Donostiak fabrikazio-teknologiarik berrienak ezagutzera emango ditu ekainaren 12tik 14ra

Gipuzkoa

  • Fabrikazio aurreratuaren alorrean jarduten diren estatuko aditurik nagusienak bilduko dira hiru egunez Donostiako hiriburuan.
  • Jakinarazpen, mahai-inguru eta standek osatzen dute metalaren fabrikazioaren nahiz fabrikazio mekanikoaren azken tendentziak ezagutzeko ezinbesteko foroa.
  • Automozioak, sektore aeroespazialak, fabrikazio gehigarriak eta material berriek leku nabarmena izango dute biltzarrean.

1976. urtetik AFMk antolatzen duen Makina-Erreminta eta Fabrikazio Teknologien 19. Biltzarra hartuko du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak. Metalaren fabrikazioan nahiz fabrikazio mekaniko aurreratuan jarduten diren ikertzaile, teknikari, enpresaburu, irakasle eta ikasleek euren ezagutza eta esperientziak partekatuko dituzte Espainian aitzindaria den eta industriaren lehiakortasuna hobetzera bideratutako biltzarrean.

Europar Batasuneko I+G programen lehentasunekin lotutako 45 txosten baino gehiago aurkeztuko dira, fabrikazioari eta bereziki “Factories of the Future” programaren “roadmap” delakoari dagozkionak. Gai nagusien artean hauek nabarmentzen dira: aeronautikara eta automoziora bideratutako fabrikazio-teknologiak, makina handien eta pieza handien diseinua eta fabrikazioa, iraunkortasuna, makinen adimena eta prozesuak, bai eta mekanikazio- eta deformazio-prozesuen hobekuntza ere.

Ekarpen-teknologiakFabrikazio gehigarria

Saio berezietako batek fabrikazio gehigarriko teknologiak (ingelesez, “additive manufacturing”) edo ekarpenezkoak jorratuko ditu. Objektuak sortze aldera –eskuarki geruzaz geruza–, materialak lotzeko prozesu gisa definitzen dira teknologia horiek eta, hala, 3D objektuak zuzenean fabrika daitezke CAD modeloetatik abiatuta. Gaur egun, erabat funtzionalak diren balio erantsi handiko piezak fabrika daitezke goraka ari diren teknologia multzo horiei esker. Izan ere, gero eta gehiago sartzen ari dira hainbat sektoretan, hala nola, biomedikuntzan, aeronautikan, automozioan, molde eta matrizeen sektorean eta baita kontsumo orokorreko produktuen fabrikazioan ere.

Material konposatuak sektore industrialetan

Beste saio berezi bat ere egongo da, industria-sektoretan material konposatuek duten presentziari buruzkoa. Aipatu materialak aisialdiarekin eta kirolarekin loturiko sektoreetan erabiltzen hasi ziren, baina duela urte batzuetatik hona biziki sartu dira nola sektore aeronautikoan hala eolikoan eta, berriki, automozioaren sektoreak kontuan hartu ditu ibilgailu utilitarioentzako piezak fabrikatzeko. Horregatik, kostuen ikuspuntutik lehiakorrak diren prozesu berriak garatzeko egindako ahaleginak aukera handia dira ekipamendu-ondasuneko fabrikatzaileentzat.

Horrez gain, azkeneko tendentziak zein ebaketa-erreminten fabrikazioaren artearen egoera aztertuko dira, bai metal gogorretan bai altzairuan, eta ekipamendu-ondasun bateko osagaien garapenean emandako azken aurrerapausoak ere bai.

Azken egunean, biltzarrari amaiera emateko, negozio-ereduetako berrikuntzari buruzko saio berezia egingo da, non inguruko enpresen dibertsifikazioarekin loturiko benetako esperientziak aurkeztuko baitira. Amaiera-ekitaldian hiru sari banatuko dira: enpresa batek aurkeztutako txostenik berritzaileena, ikerketa-erakunde baten txostenik onena eta aipamen berezia egingo zaio Karrera Amaierako Proiekturik Onena sari nazionalari. Aipatu saria fabrikazio-teknologiekin loturik dago eta Makina-erreminta Gelako ikasle batek jasoko du.

Partekatu

Beste berri batzuk