasle, ikertzaile eta profesionalek eta mundu osoan ospea duten erreferenteek ezagutza partekatuko dute AA graduko eta Ingeniaritza Fakultateko beste gradu batzuetako ikasleekin (adibidez, Informatika edo Elektronika gradukoekin). Proiektu horrek bi aldeen sentsibilitateak ukitzeaz gain, gizartera ere zabalduko da.

Hitzarmenaren arabera, dibulgazio- eta difusio-jardunaldiak egingo dira eta gradu eta master mailako gai espezifikoetako irakasgai berriak diseinatu eta ezarriko dira, bai eta enpresak eta unibertsitateak tutorizatutako ikasleen proiektuak ere.

“Eguneroko edozein eremutan sortzen diren datu-pilaketa izugarrietan ezkutuko balioa ateratzeko tresna bikaina da AA. Irudika daitekeen edozein agertokitan parerik gabeko itxaropen globalak proiektatzen ditu”, azaldu du Asier Perallos, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak. Gainera, “Industria Digitaleko Katedran egiten den jarduerak osagai digitala sartzen laguntzen digu jatorriz ez dagoen industria-adarreko ikasketa askotan. Eta erreferente garrantzitsuen eskutik: Lantek bezalako enpresekin dugun lankidetzari esker, benetako industria-premiak eta abangoardiako teknologia ikasgeletara ekartzeko gai gara.”

Lantek-ek hasieratik eutsi dio berrikuntzaren aldeko apustu irmoari eta prestakuntzarekiko eta hezkuntzarekiko konpromiso sendoari, eta badaki gizarteak nolako premia duen AAn trebatutako gazteena, hori izango baita mende honetako abangoardiako teknologia.

“Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeko aliantza honen helburua industriak gaur egun eskatzen duen talentu kualifikatua eta AAn behar diren trebetasunak dituena prestatzea da”, nabarmendu du Alberto López de Biñaspre, Lantekeko zuzendari exekutiboak. “Katedra honi esker, industrian lanean hasten diren edo bertan lan egiten duten pertsonen gaitasuna hobetzen lagunduko dugu, teknologia berriek fabrikazio-prozesuetan, industria-kudeaketan eta negozio-ereduetan sortu duten eraldaketa digitalari dagokionez”.

Partekatu

Beste berri batzuk