Elkarrizketa: Fernando Quero jauna, TECNALIAko Merkatu-Zuzendaria

Bizkaia

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko erreferentziazko zentroa da Europan. Bertan, 30 nazionalitateko 1.400 adituk barne-produktu gordin bihurtzen dute teknologia, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta enpresentzako negozio-aukerak sortzeko asmo.

 2017an berrikuntzaren sari europarra jaso zuen TECNALIAk, 4.0 industriako akatsak aurreikusteko sistemari esker. NEM Solutions enpresarekin elkarlanean garatu zuen aipatutako soluzioa. Sari horrek teknologia eskualdatzeko jardunbiderik onena aitortzen du, haren eragina kontuan hartuta.

 Teknaliako merkatu-zuzendari Fernando Queroren ustez, ikerketa-zentroak hainbat ardatz ditu oinarri teknologia eraldatuz aberastasuna eta ongizatea lortzeko. Horien artean, bi hauek nabarmentzen ditu: “Alde batetik, bikaintasuna eta espezializazioa; eta, bestetik, enpresekiko hurbiltasuna, bereziki ETEekikoa”.

FERNANDO QUERO_21.- Nola laburbilduko zenuke zentroak enpresei eskaintzen dien zerbitzu sorta?

TECNALIAK zerbitzu-eskaintza zabala du enpresentzat, euren negozio-erronkaren arabera egokitua. Enpresei ematen diegun balioaren funtsa dira, besteak beste, I+G+B proiektuen lankidetza, zerbitzu teknologiko aurreratuen prestazioa eta oinarri teknologikoko negozioetan inbertsiorako aukerak bilatzea. Gure ikertzaile adituetan oinarritutako bikaintasun teknologikoaz gain, kasuan-kasuko egoerara eta enpresa bakoitzaren gaitasunetara egokitutako harreman-eredua ere jarri gura ditugu enpresen zerbitzura. Hala, babesa eskaintzen diegu hobekuntza edo eraldaketa teknologikoko prozesuan, euren produktuetan zein euren negozio-prozesuetan. “Zerbitzu sorta” honi esker, 10 langile baino gehiago dituzten euskal ETE berritzaileen kasuan, hirutik bi gurekin elkarlanean aritzen dira. Eta urtez urte ehuneko hori areagotzeko lanean dihardugu.

2.- Zeintzuk dira TECNALIAk lanean diharduen sektore nagusiak?

TECNALIAn ikerketan dihardugu eta teknologia eskualdatzen diegu hainbat industria-sektoretako enpresa askori. Teknologia zein sektore anitzetan gaude. Lehiarako abantaila handia da hori, gure bezero industrialen eskura jartzen duguna. Bazkide teknologiko bakarra bidelagun izateko aukera eskaintzen diegu, norberaren beharren araberako lankidetza-formatuaren bidez I+G+B erronkak gainditzeko. Gure proiektuak lagungarriak dira arazoak ebazteko, besteak beste, honako alor hauetan: fabrikazio aurreratua, karbono urriko energia, osasuna eta zahartzea, mundu digital eta hiperkonektatua, hiri-habitata, klima-aldaketa eta baliabideen eskasia. Azken finean, garapen ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duen guztia. Euskadiko eta haren erreferentziazko sektoreen lehentasun estrategikoekin lerrokatuta gaude erabat.

3.- Zer nolako bilakaera izan du TECNALIAren merkatuak azken hamarkadan?

2011. urtean zortzi zentro teknologikok –horietako batek 60 urte baino gehiago beteko lituzke– bat egin zutenetik, erakunde bakar gisa aritzen da TECNALIA. Horregatik, azken hamarkadan, bilakaera- nahiz egokitzapen-prozesu bikoitza bizi izan dugu: modelo operatibo berria eta krisi ekonomiko sakonaren testuingurua. Azken estatistikei erreparatzen badiegu, ikus dezakegu I+Garen alde egiten jarraitu zuten enpresek hobeto gainditu dutela krisia eta sendotuta irten direla, eta ikerketara eta garapenera bideratzen duten gastua ere areagotu dela. Baina, bestalde, I+Gn diharduten enpresa asko galdu dira berrikuntza-prozesua moteldu delako, eta, kasu askotan, jarduera behin betiko eten dute. Erronka garrantzitsua dugu aurrean: berrikuntzaren mundura enpresak erakartzen jarraitzea lehiakortasun globaleko egoera honetan. Izan ere, balio-ekarpenak markatu egiten ditu (gure industria-ehunaren) arrakasta eta diferentziazioa. Gainera, kasu askotan, enpresen gaitasun teknologikoa indartu egingo da, eta, beste batzuetan, negozio-, produktu- edo zerbitzu-modelo berriak diseinatuko dira. Horregatik, itzalez eta argiz beteriko oraina eta geroa ikusten ditugu. Industriaren eraldaketarako eragile izaki, TECNALIAk geroz eta estrategikoagoa den harreman-eredua du enpresekin, eta argitasun-iturri izaten jarraitu nahi du. Konfiantza, lankidetza eta estrategia teknologiko partekatua ardatz harturik, lehiakortasuna sustatzea dugu helburu, baliorik handiena sortzeko.

4.- Euskadiko hiru teknologia parkeetan dituzue egoitzak, zer dakar horrek TECNALIArentzat?

TECNALIAk zerbitzu globaleko bokazioa du, baina tokian toki ere jarduten du. Hiru parkeetan kokatuta egoteak hainbat abantaila dakartza, hala nola enpresa berritzaile eta kolaboratzaile zientifiko-teknologiko askoren ondoan egotea. Parkeen azpiegiturek eta zerbitzuek asko errazten digute eguneroko lana, eta, aldi berean, irudi ona zein prestigioa ematen dizkigute bai estatuan zein nazioartean. Euskadi osoa erreferentziazko ekosistema berritzailea baita nazioartean. Hori guztia ez litzateke posible izango gaur egun Euskadiko Parke Teknologikoen Saretzat ezagutzen duguna sortzearen eta garatzearen aldeko apustua egin izango ez balitz. Era berean, ekimen eta proiektu askotan aritu gara elkarlanean. Adibide bat jartzearren, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean abiarazi genuen autobus automatizatua duen lehenengo garraio-zerbitzua Estatuan. Hiru hilabetez, benetako esperientzia horri esker aurrerapen teknologiko garrantzitsuak lortu dira, eta, laster, eragin oso positiboa izango du enpresetan eta gizartean, oro har.

 

Partekatu

Beste berri batzuk