Donostia Campusaren Illunbeko handitze-lanek BIC Gipuzkoaren egoitza berria hartuko dute, Gipuzkoan zientzia eta teknologiaren arloko ekintzailetzaren etapa berri bati bultzada emateko
Etorkizuneko egoitzak ia 5.000 metro koadro izango ditu laborategietarako, azpiegitura zientifikoetarako eta lankidetza-guneetarako, zientzia eta teknologia oinarriko enpresen hazkundea bizkortzeko. 2027ko lehen hiruhilekorako aurreikusita dagoen lekualdaketak Gipuzkoako berrikuntza-ekosistema indartuko du, eta Euskadin erreferentzia den lankidetza publiko-pribatuaren eredua sendotuko du.
Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Campusaren Illunbeko handitze-lanek BIC Gipuzkoaren etorkizuneko egoitza hartuko dute. Horrenbestez, erakundeak egungo kokapena utzi eta instalazio berri horietara lekualdatuko da. Instalazio berriak 2027ko lehen hiruhilekoan jarriko dira martxan, eta lurraldearen gaitasunak indartzea ahalbidetuko dute zientzia eta teknologiaren arloko ekintzailetza sustatzeko, balio erantsi handiko enpresa berritzaileen sorrera eta hazkundea bultzatuz.
Zientzia eta teknologiaren arloko ekintzailetzarako etapa berria
Sustapen Ekonomikoko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Unai Anduezak azpimarratu duenez, «BIC Gipuzkoak gure lurraldearen garapena ulertzeko modu bat ordezkatzen du, lankidetzan, berrikuntzan eta aukeren sorreran oinarritua. Azken urteetan lortutako emaitzei esker, urrats berri bat eman dezakegu, apustu estrategiko baten bidez Gipuzkoak zientzia eta teknologiaren arloko ekintzailetza sustatzeko dituen gaitasunak indartuz eta balio erantsi handiko enpresen sorrera eta hazkundea bizkortuz. Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko apustua da, epe ertain eta luzera industria berria sortzea, kalitatezko enplegua sustatzea, gure lehiakortasuna indartzea eta pertsonentzat aukera berriak sortzea baitakar».
Zientzia eta teknologiaren arloko ekintzailetzaren sustapenean erreferentziazko eragilea den BIC Gipuzkoaren lekualdaketa azken hamarkadan zentroak izan duen bilakaeraren ondorio da. Epe horretan, 460 enpresa berritzaile sortzen eta sendotzen lagundu du; enpresa horiek %80ko biziraupen-tasa dute sortu eta bederatzi urtera, 3.243 lanpostu sortu dituzte eta inbertitutako euro bakoitzeko 71,25 euroko itzulera estimatua eragin dute.
Egoitza berrira lekualdatzeko erabakia Illunbeko ingurunean kokatutako Euskadiko Parke Teknologikoko Donostiako Campusak etorkizuneko ekimen enpresarialei eskainiko dien espezializazio-potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko hartu da. Ia 5.000 metro koadro izango dituen etorkizuneko BIC Gipuzkoaren egoitzak zientzia eta teknologia oinarriko enpresen inkubazio- eta azelerazio-gaitasuna handituko du, laborategi espezializatuen, partekatutako azpiegitura zientifikoen eta balio erantsi handiko proiektuak laguntzeko diseinatutako espazioen bitartez; bereziki, bioteknologia, osasuna eta bizi-zientzien arloetan.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik adierazi duenez, «ekintzaile batentzat talentua erakartzea finantzaketa lortzea bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da. BIC berria hiri-ingurune batean kokatzeak gure startup-etara talentua erakartzea errazten du. Parke gazteengana hurbildu behar dugu, erakargarriak, biziak eta garraio publikoaren bidez eskuragarriak diren inguruneetara; baita bizikletaz edo oinez iristeko modukoetara ere. Donostiaren bihotzean kokatutako BIC berria, Parkeren Donostiako Campusa handitzen ari den eremuan, bizi-kalitate paregabea eta maila goreneko erronka profesionalak uztartzen dituen gunea izango da. Ekintzailetza-zentro urbanoen eredu hori da Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako erreferente nagusietan ikusten duguna».
Era berean, honako hau gaineratu du: «Euskadi 2030 Industria Planaren helburua gure seme-alabek izan nahi duten kalitatezko enplegua sortzea da. Lanerako espazio berriak sortzen ditugunean, gure seme-alabek zein ingurutan lan egin nahi duten ere entzun behar dugu».
