Eguzkilore boskotea izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista
Euskadiko Orkestraren hari-sekzioko bost kidek osatutako taldeak Mozart eta Brahmsen obra bana interpretatuko du larunbat honetan, urtarrilak 11, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan
Larunbat honetan, urtarrilak 11, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen 24/25 Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, Eguzkilore boskoteak ‘Hari klasikoak’ izeneko kontzertua eskainiko du. Euskadiko Orkestraren bost kidek osatzen dute taldea: Amaia Asurmendi (biolina), Mikel Ibañez (biolina), Maite Abasolo (biola), Arkaitz Martinez (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).
Eguzkilorek ganbera-errepertorioko bi maisulan proposatzen ditu Matinée honetarako, Mozartek eta Brahmsek idatzitakoak. Bi kintetoek, nahiz eta estilo eta espiritu aldetik desberdinak izan, beren musikagileek ganbera-formatuaren erabileran zuten jenialtasuna erakusten dute, baita musikaren bidez emozio konplexuak adierazteko zuten gaitasuna ere.
Alde batetik, Mozarten K.516 Harirako kintetoa 1787an hari-laukote tradizionalerako idatzitako obra da, eta biola bat gehitzen zaio. Mozarten iritziz, biolaren soinua zen giza ahotsetik hurbilen zegoena, eta berak ere jotzen zuen instrumentu hori aldian-aldian Kegelstatt Trio ospetsuan eta antzeko ensemble txikietan. Mozarten lan berantiarra da, izaera ilun eta malenkoniatsukoa, sol minorrean idatzi zituen gainontzeko konposizioen antzekoa. Oso obra gutxi idatzi zituen tonalitate minorragoetan, eta sol minor tonalitatean adierazten zuen hobekien Mozartek tristura eta tragedia.
Bestetik, Brahmsek Op.111 Hari-kintetoa 1890 urtean idatzi zuen, Mozartena baino ehun urte geroago, eta estreinaldiak zirrara sortu zuen. Brahmsek bere azken konposizioa hau izatea nahi zuen, baina gero beste lan gutxi batzuk idatzi zituen. Obra honen konposizioa Brahmsek Italiara egindako bisita batek markatu zuen, berarengan eragin bizigarria izan zuena. Horregatik, Brahmsek lan melodiko honetan Mediterraneoko jendearen kanporakoitasuna islatu nahi izan zuen, liluratu egin baitzuen ezaugarri horrek. Bere testura batzuetan orkestralarekin eta erritmo hunkigarri brahmsiarrekin, obra alai honek hasieratik entzule eta interpreteen bihotzak konkistatu zituen, azken horientzat erronka nabarmena bada ere obra jotzea.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.