Elkarrizketa: David Montero (Bic Arabako Zuzendaria)
Bic Araba Arabako Enpresen eta Berrikuntzaren zentroa da eta Arabako Parke Teknologikoan kokatuta dago.
Sortu zenetik, ekintzaileei eta enpresei laguntzeko instalazioak eta zerbitzuak eskaintzen ditu oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileak diren enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. BIC ARABAk tresna dinamizatzaile gisa jarduten du ekoizpen-ehunera enpresa-proiektu berriak txertatzeko, betiere, proiektu horiek etorkizuneko bermeak eta bideragarritasuna izan ditzaten.
1.- BIC ARABAtik zer zerbitzu mota eskaintzen dizkiezue ekintzaile berriei?
Bereziki proposamenen bideragarritasun-azterketarekin lotutakoak eta bultzada hazkundean eta garapenean.
BICera enpresa berritzaileak martxan jartzeko asmoarekin hurbiltzen diren ia pertsona guztiek ondo kualifikatutako profil teknologikoa dute, baina orientabide komertzial eta kudeaketa-ekarpen urriarrekin. Gaitasun horiek sustatzeko eta taldeak kanpo-laguntzarekin osatzeko lan egiten dugu; batzuetan, dagoeneko finkatutako enpresen laguntza ere izan ohi dugu.
Era berean, mota horretako enpresa-proiektuek eskatzen duten finantzazio espezializaturako sarbidea ere errazten dugu. Diru-laguntzez ari gara, mailegu bigunez, baita kapitalean sartzeko tresnez ere.
Batik bat dagoeneko finkatutako enpresetan dibertsifikazioa babestuz egiten dugu lan, bai estrategian, bai proiektu zehatzetan eta spinoffetan. Intraekintzailetza eta startupen bidez zabaldutako berrikuntza gero eta interesgarriagoak dira gure enpresa handi eta ertainentzat.
Zerbitzu horiek guztiak beste erakunde eta enpresekiko elkarlanerako filosofia argiarekin eskaintzen ditugu. Enpresa berriei adierazten diegunean elkarlanean aritzeko eta hirugarrengoekin sinergiak sortzeko beharra dagoela, kontzientzia hori sortzeko garaian, eredu izaten saiatzen gara. Bermeekin hazi eta finkatu ahal izateko komenigarria izateaz gain, askotan, bizirauteko gakoa ere izan ohi da.
2.- Bideragarritasuna bermatzeko, zein da proiektuei falta ezin zaien oinarria?
Merkatua, merkatua eta merkatua. Ahalik eta azkarren jakin behar dute zein diren bezeroak, non dauden eta zein den horiengana iristeko modurik onena.
Gaur egun, “Lean Startup” edo “Crowdfunding” moduko tresnen bidez, proiektu askok merkatua lehen unetik “uki” dezakete eta beren negozio-ereduari forma eman diezaiokete askoz ere modu eraginkorragoan eta errealistagoan.
3.- Sorreratik, 1988tik, BIC ARABAtik proiektu asko pasatu dira. 80ko hamarkadatik, proiektu motak asko aldatu al dira?
Urte hauetan, BICek 300 enpresa berritzaile baino gehiagorik eta oinarri teknologikoa dutenei lagundu die. Gehienek aktibo jarraitzen dute oraindik, batzuk gure Parkean ezarrita eta finkatuta: AJL, IDEC, Praxis, Estudios GIS, Geotech,…
1988tik, bistakoa da enpresa mota horien oinarri diren teknologiek oso abiadura bizkorrean egin dutela bilakaera, baina sustatzaileen profilen kasuan ez da horrela izan; ez eta merkaturatzeari eta kudeaketari dagokionez izan duten beharrei dagokienez ere.
Urte hauetan guztietan, ekintzailetza teknologikoari babesteko tresna eta erakunde berriak agertu eta hazi dira, bai arlo publikotik, bai pribatutik; ia beti elkarlanean jardunez; hori oso positiboa da aipatutako proiektu moten garapen egokirako.
4.- Zer aholku emango zenieke berrikuntza arloetan eta teknologian ekin nahi duten pertsonei?
Produktua edo zerbitzua oso berritzailea edo teknologikoa bada ere, ona dela dakien bakarra merkatua da. Beraz, lehen egunetik, merkatuak esaten duena entzutera atera behar da. Entzute aktiboa.
Eta ona izan dadin, oinarrizko bi faktore daude. Lehenengoa: denbora. Askotan, proposamen baten arrakasta edo porrota “time-to-market”i zor zaio. Une egokiarekin asmatzea oso zaila da sektore teknologikoan. Oro har, merkatura ez da ez lehena, ez azkena iritsi behar.
Bigarrena eta garrantzitsuagoa: taldea. Diziplina anitzeko pertsonez edo gaitasunez hornitzen saiatu behar da; betiere, diziplina komertziala gailentzen da teknologikoaren aurretik. Handia edo txikia, enpresa baten balioa bertako pertsonena da.