Elektronikan diharduten hainbat enpresa argentinarrek eta euskaldunek harremanak sendotu dituzte elkarrekin proiektu teknologikoei ekiteko
• Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean egindako jardunaldian, sektore elektronikoan diharduten Argentinako hegoaldeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat enpresek parte hartu dute, sektoreak eskaintzen dizkien lankidetza teknologikorako aukerak aztertzeko helburuarekin.
• IK4k antolatutako ekimenean, enpresak aurkeztu ez ezik, aldebiko topaketak ere egin dira.
• Argentinako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Produktiboko Ministerioaren (MINCYT) ordezkari batek parte hartu du, eta GAIA-EIKT Klusterraren lankidetza izan dute.
GAIKER-IK4ko auditoriumean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, jardunaldi bat egin da elektronikaren sektorean diharduten Argentinako hegoaldeko enpresen –Tecnópolis Sur parkean kokatuak– eta Euskadiko enpresen –Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioetako Euskal Klusterraren kideak (GAIA-EIKT Klusterra)– arteko harremanak sendotzeko.
Topaketaren helburua izan da elektronikaren sektoreetan, nola Argentinan hala Euskadin, lankidetza teknologikorako dauden aukerak aztertzea. Horretarako, enpresak aurkeztu ez ezik, aldebiko topaketak ere egin dira eremuotako konpainien artean. Amaieran, parte hartzaileak pozik agertu dira izandako hartu-emanarekin: “Eskualde bakoitzean sektoreak duen egoera ezagutzeko aukera izan dugu; ziur gaude, etorkizunean, elkarlaneko proiektuei ekin ahal izango diegula, garrantzitsua den aurreneko urrats honen ondoren”.
Misioan eta gaur goizeko jardunaldian parte hartu duten enpresa argentinarrak hauek dira: PENTA (metal-detektagailuen eta igarotze-kontrolagailuen fabrikazioan espezialista); DAI CHI (zirkuitu inprimatuen ekoizpena); EYCON (nekazaritza eta abeltzaintzako negozioentzako softwarearen garapena), ACUMINE (teknologia elektronikoko produktuak esportatzeko ekoizpena); ARSULTRA (teknologia aeroespazial eta industrialaren garapena); eta INTECBA ARGENTINA (ontzigintzako elektronika eta elektrizitate-zerbitzuak).
Horiek guztiak Tecnópolis del Sur elkarlaneko partzuergo publiko pribatu argentinarraren barruan daude; eta bertan ezarriko da herrialde horretako lehen parke zientifiko eta teknologikoa.
Bestalde, hauek dira GAIAko kide diren eta topaketan parte hartu duten euskal enpresak: CEIT-IK4 (Ikasketa eta Ikerkuntza Teknikoen Zentroa); Serigrafía Álava (teknologia aurreratuko produktuak); Virtualware (murgiltze- eta interakzio-teknologietan espezialista) eta Sisteplant (ekoizpen-prozesuak optimizatzeko eta mantentze-lanak kudeatzeko soluzioak).
Euskadiko elektronikaren sektoreari buruz
Elektronikaren sektoreari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan, 75 enpresa biltzen dira GAIA-EIKT Klusterrean.
Konpainia horiek, iaz, 1.630 milioi euro fakturatu zituzten, eta, handienen kasuan, 2014ko aurreikuspenek % 6ko hazkundea iragartzen dute.