Ekimen berri bat sortu du Eusko Jaurlaritzak enpresentzako atzerrian negozioak bilatzeko
Basque Country Expertise programak, SPRI taldearen bidez Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean bildurikoak, atzerrian saldu nahi ditu euskal arrakasta-ereduak: parke teknologikoekin eta hiri iraunkorrak sortzearekin hasi eta berrikuntzarekin eta klusterrekin buka.
Zerbitzuak, aurten abiarazi eta 2011n ezarritako atzerriko inbertsioa erakartzeko arlo berriari gehitzen zaionak, hiru proiektu kudeatzen ditu jada Latinoamerikan.
Eusko Jaurlaritzak ekimen berri bat abiarazi du euskal enpresen atzerrirako irteera indartzeko. Basque Country Expertise deituriko programak, SPRI Taldean (euskal enpresa-sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren sozietate publikoen multzoa) atzerrian saldu nahi ditu Euskadiren kudeaketa-eredu arrakastatsuak eta euskal enpresentzako atzerrian negozio-aukerak bilatu. Aurten abiarazitako zerbitzu horrek hiru proiektu kudeatzen ditu jada: laguntza teknikoa berrikuntzaren arloan Txileko Gobernuari, hiri iraunkorren garapena Latinoamerikan eta sare elektriko adimendunen proiektuaren garapena.
Euskadin garatutako proiektu arrakastatsuak atzerrian ezagutaraztea da helburua, industria-birmoldaketako planekin, parke teknologikoen ereduarekin eta hiri iraunkorrak sortzearekin (biziberritze-adibideak eta guzti, hala nola Bilboren kasua) hasi eta berrikuntza-ereduekin, klusterrekin eta enpresen nazioartekotzearekin buka. Ideien esportazio horrekin batera, Euskadin proiektu horiek garatu dituzten euskal enpresak izango dira atzerrian ere garatu ahalko dituztenak, eta negozio-bide interesgarria zabaltzen du horrek.
Basque Country Expertise programak nazioarteko negozio-aukerak sortu nahi ditu euskal enpresentzat, batez ere zerbitzu aurreratuen sektoreko enpresentzat, Euskadik eta euskal erakundeek atzerrian duten izen ona finkatu eta hobetzea oinarritzat hartuta. Invest in the Basque Country arlokoari gehitzen zaio ekimena, eta hura ere SPRI Taldearena da, helburutzat atzerriko inbertsioak erakartzea duena, eta urte eta erdian Euskadin bost proiektu ezartzeko lagundu du, hiru urteko epean 200 enplegu baino gehiago sortuta. Invest in the Basque Country programari esker atzerriko inbertsioak erakartzeko esklusiboki bideraturiko arlo bat sortu zen Eusko Jaurlaritzan. Hau da, modu sistematiko eta profesionalean inbertsioak erakartzeko bideraturikoa, ordura arte bultzadaka egindako lana baitzen.
Bi ekimenak ere 2009-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren ondoriozkoak dira, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren jardun-gidaren ondoriozkoak, hau da, euskal enpresen nazioartekotzea, berrikuntza eta iraunkortasuna indartzea helburu duen planarena, iraunkortasuna benetako negozio-aukera gisa hartuta betiere.
Euskal eredu arrakastatsuak saltzeko bideetako bat garapeneko erakunde multilateralak dira, proiektu ugari sustatu eta finantzatzen dituzten erakundeak. Horietako batek, Garapenerako Banku Interamerikarrak, 10.000 milioi dolar mugitzen ditu urtero kreditutan eta aholkularitza erosten du, hori ere beste negozio bat euskal konpainientzat, balioa dela-eta.
Basque Country Expertise programa enpresei babesa eta laguntza emateko ekimen bat da, ez diru-laguntzen programa bat, eta ez ditu ahaleginak bikoiztu nahi edo beste erakunde batzuek euskal enpresen alde egiten duten lana estali, hala nola Merkataritza Ganberek edo ICEXek.
Basque Country Expertise programaren adibideak
Txile. SPRI lankidetzan ari da Txileko erakundeekin laguntza teknikoko eta know-how eta metodologiak transferitzeko proiektuetan, lehiakortasuneko politika publikoekin eta eskualdeko berrikuntza-sistemekin loturiko esparruetan.
Europar Batasunaren funtsekin eta Bidasoa Activarekin eta Tecnaliarekin lankidetzan garaturiko proiektu batean parte hartu du SPRIk, Lehiakortasun eta Berrikuntzako Ibilbideen SPRIren metodologia Aricako eta Parinacotako eskualdera transferitzeko.
