EBk, “kasu arrakastatsu” gisa nabarmendu du espaziorako bateria eraginkorragoak eta fidagarriagoak garatuko dituen CIC energiGUNEren Monbasa proiektua

Albisteak, Araba

Europar Batasunaren informazio plataformak euskal zentroa buru den–eta BRTAko beste kide baten, Tecnaliaren, partaidetza ere baduen– proiektua nabarmendu du, “Europarako duen potentzial handiarengatik”, bateria txikiagoak baina indartsuagoak hornitzeko, espaziorako aplikazioetarako, batez ere

 

CIC energiGUNE buru den eta Tecnaliaren eta Gencoa (Erresuma Batua) eta Nanospace (Suedia) enpresen lankidetza duen Monbasa proiektua ikerketa arloko “kasu arrakastatsu” gisa nabarmendu da hilabete honetan, kontinente mailan I+G arloan aurrera eramaten diren jarduera nagusiak aldizkakotasunez jasotzen dituen Europar Batzordearen informazioaren atarian. A tiny battery solution with huge potential for Europe izenburua duen artikulua EBren komunikazio kanal ofizialeko “Success stories” atalean dago.

Testuak zehaztasun osoz aztertzen ditu 2016ko ekainetik 2018ko maiatzera luzatu zen eta EBren aldetik ia milioi bat euroko laguntza izan zuen –kostu osoa 1,2 milioi eurokoa izan zen– Monbasaren jardueraren fase guztiak. Hasteko, artikuluak, “egoera solidoan dauden bateriei buruzko ikerketa aitzindaria, espaziorako aplikazio hobeagoetara eta seguruagoetara eramango gaituzten bateria txikiago baina indartsuagoetarako bidea ari da irekitzen” esaten du.

Horrela, informazioak bere egiten ditu Miguel Ángel Muñoz Márquez CIC energiGUNEko ikerlari eta Monbasa proiektuaren arduradunak, nanosateliteek duten gero eta garrantzi handiagoari eta, ondorioz, energia unitate seguruak, fidagarriak eta ahalik eta arinenak izan beharrari buruz esan dituen hitzak. “Energiaren biltegiratzea funtsezkoa da nanosateliteen ahalmenetan hobekuntza txikiak egiteko”, adierazi du Muñozek. Artikuluaren egileak adierazi duenez, emaitza, orain “Europa, milioi askoko aukerak eta itxaropenak dituen sektore honen buru izateko lasterketan berriro sartu dela da”. Azpimarratu behar da, proiektuaren lider den CIC energiGUNEz gain, Ikerketa eta Teknologia Euskal Aliantzako (BRTA) beste kide bat ere badagoela, Tecnalia. Horrek argi eta garbi erakusten du erakundeak jardueraren eremu horretan duen potentziala.

Monolithic Batteries for Spaceship Applications / Monbasa

Monbasa proiektua, voltaje altuko Li-ion bateria batean integratutako elektrolito solidoak erabiltzeko aukera ematen duten prozesatze teknika berrien hobekuntzan oinarritzen da. Hori dela eta, bateria horiek bateragarri izango dira mikrosentsore serie berria fabrikatzeko erabiliko diren eta dagoeneko satelite aurreratuenetan integratzen hasi diren teknikekin.

Monbasaren abantaila nagusietako bat, elektrolito likido toxiko eta sukoien erabileran oinarritutako Li-ion teknologiak orain arte eragin dituen fidagarritasun arazoei amaiera ematen diela da. Voltaje altuko Li-ion bateria batean integratutako elektrolito solidoen planteamenduaren eta erabileraren bitartez, prozesatze tekniken bitartez, elektrolito likidoetan oinarrituta dauden egungo baterietan baino energia dentsitate handiagoa duten Li-ion bateria solidoak lortu daitezkeela erakutsi nahi da. Bateria horiek hobetu egingo dute kanpoko espazio hutsean duten funtzionamendua, eta baita tenperaturen interbaloa ere, interbalo handiagoan arituz. Horrez gain, likidorik gabeko osagai solidoei esker, jaurtiketa faseko dardarak eta azelerazioak jasateko gai izango den sendotasuna izango dute.

EBko atariko artikuluak azpimarratzen duen bezala, 2023an mundu mailan 700 nanosatelite jaurtiko direla aurreikusten da. 2013an 88 jaurti ziren. Horrek argi eta garbi erakusten du sektorearen potentziala. Baterien garrantzia oso handia da, are gehiago kontuan izaten badugu satelitearen edozein elementuren pisua kilo batean murrizteak 50.000 euroko aurrezpena eragin dezakeela jaurtitzeko orduan.

Edozelan ere, horrelako baterien berehalako aplikazio eremua nanosateliteena izango den arren, beste esparru batzuetara ere begiratzen dute, IoT-era (Internet of Things) eta 4.0. Industriara, besteak beste. Miguel Ángel Muñoz Márquezek artikuluaren amaieran esaten duen bezala, “ez daukagu kostu osoari dagokionez zenbat murrizteko gai izango garen erakutsiko digun kristalezko bolarik, baina argi eta garbi dago oso lehiakorrak izango garela, eta hori interesgarria da edozein bateria fabrikatzailerentzat”.

Partekatu

Beste berri batzuk