Elebitasunarekin bueltaka, narriadura kognitiboaren aurkako babesa al dakar?
BCBLk ikerketa bat gidatzen du hainbat hizkuntza jakiteak garunaren funtzio betearazleak hobetzen dituen eta adinak edo neurodegenerazio-gaixotasunek eragindako narriaduratik babesteko balio dezakeen frogatzeko
Ikerketaren berritasun nagusia aldagai askotan oinarritutako ikuspegia da, parte-hartzaileek hezkuntza-maila desberdinak izango baitituzte eta zailtasun-maila desberdineko ikusmen- eta entzumen-ariketei aurre egin beharko diete
Ikerketa burutzeko, zentro donostiarrak 60 eta 80 urte arteko boluntarioak behar ditu; elebakarrak gaztelanian eta elebidunak gaztelanian eta euskaran
Garuneko funtzio betearazleak, hala nola erabakiak hartzea, lan-memoria edo plangintza, ezinbestekoak dira eguneroko oinarrizko zereginak egiteko; baina, denboraren poderioz okerrera egiten dute nabarmen. Fenomeno hori gaizkiagotu egiten da neurodegenerazio-gaixotasunen bat duten pertsonengan. Horregatik, gaitasun kognitiboen narriadura murriztu dezaketen eragileak identifikatzea funtsezkoa da ezagutza zientifikorako eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroa azterlan baten buru da, elebitasuna garunarentzako abantaila al den eta zahartzeak edo neurodegenerazio-gaixotasunek ekarritako eragin negatiboen aurrean babesa gisa balio dezakeen egiaztatzeko.
Ikerketaren berritasun nagusia da, elebitasunari buruzko aurretiko beste ikerketa batzuekin alderatuta, aldagai anitzen azterketan oinarritzen den ikuspegitik abiatzen dela. Hau da, parte-hartzaileek zailtasun maila anitzeko ariketei egin beharko diete aurre eta bai soinu-iturri, bai ikusmen-iturrietatik jasoko dituzte estimuluak.
Gainera, azterlanean parte hartuko duten pertsonek heziketa akademikoko maila ezberdinak izango dituzte eta askotariko jarduera profesionalak, hainbat maila, prestakuntza eta zailtasun teknikoko lanbideak barne. Hala, helburua da aintzat hartzea funtzio kognitiboak aldatu ditzaketen aldagai guztiak, emaitzen sendotasuna handitzeko.
“Azken urteetan elebitasunari buruzko azterlanek azaldu dute bi joera daudela, itxuraz kontraesankorrak. Batetik, 2005 eta 2015 artean egindako ikerketek ondorioztatu zuten hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantaila kognitiboak zekartzala. Geroagoko ikerketa batzuek, ordea, adierazi dute ez dagoela desberdintasunik garun elebidun eta garun elebakarren artean. Gure hipotesia da kontraesan horiek zenbait aldagai kontuan hartu ez izanaren ondorio direla. Gure asmoa da ikerketak egoera argitzea probetan ariketen zailtasuna, estimulu mota eta partaideen heziketa bezalako aldagaiak sartuz” zehaztu du Jesus Cesponek, ikerketaren arduradunak.
Adituaren arabera, ikerketa batzuetan elebakarren eta elebidunen artean desberdintasunik ez aurkitu izana hainbat faktoreren ondorio izan daiteke: partaideek egindako ariketa kognitiboak oso errazak izatea edo haien kultura-maila oso altua izatea –eta hezkuntza-baliabide horrek nolabaiteko konpentsazioa sortu dezake kognizio-narriaduraren aurrean– .
Cesponek analogía baten bitartez azaldu du: “Futbolean jokatzen duen pertsona batek pertsona sedentario batek baino baldintza fisiko hobeak ditu, baina bere egoera fisikoa ez da saskibaloian jokatzen duen pertsona batena baino hobea izan behar. Proba fisiko bat egingo balute, seguraski arazorik gabe egingo lukete biek. Horrek ez du esan nahi futbolean jokatzeak ez duela onurarik organismoan, futbola ez dela sasoian egoteko era bakarra baizik. Era berean, heziketa handiko pertsona elebakarrak alderatzen baditugu heziketa gutxiagoko pertsona elebidunekin, baliteke ez aurkitzea desberdintasunik; baina horrek ez du esan nahi elebitasunak abantailarik ez dakarrenik, egon badaudela beste entrenamendu batzuk garunarentzat onuragarriak direnak baizik. Gure helburua da aldagai guztiak barne hartzea elebitasunak benetan abantaila kognitiborik dakarren determinatzeko”.
Bulkada elektrikoen laguntzaz
Proba ugari egiteaz eta partaideen ezaugarrien aniztasunaz gain, BCBLko ikerketaren beste bereizgarri bat da garuneko aktibitate elektrikoa erregistratzeko teknika bat erabiliko duela elektroentzefalografiaren (EEG) bitartez.
“Sistema horrek informazio askoz ere sensibleagoa sentikorragoa? ematen digu portaera-azterketaren bidez lortzen duguna baino, garuneko aktibitate elektrikoaren zuzeneko neurketak baitira. EEGak aukera emango digu portaera-neurrien azterketan hauteman ezin ditugun aldaketak edo desberdintasunak detektatzeko” arrazoitu du ikertzaileak.
Ikerketa gauzatzeko, BCBLko adituek 60 eta 80 urte arteko 160 boluntario bildu behar dituzte, elebakarrak gaztelanian eta elebidunak euskaran eta gaztelanian. Irizpide horiek betetzen dituzten eta parte hartu nahi duten pertsonak zentroarekin harremanetan jarri daitezke 943 30 93 00 telefonoaren bidez, participa@bcbl.eu emailaren bidez edo 664 424 461 zenbakira Whatsappa bidaliz.