Dislexiaren azterketaren gaineko azken aurrerapenak Donostian bilduko dira

Albisteak, Gipuzkoa

BCBLk ekainaren 7tik 9ra bitartean iWORDD ekitaldiaren laugarren edizioa antolatuko du Euskadiko Teknologia Parkeko Donostiako Campusean, irakasle zein gurasoei hizkuntzaren nahasmendu honen ezagutza zientifikoen berri emateko xedez

Bertan dislexiaren diagnosirako tresna digital berriak zein beste herrialde batzuetan erabili diren esku-hartze goiztiarrerako programak aurkeztuko dira batetik, eta, bestetik, pandemiak haur dislexikoen heziketa zenbateraino aldatu duen azalduko dute

Nolako eragina izan du covid-19aren pandemiak dislexiadun haurren alfabetatzean? Benetan beharrezkoak al dira mirarizko sendabideak hizkuntzaren nahasmendu honetarako? Hauek izango dira, beste batzuen artean, hurrengo iWORDD (International Workshop on Reading and Developmental Dyslexia) 2023 ekitadiko protagonistak.

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak nazioarte-mailako bilera honen laugarren edizioa antolatuko du ekainaren 7tik 9ra Euskadiko Teknologia Parkeko Donostiako Campusean kokatua dagoen egoitza nagusian dislexiaren azterketaren azken aurrerapenak aurkezteko, munduko populazioaren % 3 eta 10 artean eragiten duen defizita.

«Lehen bi egunetan alor honetako mundu-mailako aditu nagusiak elkartuko dituen batzar zientifikoa ospatuko da. Azkenengo egunean, dislexia dutenekin harremanetan dauden pertsonei helaraziko diegu informazio hau», azaldu du Marie Lallierrek, BCBLko Neurohezkuntza eta garapen-nahasmenduen taldeko ikerlari liderra eta iWORDD-eko batzorde zientifikoko kidea.

Teknologia, hezkuntza eta covid-19

Ekainaren 9an, ostirala, «Teoriatik praktikara» izenburupean guraso, irakasle, terapeuta eta logopedei aurrerapen zientifiko esanguratsuenetako batzuk ezagutaraziko zaizkie. Halaber, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza kontseilariak ekitaldiari hasiera emango dio.

BCBLko Marie Lallier ikerlariak, esaterako, zentroan garatutako tresna digitalak aurkeztuko ditu (16:00-17:00h), dislexiaren inguruko aurkikuntza zientifikoak praktikan jartzeko baliagarriak.

«Gure tresnak dislexiaren detekzio eta diagnosia erraztera zuzenduta daude. Era berean, nahasmendu honen eragin negatiboak arintzeko hezkuntzako esku-hartzeak hobetzeko xedea dute», nabarmendu du Lallierrek.

Egun horretan ere, Franck Ramus ikertzaile frantsesa dislexiadun haurrentzako salgai dauden «mirarizko» produktuen gainean mintzatuko da (11:30-12:30h), funtzionatzen duena eta ez duena bereizten jakiteko gakoak emanez; Charles Hulme irakasle britainiarrak Nuffield Early Language Intervention (NELI) programako lana aurkeztuko du (12:30-13:30h), egun Ingalaterrako lehen mailako 10 000 eskola ingurutan zein LanguageScreen.com aplikazioan garapenean dagoena.

«NELI-k erakutsi duenaren arabera, esku-hartze goiztiarrak haurren ahozko hizkuntzako gaitasunetan zein irakurriaren ulermenean hobekuntza nabarmenak ekar ditzake, baita jokabide arazoak murriztu ere. Aplikazio birtualak, gainera, ikastetxeei hizkuntza zailtasunak dituzten haurrak identifikatzen laguntzen die, baita haien aurrerapenak monitorizatzen ere», aurreratu du Hulmek.

Bestalde, Cameron Downing irakasle britainiarrak covid-19aren pandemiaren inpaktua eta dislexiadun haurrengan (aurrez aurreko jarduera trinkoa behar izaten dutenak) urruneko heziketak nola eragin duen azalduko du (​​10:00-11:00h) batetik, eta bestetik, ebaluazio eta esku-hartze teknologia eraginkor eta sendo berrien garapenaren hazkundearen inguruan egingo du berba.

iWORDD 2023 ekitaldiko hitzaldi oro ingelesez izango da, gaztelania eta euskarazko aldibereko itzulpenarekin, Marie Lallierrena izan ezik, gaztelaniaz izango dena. Azken honek ere ingeleserako itzulpena izango du.

 

Izena eman eta bertaratu ahal izateko informazio guztia web-gunean dago.

Partekatu

Beste berri batzuk