Doktoratu ondoko sei beka osasun-arloko irtenbide aurreratuetarako biomaterialak ikertzeko
Europako funtsekin batera finantzatutako BREATH programak nazioarteko talentua erakartzeko bigarren deialdia ireki du
Programa honek indartu egiten du CIC biomaGUNE, diagnosirako edo tratamendurako berrikuntzak garatuko dituzten punta-puntako ikertzaileak prestatzeko erreferentzia-zentro gisa
CIC biomaGUNEk hasiera eman dio doktoratu ondoko BREATH programa aitzindariaren bigarren deialdiari, doktoratu ondoko sei ikerlari hautatzeko xedez. Ikerlari horiek aukera izango dute 24 hilabetez prestakuntza jasotzeko, nazioartean lehiakorra den programa bati esker. Deialdia irailaren 30era arte egongo da zabalik, eta aukera emango die hautatuei egiten dituzten aurrerapenak sektore biosanitarioaren berrikuntzan aplikatzeko, punta-puntako irtenbideak garatuz hainbat gaixotasunen diagnosia edo tratamendua egiteko (minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak, neurodegeneratiboak, etab.).
BREATH (Boosting Future Researchers in Biomaterials for Advanced Health Solutions) proiektua Europar Batasunaren Horizon Europe programarekin batera dago finantzatuta, Marie Skłodowska-Curie ekintzen (MSCA) COFUND esparruaren barruan, eta helburua da biomaterialen alorreko abangoardiako ikerketen eta punta-puntako irtenbide biosanitarioen arteko loturak estutzea. Hautagaiek CIC biomaGUNEren zientzia-estrategiarekin bat datorren proposamen zientifiko bat aurkeztu beharko dute.
Irailetik aurrera batuko dira CIC biomaGUNEra BREATH proiektuaren lehendabiziko deialdian (aurtengo otsailean itxi zen) hautatutako bost pertsonak. “Puntuazio bikainak jaso dituzte ebaluazio-prozesuan. Ebaluazio horretan, lehenik eta behin, CVaren eta proposamen zientifikoaren kanpo-ebaluazioa egiten da, eta bigarren fasean elkarrizketa bat, hautagaiek beren proposamen zientifikoak defenda ditzaten zientzia-panel baten aurrean”, azaldu du Aitor Marcosek, BREATH proiektuko kudeatzaileak.
Ikerketa-azpiegitura paregabea
Datozen urteetan, “mundu osoko doktoratu ondoko ikerlari bikainak ariko dira BREATH proiektuan, eta prestatuko dira mediku-arreta aurreratuan erabiltzeko biomaterialen hurrengo berrikuntza-aldia gidatzeko. CIC biomaGUNE zientziaren esparruko bikaintasunera begira diseinatutako espazioa izango da haientzat. Gure ikerketa-azpiegitura paregabeak aukera ematen du biomaterialen ingeniaritza eta oinarrizko ezaugarriak lantzeko zein baliozkotze aurreklinikoak lantzeko”, adierazi du Aitziber L. Cortajarena Ikerbasque irakasle eta CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak.
Doktoratu ondoko programak aukera ematen du hainbat gaixotasunen tratamenduan edo diagnosian aplikatutako biomaterialen proiektuak ikertzeko eta garatzeko; hau da, aukera izango dute “CIC biomaGUNEk egunero aurre egin beharreko erronketan lan egiteko, nanoegiturak eta biomaterial funtzionalak diseinatzen eta horiek prozesu biologikoak ulertzeko eta terapia berriak garatzeko tresna gisa aplikatzen, nazioartean entzute handia duten zentroko ikerlarien gidaritzapean. Gainera, “programarekin sektore arteko, diziplinarteko eta nazioarteko prestakuntza bultzatu nahi da, bekadunek dituzten ikuspegi profesionalak sustatzearekin batera”, gaineratu du Aitor Marcosek.
Europar Batasunak doktoratu ondoko programa hori emateak aitortu egiten du CIC biomaGUNE biomaterialen alorreko ikerketa kooperatiboko zentroak egiten duen lana. “Harro gaude tamaina honetako doktoratu ondoko programa gauzatzeko gure zentroarekin erakutsitako konfiantzarekin; izan ere, programak egiaz egingo die aurre biomaterialen esparruko ikerketan dauden erronkei, eta beren ibilbidearen hastapenetan dauden doktoratu ondoko ikerlariak modu lehiakorrean prestatuko ditu, beren garapen profesionalean aurrera egin dezaten”, adierazi du Cortajarenak.
Akademia, industria eta ikerketa klinikoa elkarlotzen dituen zubia
BREATH proiektuak aliantza askotarikoa hartzen du: partaide dira nazioartean aski ezagunak diren ikerketaren alorreko 12 erakunde, bioteknologiaren, osasunaren eta farmaziaren sektoreetako 13 enpresa txiki eta ertain, eta osasun-ikerketako 4 instituzio. “Ekosistema horrek guztiak industriaren eta ikerketaren arteko harremana bultzatzen lagunduko du”, amaitu du Marcosek. “BREATH beka baino askoz gehiago da —adierazi du Cortajarenak—. Akademia, industria eta ikerketa klinikoa elkarlotzen dituen zubia da”.
Marcosek azpimarratu egin du “partzuergoa osatzen duten nazioarteko ikerketa-instituzioen maila handia, bekadunei atzerrian egonaldiak egiteko aukera emango diena”. Honatx instituzio horiek: Universität Wien, CNRS, Leibniz Institute for New Materials, Universidade de Aveiro, Universiteit Antwerpen, Universidade do Porto, Università degli Studi di Padova, SISSA, University of Szeged, Institut Curie, University of Queensland eta Karolinska Institutet.
Bestalde, Marcosen iritziz, “Osasun Ikerketako Bioaraba, Biogipuzkoa eta Biobizkaia Institutuek, eta Nafarroako Unibertsitateko Klinikak lagundu egingo dute proiektuek izan ditzaketen alderdi klinikoen garapenean, partzuergoari lehiakortasun gehigarria emateaz gainera”.
Bekak, era berean, enpresa-inguruneetan prestakuntza egiteko aukera eskaintzen du, biomedikuntzaren eta farmaziaren alorreko enpresa txiki eta ertainen parte-hartzeari esker, besteak beste: AJL Ophthalmic, Aquadat, Biolan Health, Domotek, GlobalPET, Graphenea, I+Med, Innoprot, Microliquid, Nanobots Therapeutics, Oncomatryx eta Polykey Polymers.
Azkenik, BREATH proiektuko bazkideen ekosisteman berrikuntzaren alorreko lau erakunde publiko-pribatu daude (Mondragon Unibertsitatea, Donostia Sustapena, Bic Gipuzkoa eta Innobasque). Erakunde horiek prestakuntza eskainiko dute berrikuntzan, teknologiaren transferentzian eta ekintzailetzan, ikerketa-emaitzak merkatu biosanitariora irits daitezen.