Elkarrizketa: Begoña Goiricelaya, GAIKER Fundazioko zuzendari nagusia

Bizkaia

GAIKER Fundazioa irabazi asmorik gabeko zentro teknologikoa da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen eragilea, eta ikerketa aplikatura bideratzen du I+G+B jarduera hainbat sektore industrialetan. Zentroa 1985ean sortu zenetik, garapen teknologiko jasangarriaren eta inguruko enpresa-sare lehiakorragoaren alde egin du. Hartara, berezko teknologia zein soluzio teknologiko berritzaileak garatu ditu enpresei balio erantsia emateko, erantzukizun soziala eta eragileen arteko lankidetza ardatz hartuta.

Zentroaren ikerketak eta transferentzia-jarduerak bat datoz haren espezializazio-arloekin: material plastikoak eta konpositeak, bioteknologia eta ingurumena eta birziklapena.

1.- Zentro teknologiko izaki, zein da GAIKER-IK4ren betekizun nagusia?

IMG_2968Zentro teknologiko bat garen heinean, ezagutza transferitzea da gure misio nagusia, enpresa-sarearen lehiakortasuna hobe dadin. Horretarako, balio erantsiko proposamenen bidez, sare horren garapen teknologikoa babesten, hobetzen eta areagotzen dugu I+G+Bri esker. Esaterako, teknologia anitzeko eta sektore anitzeko proposamenak egiten ditugu jada aipatu ditugun esparru teknologikoen barruan –material plastikoak eta konpositeak, bioteknologia eta ingurumena eta birziklapena– , gure zentroak dituen gaitasunetan, ezagutzan eta eskarmentu egiaztatuan oinarrituta.

Zeregin hori aurrera eramateko, etengabeko hartu-emana eta elkarrizketa bermatzen ditugu enpresekin; hau da, ezinbestekoa da haien errealitateak, beharrak eta igurikimenak ezagutzea, haien I+G+B balio-katearen parte izatea eta soluzio teknologiko berritzaileak eskaintzea.

2.- Bestelako zerbitzuak ere ematen dituzue: aholkularitza, entseguak…

Gure jarduera nagusia I+G+Bn oinarritzen den arren, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu zentroak, hala nola analisiak eta entseguak (suarekiko erreakzioa, entsegu mekanikoak toxikologia, etab.). Horrelako jarduerak gauzatu ahal izateko, akreditazio hauek ditugu: eraikuntzako produktuak kontrolatzeko erakunde europarra (ENAC); plastikoetan entseguak egiteko eta suarekiko erreakzioak ezagutzeko entseguak egiteko akreditazioa (72/LE187) eta laborategiko jardunbide egokien ziurtapena (LJE) Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren eskutik, kosmetikoak eta sendagaiak in vitro aztertzeko. Era berean, ISO 9001:2008 ziurtapena dugu (enpresa-erregistroa: ER-0986/1998) teknologiak ikertzeko, garatzeko eta transferitzeko ondoko alorretan: material plastikoak, konpositeak, birziklapena eta balorizazio, ingurumena eta bioteknologia. Azkenik, Ingurumen Kudeaketako Ziurtapena ere badu zentroak (GA-2003/0107), ISO 14001:2004 arauaren arabera.

Ikerketan eta garapenean apustu sendoa egin dugu analisiak eta entseguak prest eduki ahal izateko. Bezeroengana, gure ezagutzaren eta eskarmentuaren hartzaileengana, heltzeko beste modu bat da, etengabeko hartu-emana bermatzekoa.

Teknologia hedatzeko, besteak beste, jardunaldiak antolatzen eta argitalpen teknologikoak plazaratzen ditugu eta kongresuetan parte-hartzen dugu. Ezagutza transferitzeko, bestalde, mintegi eta prestakuntza-saio irekiak antolatzen dira, eta hala nahi duten enpresei prestakuntza pertsonalizatua eskaintzen zaie.

Zientzia eta teknologiarekin loturiko sektore zein esparru estrategikoetan zerbitzua eta balio erantsia ematea da gure erronka. Beraz, gure jarduerak ondoko alderdiak biltzen ditu: I+G+B, aholkularitza teknologikoa, hedapena eta prestakuntza, eta, noski, analisiak eta entseguak.

3.- Zentroaren garapenari dagokionez, nolako garrantzia izan dute ezarritako aliantzek eta lankidetzek?

Aliantzak eta lankidetzak oso garrantzitsuak izan dira orain arte, eta hala izaten jarraituko dute, gure gaitasunak zein gure aliatu eta kolaboratzaileenak sustatzen dituztelako. Administrazioak, unibertsitateak edota bestelako prestakuntza-erakundeak, enpresak –bereziki patronoak– eta, nola ez, bestelako erakunde eta ikerketa-zentroak izan ditugu bidelagun azken urteotan.

Hala ere, gure inguru lehiakorraren ondorioz, antzeko ezaugarriak dituzten erakundeen artean inertziak nagusitzen dira, eta elkarlana ez da uste bezain erraza.

Alderdi hori hobetzeko beharra ikusi dugu, batez ere, gure inguruan. Izan ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak ezarritako helburuaren arabera, eragileen arteko lankidetzan eta konpromisoan oinarritu behar dugu jarduera. Batetik, uneko gaitasunak optimizatzeko, eta, bestetik, eskaintza zientifiko-teknologiko osoa eta bikaina elkarrekin osatzeko.

4.- Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duzue egoitza. Balio erantsia ematen al dizue kokapen horrek?

1993. urtetik aurrera gaude Parkean, beti uste izan dugu kokapen egokia dela gure jarduera teknologikoa gauzatzeko. Parkearen zein haren inguruaren ezaugarriak eta zerbitzuak ezin hobeak dira.

Ezin dugu ahaztu Parkean enpresa berritzaile asko daudenez, zuzen-zuzeneko harremanak ezar ditzakegula geure artean. Horrek guztiak ikusgaitasuna ematen digu, baita enpresa eta instituzioen artean nabarmentzeko aukera ere.

 Parkeak berak trakzio-efektua du inguruko enpresetan, eta, zeharka, bertan ez daudenetan ere bai. Horri esker, jendarteak pertzepzio onuragarriagoa du gure zentro teknologikoaren gainean. Parkea bera ere ikusarazten dugu gure komunikazio-jarduerei, Parkeko enpresen mesede antolatzen ditugun ekintzei eta foroetan parte hartzeari esker. Sinbiosi-harremana dela esan daiteke, erakunde biak elkarren ondoan egon baikara beti.

 

Partekatu

Beste berri batzuk