Elikaduraren, Ingurumenaren eta Mugikortasunearen euskal klusterrek bat egin dute, Gipuzkoan elikadura banaketa eredu jasangarriagoak sustatzeko

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz-Misioak 2022 programako diru-laguntzen lerroan sustatu eta finantzatutako FOODELIVERY proiektuaren bidez, emisioak murriztuko eta herritarrak kontzientziatuko dituzten eredu berriak diseinatuko dituzte

Elikaduraren (BASQUE FOOD CLUSTER), Ingurumenaren (ACLIMA-Basque Environment Cluster) eta Mugikortasun eta Logistikaren euskal klusterrek FOODELIVERY jarri dute abian, Gipuzkoan elikagaiak banatzeko eredu jasangarriak identifikatu eta sustatu nahi dituen lankidetza-proiektua. BASQUE FOOD CLUSTERek sustatu eta gidatutako proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa du, Etorkizuna Eraikiz-Misioak 2022 programaren bidez.

FOODELIVERYren bidez, elikagaiak banatzeko eredu desberdinen ingurumen-inpaktua aztertu eta dimentsionatu nahi da, ekoizleetatik, enpresa eraldatzaileetatik edo retailerretatik (supermerkatu eta hipermerkatu kateak, batez ere) bertatik. 2030 Agendari begira, proiektuak egungo banaketa-ereduek etorkizunean izan dezaketen eragina neurtzeko aukera emango du, faktore hauek kontuan hartuta: biztanleriaren zahartzea, tokiko produktuaren aldeko lehentasuna, operadoreen kontzentrazioa edo merkataritza digitalaren hedapena.

Ekimenaren helburua CO2 emisioak murriztuko dituzten banaketa-sistemak elkarrekin diseinatzea da, bai eta herritarrenganako komunikazio-ereduak ere, horren inguruan kontzientziazio handiagoa izan dezaten, ingurumena eta ingurunea gehien errespetatzen dituzten aukerak lehenetsiz. Hori guztia eragile nagusiak inplikatuz: gizartea, ekoizleak, enpresa eraldatzaileak eta retailerrak.

Sektore anitzeko proiektu honek Euskadiko elikaduraren, mugikortasunaren eta logistikaren eta ingurumenaren sektoreetako 330 enpresa baino gehiago ordezkatzen dituzten hiru klusterren arteko lankidetza eskatzen du. Gainera, ikerketan egindako aurrerapenak egiaztatzeaz arduratuko diren herritarrekiko elkarrizketa sustatzen du. Horrela, mugikortasun-eredu jasangarriagoetarako trantsizioaren parte aktiboa den elikadura-kate eraginkorragorantz aurrera egin nahi da.

Gizarte-aldaketetara egokitutako banaketa-eredu berriak

Teknologia berrien gorakadak, klimaren krisiak, pandemiak eta bizitzeko era berriek behar eta lehentasun berriak ekarri dituzte elikadura-produktuak eskuratzeko orduan. Gaur egun, kontsumitzaileek aukera garrantzitsu bati egin behar diote aurre elikagaiak erosterakoan: elikagaietara heltzeko era. Horrela, elikaduraren balio-kateko enpresek lehentasun berri horiek aztertu eta ikertu behar dituzte, lehiakor izaten jarraitzeko haietara egokitzeko aukera emango dieten soluzio berritzaileak aurkitzeko.

Horren guztiaren ondorioz, aukera ugari sortu dira azken urteotan: e-commerce, Q-commerce bezalako komenigarritasun-eredu berriak, dark stores bezalako negozio-ereduak, Direct to Consumer salmentak e-commerce propioen bidez edo pure players bidez, edo delivery plataformekin kolaborazioak, besteak beste. Paradigma aldaketa horrek ondorio zuzenak ditu jasangarritasunaren hiru esparruetan: gizartean, ekonomian eta ingurumenean.

Horregatik guztiagatik, FOODELIVERY proiektua estrategikotzat eta ahalmen eraldatzaile handikotzat jotzen da elikadura-kate eraginkorrago eta zirkularragorantz aurrera egiteko. Kontsumitzaileen behar berrietara egokituko da, ekonomian, gizartean eta ingurumenean duten eragina alde batera utzi gabe, eta mugikortasun-eredu jasangarriagoetarako eta hirien eraldaketa adimendunerako trantsizioaren parte aktiboa izango da.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen duen Misioak 2022 programak diruz laguntzen du elikadura jasangarriaren eta mugikortasun berriaren eremuetan proiektu berritzaileen garapena. Zehazki, lankidetza- eta kooperazio-logikaren barruan gizarte-eraldaketan interes berezia duten berrikuntza- jarduerak, ikerketak edo prototipoak barne hartzen dituzten proiektuak finantzatzen ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk