Enigmedia enpresa IoT gailuen zifratuan ari da lanean
Konpainia donostiarrak teknologia berezi bat garatu du sentsoreek, PLCek edo RFID irakurgailuek atzematen dituzten datuak gordetzeko
4.0 Industriak eta produkzio-prozesuei aplikaturiko teknologia berriek aukera berri ugari ireki dituzte, horregatik ari dira euskal startup asko beren negozio-eredua norabide horretara berrorientatzen. Horietako bat da Enigmedia enpresa donostiarra. 2012an sortua enpresako zuzendari nagusi Gerard Vidalen doktoretza-tesia garatzeko, hasieran audiozko komunikazioen eta bideo-konferentzien transmisio zifratuan ziharduen. Aitorpen garrantzitsuak lortu zituen, hala nola, Toribio Echevarria Saria, Emprendedor XXI Saria edota Global Excellence Awards sariketako 2016ko Gold Winner Saria.
2016ko udan 1,5 milioi euroko finantzaketa jaso zuen Alma Mundi Ventures-en eskutik. Alma Mundi Ventures venture capital bat da, zeinetan mundu mailako exekutibo garrantzitsuek parte hartzen duten, finantzaketa eta kontaktuak eskainiz aukeratutako proiektuak garatzeko. Inbertitzaile-talde hori enpresan sartu zenean, Enigmediak alde batera utzi zuen komunikazioen zifratua, eta gailuen transmisioak babesteari ekin zion, hala nola: sentsoreak, RFID irakurleak edo PLC, hau da, Gauzen Interneti (IoT) lotutako aparatuak.