Egoitza berriak startupen, enpresen, teknologia-zentroen, unibertsitateen eta inbertitzaileen arteko lankidetza sustatuko du, eta adimen artifizialean eta datuetan, bioteknologian, osasunean, foodtech-ean, material aurreratuetan, energian eta kliman, industria aurreratuan eta beste teknologia estrategiko batzuetan oinarritutako proiektuak bultzatuko ditu.
Zientzia eta teknologiaren arloko ekintzailetzaren zerbitzura dagoen azpiegitura
BIC Gipuzkoako zuzendari gerente Marisa Arriolaren hitzetan, «Egoitza berriak jauzi kualitatiboa ekarriko du BIC Gipuzkoarentzat eta ekosistema osoarentzat. Enpresak lehen urratsetatik sendotzera arte laguntzeko pentsatutako espazioa diseinatu dugu, laborategi espezializatuak, partekatutako azpiegitura zientifikoak eta lankidetzarako guneak uztartuz. BSL-2 laborategietara, gela garbietara, kultibo-geletara eta biocoworking guneetara sartzeko aukerak startup eta enpresa berriei baliabide estrategikoak eskainiko dizkie berrikuntzarako, hazkunderako eta merkaturatzea bizkortzeko».
Instalazioek ia 5.000 m² hartuko dituzte, eta honako hauek izango dituzte: erabilera pribatuko 11 laborategi, startup eta inkubatutako enpresentzako 21 modulu, 100 m² baino gehiagoko laborategi zientifiko partekatua, biocoworking guneak, 120 m² baino gehiagoko coworking eremua, 21 bilera-gela eta jardunaldi teknikoak eta networking jarduerak egiteko erabilera anitzeko espazio bat.
SOKAI Gipuzkoa Hub, berrikuntza-gune berri bat
Proiektuak lankidetza publiko-pribatuaren eredua du oinarri, Gipuzkoaren eta Euskadiren gaitasunak indartzeko zientzia eta teknologia oinarriko ekintzailetzan, ezagutzaren transferentzian eta lehiakortasunean.
Columbus Venture Partnerseko presidente Javier García Cogorrok adierazi duenez: «SOKAI Gipuzkoa Hub higiezinen azpiegitura hutsa baino askoz gehiago da; bizi-zientzietan espezializatutako berrikuntza-gunea da, zientzia, ekintzailetza, industria, talentua eta kapitala elkartzeko sortua. BIC Gipuzkoaren integrazioak gure anbizioa indartzen du, Donostiatik abiatuta, SOKAI biologiaren eta osasun-zientzien arloko berrikuntza-zentro global nagusiekin konektatutako nodo bihurtzeko, nazioarteko proiektuak erakartzeko eta hemen sortutako enpresek Gipuzkoan hazten eta sendotzen jarrai dezaten laguntzeko».
Etorkizuneko egoitza SOKAI Gipuzkoa Huben integratuko da. Gune hori startupen, enpresen, teknologia-zentroen, unibertsitateen eta inbertitzaileen arteko lankidetza sustatzeko diseinatu da, talentua eta nazioarteko proiektuak erakartzeko gaitasuna indartuz.
Donostiako alkate Jon Insaustik azpimarratu duenez, «BIC Gipuzkoa bere egoitza berrian finkatzeak Donostiaren izaera indartzen du ezagutzaren eta berrikuntzaren hiri gisa. Illunbe balio erantsi handiko sektore ekonomiko baterako gune estrategiko bihurtzen ari da, zientzia eta berrikuntzako ekosistema sendo bati esker. BIC Gipuzkoa bezalako proiektuek enplegu kualifikatua eta talentua erakartzen dituzte, baina batez ere zientzia eta teknologia pertsonaren, herritarraren eta donostiarraren zerbitzura jartzen dituzte, haren bizi-kalitatea hobetzea helburu. Donostiak ez du Europako hiri oparoena izan nahi soilik; zoriontsuena ere izan nahi du, eta ziur nago horrelako proiektu ekintzaileek helburu horretara gehiago hurbiltzen gaituztela».
2027ko lehen hiruhilekorako aurreikusita dagoen lekualdaketaren amaierak bultzada berria emango dio Gipuzkoako zientzia eta teknologiaren arloko ekintzailetzari, eta Gipuzkoaren zein Euskadiren nazioarteko erreferentziazko lurralde gisa duten posizionamendua indartuko du.