Lankidetza horren fruitu, Euskadik Txileko bi ordezkaritza instituzional eta enpresarialen bisita jaso du jada, helburutzat zientzia, teknologia eta berrikuntzarako euskal sistema ezagutzea eta euskal enpresa eta erakundeekin lankidetza-alor gehigarriak identifikatzea zutenak.
Bigarren bisitaldian Lankidetzarako Esparru Akordioa sinatu dute SPRIk eta Txileko Gobernuaren Eskualde eta Administrazio Idazkaritzaordeak (SUBDERE), SPRIrekin lankidetza-esparrua instituzionalizatzeko eta Txileko eskualdeetan zabaltzeko baliagarri izan dena.
Urbe 2050. Hedadura handiko lankidetza publiko-pribaturako plataforma bat garatzeko ekimena. Horri jarraiki, euskal enpresa, unibertsitate eta erakundeek elkarlanean dihardute beste enpresa eta erakunde batzuekin, gorako bidean dauden hiri iraunkorrak garatzeko, nazioarteko proiektuen —BIDen “Gorako bidean dauden HIri Iraunkorrak” programa, adibidez— esparruan.
URBE 2050 plataformaren helburua erakunde eta enpresen nazioarteko lankidetza sustatzea da, hiri-garapen iraunkorra bultzatzeko eta udalerri eta hiriak biziberritzeko, bakoitzaren arazo espezifikorako konponbide bizkor eta malguak eskainiz.
URBE 2050 “Bottom up” plataforma bat da, Eusko Jaurlaritzak koordinaturik hiri iraunkorren garapenean inplikatutako agente guztiak biltzen dituena, hala nola: udalak, klusterrak (ingurumena, energia, eraikuntza, logistika eta garraioak eta abar), zentro teknologikoak, unibertsitateak, hiri-garapeneko toki-erakundeak, zerbitzu aurreratuen enpresak, arkitektura-estudioak industria-enpresak eta abar.
URBE 2050 plataforma 2012ko martxoan aurkeztu zen Montevideon, Bilboko Udalarekin batera, BIDen Urteko Batzarraren osoko bilkuran, eta aurkezpen horren haritik, maiatzaren amaieran, BIDeko “Gorako bidean dauden Hiri Iraunkorrak” programaren zenbait ordezkari Euskadin egon ziren, euskal enpresek eta erakundeek eremu horietan dituzten gaitasunak bertatik bertara ezagutzeko.
Brasil. Maiatzaren hasieran, Paraná (Brasil) Estatuko zenbait ordezkari, Zientzia eta Teknologiako estatu-idazkaria buruan, egindako bisitaldiaren ondoren, TECPAR Paranáko Institutu Teknologikoak eta SPRI-EEEk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten sare elektriko adimendunak garatzeko, eta, horrela, kontsumo-kontagailu tradizionalen ordez beste kontagailu digital batzuk ezartzeko. Kontagailu berriek informazio zehatza eta xehea emango dute denbora errealean, kontsumoen, sare-kargen eta gorabeheren inguruan, eta horri esker gero eta konplexuagoa den sarea hobeto kudeatzeko aukera izango da, baita, aldi berean, erantzuteko eta matxurak konpontzeko denborak murrizteko aukera ere. Datu horiek eskura, kontsumitzaileak ere bere fakturan aurrezteko aukera izango du.
Bisitaldi horren esparruan, Paranáko agintariak Smart Grids proiektuetan parte hartzen ari diren zenbait euskal enpresarekin (Iberdrola, Arteche, Ingeteam, ZIV, Ormazabal) eta Tecnalia eta IK4 plataforma teknologikoekin bildu ziren. Aipatzekoa da bisitatutako euskal enpresetako bat Brasilen ezarria dagoela, eta zehazkiago Paraná Estatuan .
Horren ondorioz, Paranáko Gobernuak Smart Grids Paraná ekimena martxan jartzeko erabakia hartu du, Bidelek euskal ereduan oinarrituta, eta horretarako oinarrizko ingeniaritza-proiektu bat gauzatuko dute. Ildo horretan, irailean, zenbait euskal enpresaren ordezkariak, Eusko Jaurlaritza buruan, Paranára (Brasil) joango dira, haien egoera, eta, zehazkiago, Kosta Berdea proiektua, bertatik bertara ezagutzeko.
Europar Batasunak Brasilen duen Ordezkaritzaren komunikazio baten haritik sortu da proiektua. Horren bitartez jakinarazi ziguten Paranáko Estatuak euskal esperientziaren berri izan nahi zuela, sare elektriko adimendunen, eta zehazkiago Bidelek proiektuaren garapenari dagokionez.