Elebidun ezkerti eta eskuinen garunek berdin jarduten al dute?

Gipuzkoa

BCBL hitz egiteko eta hizkuntza ulertzeko darabilgun neurona-sarea aztertzea xede duen ikerkuntza abian jarri du

Sare honen atal nagusia ezker-hemisferioan kokatua egotea da ohikoena, lateralizazio deritzoguna

Donostiako zentroa, ikerlana aurrera eraman ahal izateko, 18 eta 36 urte bitarteko euskaraz eta gaztelaniaz dakiten elebidun ezkertiak behar ditu

Brendan1Berba egiteko eta ulertzeko gaitasuna ematen digun neurona-sareak nola funtzionatzen du ezkertien kasuan? Jende gehienak hizkuntza estimuluak prozesatzeaz arduratzen den sarearen atal nagusia ezker-hemisferioan dauka. Pertsona ezkerti elebidunetan ere hala al da?

Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroko ikerlariek hauek eta beste zenbait galderaren erantzunak lortu nahi dituzte «Multi-Lateral» ikerlanaren bitartez, Human Brain Project Europako makroproiektuaren ikerkuntza-lerroetako bat dena. Azken hau 2013an abian jarri zen garunaren ezagupenetan sakontzeko helburuz.

Zehatzago esanda, euskal zentroko ikerlari-taldeak hizkuntza estimuluak prozesatzeko arduraduna den neurona-sarea errotik ikertuko du hainbat pertsonetan. BCBLko ikertzaileek diotenez, pertsona gehienetan sare honen atal nagusia ezker-hemisferioan badago ere, baliteke hizkuntza bat baino gehiagoren jabetzeak edota ezkerti ala eskuina izateak lateralizazioan, burmuinaren antolakuntza abiaburuan alegia, eragina izatea.

Garun lateralizazioa dela eta, hemisferio berean zenbait funtzio taldeka kokaturik daude. Lateralizazio eza, hizkuntzaren gaitasun maila baxua izateko eta hizkuntza nahasmenduak, dislexia, autismoa, eskizofrenia edo beste nahasmendu neurokognitiboren bat jasateko sentikortasun handiagoarekin lotzen dute.

Elebidun ezkertien bila

BCBL 18 eta 36 urte bitarteko euskaraz eta gaztelaniaz dakiten elebidunen garunetan, 100 ezkerti eta 100 eskuin, murgilduko da bion garunaren egitura eta funtzionatzeko era aztertzeko eta garuna zein hizkuntzaren lateralizazioa bietan berdina denentz ikustearren.

Helburua erdiesteko, Donostiako zentroak ezaugarri hauek betetzen dituzten boluntario ezkertien partaidetza behar du, erresonantzia magnetikoaz baliaturiko ikerlanean parte hartzeko prest daudenak. Esku hartu nahi baduzu, zentroarekin harremanetan jar zaitez 943 309 300 (500 luzapena) telefono zenbakian, j.izurieta@bcbl.eu helbide elektronikora idatziz edo Miramongo Parke Teknologikoan dagoen BCBLra gerturatuz.

Human Brain Project-en inguruan

Human Brain Project Europako zientzia-ekimen garrantzitsuenetariko bat da. 2013an martxan jarritako makroproiektuak hamar urteko iraupena izango du eta mila milioi euro inguruko aurrekontua du. 24 herrialdetako 112 erakunde (horietariko 9 Estatukoak izanik) elkarlanean ari dira, giza burmuinaren gaineko ezagutzetan sakonduz, egun komunitate zientifikoak duen erronka nagusietako bat.

Ekimenaren helburu orokorrak hauexek dira: giza burmuinaren inguruko informazioa azkartu, garunaren nahasmenduen definizio zein diagnostikoetan aurrera egin eta organo honen funtzionamendua simulatzeko gai diren gailu konputazionalak sortzea.

2015 urte amaieran jazo zen BCBLren bateratzea Human Brain Project-ean. Euskal zentroa Max Planck Psikolinguistika Institutu holandarrarekin eta Burdeoseko (Frantzia) Victor Segalen Unibertsitatearekin elkarlanean arituko da hurrengo hiru urteetan «Multi-Lateral» deritzon ikerkuntza-lerroan, garunaren lateralizazioaren alorra landuz.

BCBL-ren inguruan

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian kokatuta dagoen zentro honek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu Euskadin zientzia eta ikerketa sustatze aldera. BCBL BERC (Basque Excellence Research Center) zentroetako bat da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) barruan dago eta Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Aldundia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu kide.

Partekatu

Beste berri batzuk