Donostiako Teknologi Parkearen Hernaniko zabalkuntzak 9 milioi eurotik gorako kostua izango du

Gipuzkoa

Parkeak 150.000 metro karratu azalera gehiago izateko lanak, besteak beste Orona konpainiaren Berrikuntza Gunea, 2011.urtean hasi ziren eta zabalkuntzaren inbertsio osoa 120 milioi eurokoa izango da. Lehen fasea, lursailaren egokitzea hain zuzen, amaitzear dago eta laster lizitaziora aterako den bigarren faseak urbanizazioari ekingo dio, 12 hilabete iraungo duten obratan. Donostiako Teknologi Parkearen zuzendari Estefania Morcillok azpimarratu du gune berria erreferente bat izango dela bai hiri-mugikortasun arloan baita garraio adimendunaren elektronikan ere.

Donostiako Teknologi Parkeak aurki aterako du bere zabalkuntzaren, hau da Hernaniko Galarreta planaren bigarren faseako lanen eskaintza, bukatuta dagoenean mila lanpostu inguru sortuko dituela aurreikusten duen proiektu estrategikoa. Zabalkuntza proiektuaren bigarren faseari esker parkeak 150.000 metro karratu gehiagoko azalera izango du (gaur egun 1.300.000 m2 ditu); lan hauen lizitazioa laster aterako da eta 12 hilabeteko betetze-epea izango du.

Galarretako zabalkuntza lanek, Donostiako Teknologi Parkearen menpe egongo den campus berri baten sorrera suposatzen du eta 120 milioi euroko inbertsio osoa izango dute 5 urteko epean. 2011ko otsailean hasi ziren lanak, lursaila egokitzeko lurren mugimenduarekin. 5 milioi euroko inbertsioa behar izan duen lehen fasea bukatzear dago. Laster lizitaziora aterako den bigarren fasean urbanizazioari ekingo zaio.

Galarreta planak 150.000 metro koadroko azalera hartzen du, hauetatik 108.000 metro koadro dira eraikigarriak eta gainerakoak bide eta gune berdeekin beteko dira. Lursailaren %60 parkearen jabetzakoa izango da eta %40 Orona konpainiarena, Galarreta planean Parkearekin elkarlanean ari dena.

Bigarren fasea abiaraztearekin batera, lursailaren urbanizazioari emango zaio hasiera; bideak, inguruko eraztun berdea, 250 metro luzeerako boulevard ekologikoa, aparkalekuak (hirigintzako arauek eskatutakoa baino leku gehiagorekin) eta I+G+b jardueratarako eta zentro teknologikoak kokatzeko eraikinentzako lursailen banaketa aurreikusten du bigarren fase honek.

Lan hauek 2013.urtean amaituko dira; une horretan enpresek urbanizatutako lursailak izango dituzte eskura, euren egoitzak bertan kokatzeko. Teknologi Parkeak berak, eraikin batzuk egiteko asmoa du, ondoren enpresei bulegoak alokairuan eskaini ahal izateko.

Estefania Morcillo, Donostiako Teknologi Parkeko zuzendariak, proiektu honen helburu nagusiak azpimarratu ditu: “Alde batetik, toki berean berrikuntzarekin lotutako eragileak biltzea, hala nola unibertsitateak, enpresa eta zentro teknologikoak, beraien arteko lankidetza bultzatuz. Era berean, berrikuntza sustatzea gaur egun dagoen enpresa sarea mantentzeko eta enpresa berriak sortzeko. Baita Oronaren berrikuntza gaitasuna bultzatzea ere, Europan eta munduan, industria arloan erreferentziazko trakzio-enpresa dena.”

Zuzendariak adierazi du, zabalkuntza proiektua burutzen denean, Galarreta-Mondragon plataforma hiri-mugikortasun eta garraio adimendunaren elektronika alorrean, soluzioen erreferente bihurtuko dela (Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2010 planean lehen sektorea), arlo horretan eragile dinamizatzaile izango den masa kritiko bat edukiz, Orona Gunea hain zuzen.

Era berean, Miramongo campusean eta Donostiako korridore Biomediku osoan dagoen sare telematikora konektatuta egongo da Galarretako gune berria, berrikuntza ekosistemaren barruko garraio eta mugikortasunean sartuz; hirigintza eta gunearen antolakuntza erreferentean oinarrituz, enpresa sorrera, proiektu berritzaileak eta ekimen berriak erakartzea sustatuko du.

Azkenik, aipatzekoa da Galarretako campuseko Orona enpresaren proiektua, Berrikuntza Gune bat hain zuzen ere, mota honetako ekimen bakarra dela Europan, enpresak 75 milioi euro inbertitu eta 400 lanpostu berri sortuko dituena.

Partekatu

Beste berri batzuk