Elikadura-joeren behatzaileen lehenengo komunitate globalerako oinarriak finkatu ditu AZTIk

Bizkaia

  • Isabel Hormaeche (Hong Kong), Helena Vaello (Madril) eta Beatriz Sánchez (Denver) dira Interneteko lehiaketaren irabazleak.
  • Parte-hartzaileek ekarpenak egin dituzte produktu berri, kontsumo-modu eta joerei dagokienez eta ekarpenok AZTI-Tecnaliak identifikatu dituen elikadura-joerei gehituko zaizkie.
  • Elikaduraren sektorearekin loturiko hainbat eragile eta komunikatzaileez osatutako epaimahaiak ebaluatu ditu jasotako 350 behaketa baino gehiago.
  • Kontsumo-joerak ezagutzearekin batera, zentro teknologikoaren apustua sendotzen da, etorkizuneko kontsumitzaileen eskariei aurre hartze eta elikagaien industriarako soluzioak eskaintze aldera.
  • Hiru irabazleek urrian egonaldi batez gozatu ahalko dute Euskadin Basquetour-Euskadiren eskutik eta bertan elikadura eta gastronomiarekin loturiko esperientzia turistiko nahiz ikaskuntzakoa biziko dute.

Isabel Hormaeche (Hong Kongen kokatutako telebista-produktorea), Helena Vaello (Madrilgo aholkulari gastronomikoa) eta Beatriz Sánchez (Denverren, AEBetan, kokatutako elikagai-teknologoa eta enologoa) dira “elikagai-behatzaileen” nazioarteko komunitatearen aurreneko kideak. Komunitatea eraikitze bidean dago, THE FOOD MIRROR GAME (www.thefoodmirror.com) erronkaren hiru faseak arrakastaz gainditu ondoren. Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) finantzaketarekin eta Basquetour-Euskadiren lankidetzarekin, AZTI-Tecnaliak –itsas- eta elikagai-ikerketan espezialista den zentro teknologikoa– urtarrilean ekin zion ekimenari, elikaduraren esparruko behatzaileen aurreneko komunitate globala sortzeko helburuarekin.

Finalera heldu aurretik, irabazleek hiru fase gainditu behar izan dituzte. Lehendabiziko etapan produktu, zerbitzu edo ekimen bat aurkeztu behar zuten, aldez aurretik AZTI-Tecnaliak hautemandako zortzi elikadura-joerei –EATendencias izenekoak– erantzuteko. Bigarren fasea elikaduraren esparruko joera berriak detektatzean zetzan. Hirugarrenean, aurkeztutakoek euren komunikazio-gaitasunak erakutsi behar zituzten, bai eta ekimenean izandako parte-hartzea ere. Horretarako, bideo batean azaldu zituzten The Food Mirror nazioarteko taldeko kide izateko motibazio pertsonalak. AZTI-Tecnaliako ikertzaileez gain, ondokoen ordezkariek ere osatu dute epaimahaia: FIAB (Elikagai eta Edarien Industrien Espainiako Federazioa), Basque Culinary Center, FECYT (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa), Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa, Cluster Food+i, TrendLab eta 100 Montaditos enpresak, eta Gastroeconomy hedatzailea.

Proiektuaren sustatzaileek oso positiboki baloratu dituzte bai partaidetza bai lortutako emaitzak: 500 erabiltzaile baino gehiagok eman du izena plataforman eta 350 behaketa baino gehiago gauzatu dira munduko txoko guztietatik jasotako irudi eta bideoen bidez. Gainera, jokoak behaketa nahiz reportingerako hainbat metodologia aztertzeko aukera eman du komunikabide sozialen bidez. THE FOOD MIRROR GAME jokoan jasotako ekarpenak laster jakinaraziko dira proiektuaren webgunean: www.thefoodmirror.com.

AZTI-Tecnaliaren ekimen horrek merkatu-ikerketaren zein kontsumitzaile globalaren inguruko lan-ildoa sendotuko du. Hala, elikagai-enpresek aukera izango dute, batetik, kontsumitzaileen eskariei aurre hartzeko eta, bestetik, elikagaien eta gastronomiaren sektorean negozio-aukerak eta merkatu-nitxoak behar baino lehen detektatzeko.

Hiru finalistek jasoko duten saria astebeteko egonaldia izango da Euskadin, gastu guztiak ordainduta. Bertan elikadura eta gastronomiarekin loturiko esperientzia turistiko nahiz ikaskuntzakoa biziko dute hainbat ikuspuntutatik: ikerketa, berrikuntza, gastronomia, bertako produktuak, turismoa eta euskal kultura. Turismoaren Euskal Agentzia den Basquetour-Euskadik sustatzen duen sari horrek turismoan eta gastronomian jarduten diren hainbat eragileren lankidetza ere badu.

