Elkarrizketa: Hugo Cuesta, TRAFAGeko salmenta-zuzendaria

Bizkaia

Trafag España konpainiak egoitza sendoa du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Nazioartean aitzindari den enpresa horrek kalitate handiko sentsoreak eta monitoreak eskaintzen ditu, gasaren presioa, tenperatura eta dentsitatea neurtzeko. Produktu estandarizatuez osatutako sorta zabala eskaintzeaz gain, Trafag-ek soluzio pertsonalizatuak garatzen ditu OEM bezeroentzako. 1942an sortua, Trafag-en egoitza nagusia Suitzan dago, eta banaketa- zein zerbitzu teknikoko sare zabala du munduko 40 herrialdetan baino gehiagotan.

1.- Suitzan eratu zen Trafag duela 75 urte baino gehiago. Orain, Bizkaian duzue egoitzetako bat. Laburbilduz, gaur egun, zer eskatzen die Trafag-ek bere bezeroei?

trafagSuitzarra da Trafag, eta Suitzan fabrikatzen du. Hortaz, gure aparatuen kalitatea dugu bereizgarri.

Familia-enpresa bat gara, eta “made in Europe” markak duen balio erantsiaren alde egin dute jabeek beti. Deslokalizazioa ekidin egin da; tokiko produkzioak ezberdintzen gaitu lehiakideen aurrean. Asian fabrikak dituzten konpainia handiagoez ari naiz.

Baina hori ez da “filosofia” kontu bat soilik. Tokiko fabrikaziori esker, hobeto kontrola ditzakegu ekoizpen- zein fabrikazio-prozesuak, hornitzaileetatik azken xehetasunera arte. Fabrikan bertan probatzen ditugu hemendik ateratzen diren produktu guztiak; beraz, kalitatearekin loturiko gorabeherak minimoak dira.

2.- Enpresaren ezaugarrietako bat arreta pertsonalizatua izan da beti…

Lehen aipatu dudan moduan, gure lehiakideak enpresa oso handiak dira, produktu sorta oso handia dutenak. Horrenbestez, bezeroarekiko arreta hurbilagoaren alde egin du Trafag-ek beti.

Produktu mota jakin batera bideratzen dugu katalogoa, eta adituak gara bezeroek eskatzen diguten horretara egokitzen. Alegia, behar dutena ematen diegu, gure lehiakide direnek eskaini ezin diezaioketena.

Izan ere, bai korporazio handiak –esaterako, ABB eta Siemens– bai kalitate handiko produktua behar duten fabrikatzaile txikiak daude gure bezeroen artean.

Trafag-en ustez, ez dago txikiegia den bezerorik, ezta handiegia den bezerorik ere. Ingeniaritza modularrari esker, ekoizpen-sistema osoa bertikalki integra daitekeenez, bezero horietako bakoitzak dituen beharretara egokitzen gara.

3.- Zein da zuen produktuen kalitateak eta zehaztasunak duten betekizuna?

Noski, Suitzan fabrikatzen dugunez, barne-mailan ditugun kalitate-estandarrak zorrotzak dira.

Gure sentsoreak sendo-sendoak dira eta egonkortasun bikaina dute epe luzera. Ondorioz, zehaztasun handia eskatzen duten aplikazioetan ere txerta ditzakegu (saiakuntza-bankuak eta -60 ºC arteko tenperaturak ere jasaten dituzten ekipoak).

Ezin ahaztu daiteke gure merkatu nagusietan, esaterako, ontzigintzan edo burdinbideen sektorean, nazioarteko arauek ezartzen dituztela eskakizunak. Guk, bestalde, homologatutako produktuen sorta zabala dugu, baina urte askotako eskarmentua ere.

4.- Urte batzuk daramatzazue Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Zer eskaintzen dizue kokapen horrek bai maila pertsonalean eta bai profesionalean ere?

Hasiera batetik Teknologia Parkean kokatzea izan zen gure apustua. Enpresa txikia gara, eta Parkeak zerbitzu bikainak eskaintzen dizkigu (bilera-gelak, catering-zerbitzuak, auditorium ezin hobea, hotelak eta jatetxeak metro gutxitara…).

Suitzako egoitza nagusian ditugun lankideek horixe bera nabarmendu dute: etorri diren guztietan harrituta geratu dira Parkeko instalazioekin.

Gainera, Euskadiko enpresa garrantzitsu batzuengandik gertu gaudenez, askoz errazagoa zaigu harremanetan jartzea bezero potentzialekin.

Bestalde, alderdi pertsonalean, beti da atseginagoa Parkeak eskaintzen duen inguru batera lanera etortzea. Landaretzaz inguratuta dago, errepide zabalak daude… Eta nire kasuan, etxetik minutu gutxira dago. Diruz ezin ordain daitekeen pribilegioa.

Partekatu

Beste berri batzuk