Elikagaien alorreko joerak aztertzen dituzten nazioarteko hiru behatzaile Euskadin ibiliko dira, gastronomia ardatz hartuta

Bizkaia

  • The Food Mirror AZTI-Tecnaliaren asmo handiko proiektu bat da , elikagaien alorreko lehen behatzaile-komunitate globala sortzea eta indartzea helburu duena
  • Isabel Hormaeche (Hong Kong), Helena Vaello (Madril) eta Beatriz Sánchez (Denver) dira komunitate honetako lehenengo hiru kideak, eta, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, turismo enogastronomikoko esperientzia batez gozatuko dute, gaurtik urriaren 25era arte
  • Behatzaile-komunitateak elikagaien sektorearentzako aukerak identifikatzen lagunduko du, nazioarteratzearen eta berrikuntzaren alorretan, kontsumitzaileak aztertuta
  • 2014an aurkeztuko ditu zentro teknologikoak  The Food Mirror proiektuaren bidez elikagaien alorrean detektatutako joera berriak

AZTI-Tecnaliak sustatutako elikagaien alorreko behatzaile-komunitate globaleko lehen hiru kideek gaur hasiko dute ibilbidea Euskadin; astebete iraungo du bidaiak, eta euskal gastronomia izango du ardatz nagusi. Une honetan, hauek dira talde hori osatzen duten hiru pertsonak: Isabel Hormaeche (Hong Kongen bizi den telebista-produktorea), Helena Vaello (Madrilgo aholkulari gastronomikoa) eta Beatriz Sánchez (elikagaien teknologoa eta enologoa, AEBko Denverren bizi dena). The Food Mirror Game lehiaketaren irabazleak dira. Urtearen hasieran jarri zen martxan lehiaketa hori, elikagaien alorreko nazioarteko lehen behatzaile-komunitatea sortzeko helburuarekin.

Elikagai-joeren bilatzaileek Euskadiko enogastronomiari lotutako eskaintza turistikoa ezagutzeko aukera izango dute, BasqueTour-Turismoaren Euskal Agentziaren laguntzari esker. Egitarauaren barruan, bisita ugari egingo dituzte, hala nola  jatetxeetara, Arabar Errioxako upeltegietara, kontserba-enpresetara, Gernika, Ordizia eta antzeko merkatuetara, eta Euskadiko jomuga enograstronomiko nagusietara (Bilbo, Donostia eta Arabar Errioxa).  Esperientziaren berri www.thefoodmirror.com blogearen eta sare sozialen bidez segitu ahal izango da.

Helmugara iritsi aurretik, irabazleek hiru fase gainditu behar izan dituzte. Lehen etapan, AZTI-Tecnaliak aldez aurretik hautemanda zituen zortzi elikadura-joeretako (EATendencias deiturikoak) bati erantzuten zion produktu, zerbitzu edo ekimenen bat aurkeztu behar zuten. Bigarren fasean, elikaduraren esparruko joera berriak hauteman behar zituzten. Hirugarrenean, komunikatzeko gaitasuna eta ekimenarekiko atxikimendua erakutsi behar zituzten hautagaiek, bideo batean azalduz The Food Mirror-en nazioarteko taldeko parte izateko zituzten arrazoi pertsonalak.

EAEn egingo duten astebeteko egonaldiarekin amaituko da The Food Mirror proiektuaren lehen etapa. Datorren urterako, AZTI-Tecnaliak bi helburu nagusi ditu. Batetik, elikagaien alorreko joera berriak definitzea eta aurkeztea; eta, bestetik, kontsumitzailea aztertzeko zerbitzu berriak garatzea, enpresek aukera izan dezaten etorkizuneko kontsumitzaileen eskariei azkar eta eraginkortasunez aurre hartzeko.

Onlineko osagaiak berebiziko garrantzia izango du The Food Mirror proiektuaren garapenean, gune bat egongo baita non elikagaien industriaren eta kontsumitzaile, behatzaile eta ikertzaileen arteko interakzioa sustatuko baita. Elikagaien alorreko joerak errazago detektatzen laguntzeko, 2014aren hasieran, smartphone eta tabletetarako aplikazio bat kaleratuko da, behatzaile-komunitatea zabaltzeko eta haien aurkikuntzak errazago ikusteko eta transmititzeko. Gaur egun, AZTI-Tecnaliak 500 behatzaile baino gehiago ditu erregistratuak bere datu-basean, eta horiek guztiek The Food Mirror Game lehiaketan parte hartu zuten. Pertsona horiek munduko txoko guztietako 350 argazki eta bideo jarri dituzte.

AZTI-Tecnaliak The Food Mirror proiektua enpresa- eta gizarte-ikuspegitik planteatu du. Batetik, negozio-aukerak eta merkatu-hobiak goiz detektatzea eta elikagaien industria berritzen eta nazioarteratzen laguntzea du helburu. Eta, bestetik, helburu soziala ere badu; izan ere, zentro teknologikoak, kontsumitzaileekin batera, elikagaien I+G+b garatzen eta sustatzen lagunduko du.

Etorkizuneko elikagaiak

2010ean AZTI-Tecnaliako Elikagaien Ikerketa Unitatearen Joera eta Berrikuntza Behatokiak martxan jarritako merkatuaren eta kontsumitzaileen ikerketa-estrategia osatzen du The Food Mirror proiektuak. Proiektu horren barruan, etorkizuneko elikagaiak sortzeko elementu nagusi izango da behatzaileen nazioarteko komunitatea,  elikagaien industriarekin eta AZTI-Tecnaliarekin batera.

Kontsumitzaileen azterketa eta kontsumo-joerak dira The Food Mirror proiektuaren lan-ardatz nagusiak. Joerak kontsumitzaileen behar, motibazio, eta lehentasunen eboluzio naturalarekin daude lotuta, eta, beraz, haiek kontsumitzean duten jarrerari eragiten diote. Horregatik da hain garrantzitsua joera horiek guztiak identifikatzea eta aztertzea. Gainera, aukera ematen dute kontsumitzaile-talde berriak detektatzeko eta bereizteko, eta produktu berriak diseinatzeko edo daudenak berritzeko inspirazio-iturri dira.

Horrelako merkatu-ikerketen garrantzia estrategikoa dela eta, AZTI-Tecnalia coolhunting (joera-bilaketa) metodologiarekin hasi zen lanean duela hiru urte, elikagaien alorrean eragina duten joerak identifikatzeko eta aztertzeko. Horren ondorioz, zentro teknologikoan EATendencias deritzona sortu zen. The Food Mirror proiektuak aukera ematen du ikerketa-ildo hau sendotzeko, lehiaketan jasotako behaketak AZTI-Tecnaliako Joera eta Berrikuntzen Behatokian garatzen den lanari batzen baitzaizkio. Halaber, The Food Mirror proiektuak aukera emango du aurrez identifikatutako EATendenciasen bilakaera aztertzeko, baita joera berriak eta horiei lotutako berrikuntzak aurkitzeko ere.

Partekatu

Beste berri batzuk