Elkarrizketa: Anna Llanes Pallàs dk. CIC biomaGUNEko kudeatzailea
CIC biomaGUNE irabazi-asmorik gabeko ikerketa-erakundea da; Euskadin maila altuenetan zientzia-ikerketa eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko sortu zen, BioBasqueren politikari jarraikiz, biozientzietan oinarritzen den enpresa-sektore berria sortzeko. Zentroa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) eta Basque Research and Technology Alliancen (BRTA) barruko erakundea da. Pasa den irailetik, Anna Llanesek kudeatzaile-kargua betetzen du
Nahiz eta karguan hilabete gutxi daramatzazun, zentroa ez da ezezaguna zuretzat. Nola labur dezakegu egiten duzun lana?
Biomaterialen diseinuan, prestaketan eta karakterizazioan dihardugu, prozesu biologikoak aztertzeko eta diagnostiko- eta terapia-metodoak garatzeko, pertsonen bizi-kalitatea eta gure inguruneko ekonomia hobetzeko. Gaur egun CIC biomaGUNEn garatzen ditugun zenbait ikerketa-ildo aplikazio biomediko potentzialen bidez funtzionalizatutako nanomaterialen garapenean oinarritzen dira, dela zenbait gaixotasun –besteak beste minbizia eta gaixotasun infekziosoak, iskemia edo gaixotasun neurodegeneratiboak, esaterako Alzheimerra eta Parkinsona–, dela lesio traumatikoak –besteak beste orno-muineko lesioak– aztertzeko agente diagnostiko eta terapeutiko gisa; horretarako, irudi bidezko zenbait teknika konbinatzen ditu, bai in vitro, bai in vivo. Proiektu handi horretarako, CIC biomaGUNEk abangoardiako azpiegitura bat du, eta hark Irudi Molekularraren eta Funtzionalaren Plataforma du, Estatu mailan parekorik ez duen instalazio zientifiko-teknikoa (ICTSen mapan jaso da) eta Europan erreferentziazkoa irudi aurreklinikoko eremuan. Plataforma horrek partikula-azeleragailu ahalmenduna du, ziklotroi izenekoa (zenbait eremutan, besteak beste onkologian edo neurologian aplikatutako kontrasteko agenteen garapenerako edo erradiofarmakoen fabrikaziorako aukera ematen du), bai eta erresonantzia magnetikoaren bidezko bi irudi-eskaner ere; haien bidez, hiru dimentsioko irudiak egin daitezke, organismoen anatomia eta funtzionamendua bereizmen-maila oso handian eta kontraste bikainarekin ikusarazteko, baita ehun bigunetan ere, besteak beste, garunean, bihotzean, giltzurrunetan, gibelean, giharretan…Eremu aurreklinikoan irudi bidezko teknikak konbinatzeak –guztiak dira ez-inbaditzaileak– aukera ematen du hainbat patologiaren diagnostikoan, azterlanean eta tratamenduan aurrerapen esanguratsuak egiteko.
Erreferente bilakatu zarete, bai Estatu-mailan, bai nazioarte-mailan, eta zentroko zenbait kidek hainbat sari edo aintzatespen jaso dituzte, esaterako, “María Maeztu Bikaintasun” saria…
CIC biomaGUNE nahiko zentro gaztea da; ikerketa-jarduerarekin 2006ko abenduan hasi zen. Hamahiru urte hauetan, batez besteko masa kritikoa 120 ikertzaile ingurukoa eta 13 ikerketa-taldekoa izan da; hala, zentroa erreferente bilakatu da bai Estatu-mailan, bai nazioarte-mailan biomaterialen eremuan. Zenbait lorpen izan dira, besteak beste, gure jardueraren ondorioz, hainbat ezagutza sortu da: 1.100 ikerketa-artikulu baino gehiago argitaratu dira inpaktu handiko aldizkarietan, 17 patente-eskaera eta 67 doktorego-tesi, ikerketaren nazioartekotzea nazioarteko erakunde eta organismoekiko elkarlanaren bidez, eta gure instalazioak zientzia-erkidegoari eta industria-sektoreari zabaltzea. Halaber, bi spin-off enpresa sortzen parte hartu dugu; haietako bat, Asparia Glycomics, 2016an sortu zen, eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago.
Hainbat eta hainbat ikerketa egiten dituzue; minbiziaren aurkako borroka berezia da, ezta?
Gaur egun, zenbait proiektu garatzen ari dira, zenbait minbizi-mota ulertzea, diagnostikatzea eta tratatzea helburu dutenak.
Zehazki, Liz-Marzán irakaslea buru duen eta Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC – Advanced Grant laguntza prestigiotsuari esker finantzatzen den proiektua aipa dezakegu; haren bidez, bularreko minbiziaren tumoreen hiru dimentsioko ereduak garatu nahi dira, tumore horien tratamendua aztertu ahal izateko. Lan horren zati bat Biodonostia Institutuarekin elkarlanean garatzen da.
Biodonostia Institutuarekin, DIPCekin, CEITekin eta UPV/EHUrekin elkarlanean, halaber, biriketako minbizia modu errazean, ekonomikoan eta azkar detektatzea helburu duen proiektuan parte hartzen dugu. Proiektu handi hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Osasun Sailaren ELKARTEK programak finantzatu du.
Halaber, zenbait lan garatzen ari dira minbiziaren aurkako terapien eremuetan, boro bidez neutroiak harrapatuz (BNCT), Llop doktorearen taldeak edo Moya doktorearen taldeak garatzen dituztenak bezalakoak; azken hura proiektu baten buru da Europa-mailan, eta proiektu horren helburua da oxigenoaren nanogarraiatzaileak eta terapia fotodinamikoaren bidez minbizia tratatzeko agente fotosentsibilizatzaileak garatzea. Abiatutako Asparia Glycomics spin-offak berak ere berezko teknologia bat garatzen du, minbiziaren eta beste gaixotasun autoimmune batzuen diagnostikorako eta pronostikorako.
Azkenik, zer norabide nahi duzu har dezan zentroak datozen urteotan?
CIC biomaGUNE materialek organismo biziekin duten elkarreragina ulertzen espezializatu da, bai eta diagnostiko eta terapia pertsonalizaturako tresnen garapenean ere. Gure ikerketa-programa, aldi berean, Euskadiko Biozientzia-Osasuneko Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin (RIS3) koherentea da.
Ikerketa-ildo horien kalitate zientifikoari uko egin gabe, CIC biomaGUNEko ikerketa-jarduerak biozientzien eta osasunaren eremuetako merkatura bideratutako elkarlaneko ikerketara zuzenduko dira. Gure helburu nagusia da gure aurkikuntzak ikerketa klinikora ekartzea, eta interes berezia dute biomaterialen garapenak, medikuntza onbideratzaileak eta hainbat patologiaren tratamenduak, besteak beste Alzheimerrarenak, Parkinsonarenak, iskemiarenak edo minbiziarenak.