Elikagai-behatzaileen aurreneko komunitate globala

“Elikagai-behatzaileen” aurreneko komunitate globala sortu ez ezik, “The Food Mirror” proiektuaren helburua etorkizuneko kontsumitzaileen eskariei aurre hartzea eta elikagaien eta gastronomiaren sektorean negozio-aukerak eta merkatu-nitxoak behar baino lehen detektatzea ere bada. Horri esker AZTI-Tecnaliak elikagaien industriarako soluzioak eta proposamenak garatu egin ditzake. Proiektuaren azken hartzailea gizartea bere osotasunean izango da, gizarteak izango baititu eskura elikaduraren esparruan dauden beharrak asetzeko produktu eta zerbitzu berriak.

AZTI-Tecnaliako Elikagai Ikerketarako Unitateko Joera eta Berrikuntza Behatokiak 2010ean ekin zion merkatu-ikerketarako estrategiari elikaduraren esparruan eta “The Food Mirror” proiektuak aipatu estrategia osatzen du. Izan ere, proiektuak ikerketarako eremu geografikoa zabaltzeko aukera ematen du eta aldi berean elikagai-berrikuntzan interesa duten mundu osoko pertsonekin –direla profesionalak, direla ikertzaileak nahiz kontsumitzaile izaki konpromisoa hartu duten herritarrak– kontaktuan hasteko balio du.

Elikaduraren sektoreko beharrekin zerikusia duten ikerketa-proiektuetan jardungo da “elikagai-behatzaileen” nazioarteko komunitatea eta balio altuko informazioa emango du. Ondoren, AZTI-Tecnaliako Joera eta Berrikuntza Behatokiak informazio hori prozesatuko du eta elikadura-enpresei helaraziko die berrikuntzarako inspirazio-iturri gisa.

Etorkizuneko elikadura

Momentura arte zortzi dira hautemandako elikadura-joerak –EATendencias–, ondoren laburbiltzen direnak:

1. “Food Telling”. Mezua duten elikagaiak. Informazio-eskari garden, erakargarri eta hurbilari erantzuten dio. Kontsumitzailearen eta berak kontsumitzen duenaren arteko lotura ezartzen du eta elikagaiei identitate eta benetakotasun gehiago ematen die.

2. “SuperSense”. Esperientzia multisentsoriala. Zentzumenei eragitea du xede eta esperientzia sentsorial original, atsegingarri, bizi eta osoa sortzen du.

3. “Slowcal”. Elikagai-kontsumoak eremu pertsonalean, sozialean, ekonomikoan eta ingurumenean duen eraginaren gainean kontzientzia handiagoa izatea dakar berekin eta, beraz, erantzukizun handiagoa. Kalitatezko kontsumoa bilatzen du, non gozamena, oreka, iraunkortasuna eta hurbilekoa gailentzen diren.

4. “Here & Now”. Hemen eta orain. Bizimodua errazten die osasuna, malgutasuna, denboraren optimizazioa eta euren beharrak edozein une eta lekutan berehala asetzeko premia duten nomada hiritarrei.

5. “Eater_tainment”. Elikadura-esperientzia. Barkaberatasuna eta autoatsegina biltzen ditu, norbanakoen behar emozionalekin lotura duten esperientzia gogoangarrien bidez. Abenturak, dibertsioak, sorpresak eta entretenimenduak balio erantsia ematen diote produktuari, esperientzian oinarrituta.

6. “MadeSimple”. Erraztu iezadazu. Erosketa eta kontsumo adimenduna ahalbidetzen duten soluzio malguen eskariari dagokio, ahalik eta denbora gutxienean aukerarik onena egiteko. Bai produktuarekin bai erosketa- eta kontsumo-prozesuarekin loturik dago, kontsumitzaileei bizimodua sinplifikatu eta errazten dieten zerbitzu nahiz tresnen bidez.

7. “MyHealth”. Osasun pertsonalizatua. Norberaren ongizatea eta osasuna sustatzeko, prebentziorako, zaintzeko eta monitorizatzeko jarrera proaktibo eta arduratsuaren adierazle da. Norberaren beharretara egokitutako elikadura du xede, oreka fisiko, mental eta emozionala lortze aldera.

8. “EgoFood”. Elikadura-adierazpena. Identitatearen (indibidualki edo talde baten barruan) adierazpenarekin loturik dago eta asko kontsumitzen diren produktuetan norberaren nahiak, baloreak edo helburuak “pertsonifikatzen” ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk