Innobasqueren berrikuntzako kasu praktikoen 7. deialdiak Euskadiko 45 entitateren 52 proposamen
Deialdiak berrikuntzako euskal ekosistemaren aniztasuna eta lankidetzarako izaera erakutsi ditu, enpresa, zentro teknologiko, entitate publiko eta elkarte sozialek aurkeztutako proposamenak jaso baitira
Hainbat esparrutako proiektuek —osasuna, AA, ekonomia zirkularra eta teknologia kuantikoak, esaterako— agerian uzten dute nola berrikuntzak hainbat aukera berri zabaltzen dituen Euskadirako.
Adituen batzorde batek hautatuko ditu orain XV. Global Innovation Day jardunaldian aurkeztu eta Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan jasoko diren kasuak, Euskadin berrikuntzako kasu berriak inspiratzeko erreferentzia izan daitezen
Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, itxi berri du Euskadiko Berrikuntzako Kasu Praktikoen 7. deialdia, eta berrikuntzaren euskal ekosistemako 45 entitatek aurkeztutako 52 proposamen jaso ditu guztira.
Euskadin, jakintzaren eraldaketaren bidez ekonomian, gizartean eta ingurumenean balioa sortzen lagunduko duten Euskadiko berrikuntza-esperientzia errealak identifikatzea eta horiei ikusgarritasuna ematea da aurtengo edizioaren xedea. Horretarako, lau kategoriatan egituratu da deialdia: zientziatik berrikuntzarako transferentzia; adimen artifizialaren aplikazioa berrikuntza-prozesuetan; oinarri zientifiko-teknologikoa duten sektore berrietarantz jarduera dibertsifikatzea; eta administrazio publikoaren zeregina berrikuntzaren motor gisa. Kategoria horiek bat datoz Innobasqueren 2026-2030 Plan Estrategikoan zehaztu diren lehentasunezko jarduera-esparruekin, eta lerrokatuta daude, aldi berean, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin eta Euskadi 2030 Industria Planarekin.
Ekosistema berritzailearen aniztasuna
Deialdiari emandako erantzunak agerian uzten du, berriro ere, berrikuntzako euskal ekosistemak lankidetzarako duen izaera. Enpresek, zentro teknologikoek, ikerkuntza-zentroek, osasun arloko entitateek, administrazio publikoek, fundazioek, kooperatibek eta elkarte sozialek aurkeztu dituzte ekimenak. Edizio honetan, beste behin, Innobasqueko entitate bazkideek berrikuntzarekin duten konpromisoa berretsi dute, aurkeztutako 52 kasuetatik 30 haiek sustatu baitituzte.
Nabarmentzekoa da, era berean, kasu bat baino gehiago aurkeztu duten entitateen parte-hartzea. Horien artean, Ayesa Ibermática enpresak eta BioGipuzkoak hiruna proposamen aurkeztu dituzte, eta AZTIk, Bilboko Udal Informatika Zentroak, Ermuako Udalak eta Mobility LABek bi ekimen bakoitzak.
Askotariko esparruei loturiko proiektuak aurkeztu dira: osasun arloa, industria aurreratua, elikadura, energia, mugikortasuna, merkataritza, administrazio publikoa, adimen artifiziala, ekonomia zirkularra, teknologia kuantikoak edo logistika, besteak beste. Euskadin berrikuntzaren eskutik sektore askotan eta askotan aukera berriak sortzen ari direla agerian uzten du esparruen aniztasun horrek.
Proposamenen hautaketa Global Innovation Day jardunaldirako
Datozen hilabeteetan, adituen batzorde batek aztertuko ditu proposamenak, deialdian ezarritako irizpideak aintzat hartuta; horien artean daude ekimenaren izaera estrategikoa, berrikuntza maila, eragileen arteko lankidetza, sortutako inpaktua, jasangarritasuna eta errepikatua izateko ahalmena.
Hautatutako kasuak XV. Global Innovation Day jardunaldiaren programan aurkeztuko dira, eta Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan jasoko dira. Era askotako esperientziak biltzen dira banku horretan, bi helburu nagusirekin: beste entitate batzuk inspiratzea eta berrikuntzaren euskal ekosisteman trukea eta elkarlana bideratzea.
Gainera, ekimen hautatu horietako batzuk Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen dituen hileroko webinarretan aurkeztuko dira, Euskadin garatutako berrikuntza-esperientziei ikusgarritasuna emateko eta gizarteratzeko asmoarekin.